Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko 96. udalerria bihurtuko da Hernani (Gipuzkoa). Udalbatzak aldeko hemeretzi botorekin —EH Bildu, EAJ eta Elkarrekin Podemos-Orain Hernani— eta bi abstentziorekin —PSE-EE— onartu du erabakia. Oraintsu arte, Hernanik ez zituen mankomunitateko kide izateko baldintzak betetzen, baina, Eustaten azken datuen arabera, egun herritarren %70 euskaldunak dira.
Uemak azaldu duenez, Hernanin «nabarmen» egin du gora euskararen ezagutzak azken urteetan. Halere, etxeko erabilerak eta euskara lehen hizkuntza gisa duten herritar kopuruak behera egin dute. Afera horretan lan egiteko prest agertu da mankomunitatea: «Ezagutzaren eta erabileraren arteko etena leuntzeko, ezinbestekoa da herritarren kontzientziazioa, eta alor horretan Uemak duen esperientzia eta egiten duen lana bidelagun izango ditu aurrerantzean Hernaniko Udalak».
Hernanik 20.362 biztanle ditu, eta, ondorioz, Uemako udalerri handienetan bigarrena bilakatuko da, Zarautzen (Gipuzkoa) atzetik. Gaur arratsaldean egindako bilkuran, Hernaniko Udalak Uemaren estatutuak onartu ditu, eta kide izateko eskaera egin du ondoren. Eskaera hori abenduaren 17an Deban (Gipuzkoa) egingo duten batzar nagusian aztertuko dute kideek. Harekin batera, Asteasuren (Gipuzkoa) eskaera ere aztertuko dute. Bi udalerri horien kidegotza onartuta, «300.000 biztanleko lurgune euskalduna» osatuko dute Uemako udalerriek.
Eustatek urrian plazaratu eta azaroan Uemak berak eman zituen datuen arabera, Hernaniko herritarren %70 euskaldunak edo ia euskaldunak dira. Hain zuzen, ehuneko hori da mankomunitateak bertako kide izateko ezarria duen «gutxieneko ezagutza indizea».