Pentsioak

Pentsioak %8,5 handituko dira urtarrilean Hego Euskal Herrian

Iaz ez bezala, aurten batez besteko pentsioa urte amaierakoa baino handiagoa izango da. Batez besteko pentsioa 115 euro handituko da urtarrilaren 1ean.

Pentsiodunen mobilizazio bat, Bilbon, iaz. ARITZ LOIOLA, FOKU
Iker Aranburu.
2022ko azaroaren 29a
09:08
Entzun

Pentsioek gorakada handia izango dute datorren urtean. Zehazki, %8,5 handituko dira urtarrilaren 1ean Hego Euskal Herrian, hori izan baita azken hamabi hilabeteetako batez besteko inflazioa. Eurotan, batez besteko pentsioa 115 euro handituko da, 1.336 eurotik 1.450era, eta hortik gora erretiro pentsioak: batez beste 1.510 euro dira orain, eta 1.638 eurora iritsiko dira 2023. urtea hastearekin batera.

Behin-behineko kopuruak dira, INEk abenduaren 14an kaleratuko baitu azaroko inflazioari dagokion azken datua, eta orduan berretsiko edo zuzenduko du gaur aurreratutakoa: prezioak %6,8 handitu dira azken urtean. Horrek eragin du azken hamabi hilabeteetako inflazioa %8,45 izatea, eta Espainiako Ekonomia Ministerioak nabarmendu du horrek aurrekontu proiektuan aurreratutako datua (%8,5) baieztatzen duela.

Udan goia jo ondotik, Kontsumo Prezioen Indizea behera egiten ari da azken hilabeteetan. Urritik azarora, beste puntu erdi galdu du. Hego Euskal Herriko datua bi aste barru jakingo da, baina Espainiakoaren oso antzekoa izango da; urrian, esaterako, %7,2an zegoen, Espainian baino hamarren bat gutxiago.

Aurten indarrean jarri den pentsioen erreformaren lehen zatiak aldaketa esanguratsu bat eragin du pentsioen eguneratze sisteman. Amaitu dira espero zen inflazioaren araberako igoerak, eta akabo Gizarte Segurantzaren kontuen egoerara lotutako sistema ere, PPk bere gehiengo osoaren garaian onartutakoa. Aurrerantzean, pentsioak batez besteko inflazioa adina handituko dira; oraingo honetan, 2021eko abenduko eta 2022ko azaroan Espainian KPIak izandako batez bestekoaren arabera.

Sistema hori Espainiako Gobernuak, CCOO eta UGT sindikatuek, eta CEOE patronalak onartu zuten 2021eko udan, eta gero onartu zuten Espainiako Gorteek. Haren arabera, bost urteko epean berrikusi behar dute pentsioak eguneratzeko sisteman aldaketarik egin behar ote den.

Nola kalkulatzen da?

Batez besteko inflazioa kalkulatzeko, hilabete bakoitzean urte arteko inflazioak izandako gorabeherak batu egin behar dira, eta ondoren zati hamabi egin. Azaroa eta ez abendua aukeratzeko arrazoia da INEk ez duela abenduko datua urtarrilaren erdira arte baieztatzen eta, hortaz, ezin dela erabili urtarrilaren 1etik indarrean izan behar duen arau batentzat.

Legea 2022ko urtarrilaren 1ean indarrean jarri zen arren, pentsioak eguneratzeko sistema hori aurreko urtean ezartzea erabaki zuen Espainiako Gobernuak, eta horrek ekarri zuen pentsioak %2,5 handitzea. Erabaki horrek eta sistemak berak Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren kritika jaso zuen, eta «inflazio errealaren» araberako eguneratzeak eskatu dituzte orduz gero; hots, urte amaieran izandako igoera aplikatzea. Iazko azaroan, %5,5 izan zen igoera, eta horregatik argudiatu dute erosteko ahalmena galdu dutela.

Aurten, ordea, doi-doi kontrakoa gertatu da: batez besteko inflazioa handiagoa izan da azarokoa baino. Izan ere, inflazioak goia jo zuen udan —%10,8 uztailean eta %10,5 abuztuan—, baina azken hilabeteetan nabarmen egin du behera, hainbat arrazoiren ondorioz: udazkeneko haizeak energia eoliko merkearen ekarpena handitu du, eta argindarra merkatu du; atzeraldi hotsak petrolioa merkatu du; eta iazko inflazioarekiko aldea murriztu egin da iazko udazkenean bertan hasi zelako prezioen emendatzea, eta harekiko aldea da inflazioa.

Luzera begira, alderik ez

Berez, luzera begira, batez besteko inflazioaren eta urte amaierakoaren arteko alde esanguratsurik ez dagoela baieztatu du Jon Bernat Zubiri EHUko ekonomia irakasleak. «Urtez urte gauza bera egiten bada, amaieran emaitzak bera izan beharko luke. Gainera, horrela eragotz daiteke hilabete jakin batean ezohiko zerbait gertatu eta inflazioak gorakada itzel bat izan badu, haren eragina pentsioetara igarotzea».

Datuek baieztapen hori indartzen dute. Horrela, INEren datuen arabera, 2003-2022ko epean, Espainiako urte amaierako inflazioa (azarokoa) 42,7 puntu portzentual igo da, eta batezbestekoa, berriz, 43,2.

Hogei urte horietan, urte amaierakoa batezbestekoaren gainetik izan da bederatzi aldiz, eta gainetik, berriz, 11 aldiz. Batek zein besteak hiru aldiz izan dituzte balio negatiboak. Kasu horretan, oraingo legeak dio pentsioak ez direla aldatuko, eta, hortaz, erosteko ahalmena handituko dute pentsioek.

Iragarpenak baieztatuz gero, 2023an ere baliteke aurtengo gauza bera gertatzea, eta batez besteko inflazioa handiagoa izatea urte bukaerakoa baino. Goitik hasiko du urtea, eta, aurreikuspenen arabera, urteak aurrera egin ahala murriztu egingo da.

Erretiro pentsio gehiago

Gizarte Segurantzaren azken datuen arabera, Hego Euskal Herrian 710.735 pentsio zeuden urriaren amaieran. Horrek ez du esan nahi pentsiodunak horiek guztiak direnik, gutxi gorabehera hamarretik batek bi pentsio jasotzen dituelako.
Pentsioen bi heren erretiro pentsioak dira (472.275), eta horren ondoren doaz alargunek jasotakoak (164.456), elbarrienak (50.363), umezurtzenak (19.991) eta senideen aldekoenak (2.650).

Horietan guztietan erretiro pentsioak dira azken urtean hazi diren bakarrak (+4.292), eta horiek dira goranzko joera duten bakarrak, biztanleria zahartzen ari delako eta orain erretiroa hartzen ari direnen artean kotizatzaile gehiago daudelako duela hamarkada batzuk baino. Horrela, 2008eko urtarrilaren 1ean baino 114.300 erretiro pentsio gehiago daude orain (+%32); tarte horretan, %20,5 ugaritu dira pentsioak.

Erretiroa hartzen ari direnen pentsioak, oro har, handiagoak dira aurretik zeudenenak baino. Horrela azal daiteke pentsioak %2,5 eguneratu arren, haietan egindako gastua %4,8 handitu izana azken urtean.

Alargun pentsioen zenbatekoak, berriz, %5 handitu dira azken urtean, 934 euroraino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.