Urteetan Bertsozale Elkarteak landu dituen harremanen ondorioz, nazioarteko adituak izango dira abenduaren 18an Iruñean, Nafarroa Arenan jokatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean. Ahozko kantu inprobisatuaren alorrean ekitaldi garrantzitsua da Bertsolari Txapelketa Nagusia, eta bereziki finalak ikusmin handia sortzen du Euskal Herrian, baita nazioartean ere. Munduan badira bertsolaritzan bezala hitzaren jolasa maite duten hainbat kantu inprobisatu, eta horiek ordezkatzen dituzten zenbait elkartetako kideak izango dira Iruñean finalaren egunean: Kataluniako Cor de Carxofa, Glosadors de Mallorca, Galiziako Oral Regueifa elkartea, Madeirako Xarabanda, eta Sardiniako cantadorien lana sustatzen duen Cordinamentu Artes Musicales et Poeticas de Tradizioni Orali de Sardigna elkarteetako kideak, hain zuzen ere.
«Horietako zenbait gonbidatu ezagunak ditugu jada gurean; esate baterako, 2016ko Europa bat-batean egitasmoan kantuan entzun genuen Maribel Servera glosadorea, edota Paulu Zedda, urteetan bertsolarien eta Sardiniako cantadorien zubi lanak egiteko garaian rol garrantzitsua izan duen eta aurreko zenbait finaletan ere egon dena. Halaber, harreman nabarmena sortu da Galiziako regueifaren eta bertsolaritzaren artean, Regueibertso programari esker, Bizkaiko Bertsozale Elkarteak bultzatua eta bi lurraldeetako ikastetxeetan garatzen dena; Sechu Sende izango da Galiziako gonbidatuetako bat», adierazi du Bertsozale Elkarteak, ohar baten bitartez.
Ikertzaileak ere finalean
Inprobisatzaileekin batera, ikertzaileak ere izango dira finalean. Hala, Iruñean izango dira aurten, besteak beste: Korsikako kantu inprobisatua aztergai duena, Giovanni Ragni; Brasilgo inprobisatzaile eta doktoregaia, Edmilson Ferreira; Amaya Carricaburu, puntu kubatarrean aditua; eta bertsolaritzarekiko interes berezia duten lagun bi, Oviedoko Unibertsitateko (Espainia) Jesus Fernandez antropologoa eta Columbiako Unibertsitateko (AEB) Rafael Yuste neurologoa.
Gainera, haiekin izango dira Nevadako (AEB) Unibertsitateko Renoko Euskal Ikerguneko ordezkariak, eta euskal unibertsitateetako ikertzaileak, bertsolaritzarekin eta Bertsozale Elkartearekin harremana dutenak: adibidez, Jon Sarasua bertsolari eta ikertzailea, Alfredo Asiain Nafarroako Unibertsitateko ikertzailea, eta Jone Miren Hernandez EHUko Mikel Laboa Katedrako zuzendari dena eta bertsolaritza generotik ikertu izan duena.