Aurrekontuak

Oposizio taldeak adina osoko zuzenketa Jaurlaritzaren aurrekontuei

Osoko zuzenketez gain, 711 zuzenketa partzial aurkeztu dituzte EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PP+C’s-ek, 1.433 milioi eurorenak.

EH Bilduko Maddalen Iriarte eta Nerea Kortajarena aurrekontuei buruzko agerraldi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
xabier martin
2022ko azaroaren 28a
18:18
Entzun

Eusko Jaurlaritzaren 2023ko aurrekontuak gobernua osatzen duten alderdi bien gehiengo absolutuak onartuko ditu; aurreko astetik da ezaguna errealitate hori, eta gauza batek bakarrik ñabartu dezake: oposizioak aurkeztutako zuzenketa partzialen bat edo beste aurrekontuetara gehitzea EAJk eta PSEk. Non aukeratu badute Gasteizko gobernua osatzen duten alderdiek, 711 zuzenketa partzial aurkeztu baitituzte EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PP+C’s-ek, 1.433 milioi eurorenak. Edonola ere, oposizio taldeak adina osoko zuzenketa egongo da Eusko Legebiltzarrean, gobernuaren eta oposizioko taldeen arteko negoziazioen porrotaren isla gisa.

EAJko taldeko koordinatzaile Iñigo Iturratek uste du oposizioa «[2023ko maiatzeko] hauteskundeak aintzat hartuta» aritu dela negoziazio horietan: «Argi dago zein izan den haien borondatea». Iturratek ez du ongi hartu EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztea Jaurlaritzaren aurrekontuei. «Zergatik ez du balio hemen Nafarroan eta Madrilen balio duenak?», galdetu du, eta erantsi du negoziazio antzuen inguruko «azalpenak» eman behar dituena koalizio subiranista dela, eta ez EAJ, «iaz haiekin itundu genuena jasotzen duelako jada aurrekontu proiektuak». Nolanahi ere, EAJ «lasai» dagoela aitortu du, «krisi testuinguru honetan ere, aurrekontu indartsuak» egongo direlako, azkenerako.

Aurrekontuak, «iraungita»

EH Bilduko bozeramaile Eusko Legebiltzarrean Maddalen Iriartek esaldi biribil batekin laburtu du egoera: «Jaurlaritzaren aurrekontuak iraungita daude onartu aurretik». Iriartek uste du aurrekontuen tramitazioak argi utzi duela Jaurlaritzak «ez duela izan akordio bat lortzeko asmorik», eta, beraz, osoko zuzenketa aurkeztu die aurrekontuei. Koalizioko bozeramaileak azpimarratu duenez, «proiektuan jaso ez diren neurriak» iragartzen ari da gobernua orain; garraio publikoaren deskontuak eta familientzako laguntzak jarri ditu horren adibide. «Azken batean aitortzen ari dira euren aurrekontua ez dela nahikoa, motz geratu dela: errealitateak aurrean eraman du gobernua».

EH Bilduk «egiturazko erantzunak» bilatu ditu krisi egoerari aurre egiteko, Iriarteren arabera,«eta ez partxeak». Jaurlaritzaren aurrekontuak «norabide horretan» ipini nahi izan dituela esplikatu du, «baina gobernuaren erantzuna marra gorriz betea egon da eta egiturazko arazo horiei heltzeari uko egin dio». Koalizioak 95 zuzenketa partzial ere aurkeztu ditu, guztira, 450 milioi euro mugitzen dituztenak. Osakidetzako kategoria guztietan ratioak ezartzea eta emergentziak bere osotasunean publifikatzea jasotzen dute zuzenketa horiek; baita seme-alabengatiko laguntzak zabaltzea ere (200 euro) hemezortzi urte arte, edota garraio publikoa doakoa izatea hamabi urtetik beherako umeentzat.

Elkarrekin Podemosek ere osoko zuzenketa egiteaz gain, hainbat zuzenketa partzial egin ditu, 185 hain zuzen, 763 milioi eurorenak. Miren Gorrotxategi taldeko bozeramaileak esan du zuzenketa horiek aurrekontuei eginiko «kritika makroekonomiko bat», hain zuzen, «ez direlako gai» egungo erronkei aurre egiteko. Ziurtatu duenez, 14.270 milioi euroko «aurrekontuaren hazkunde apala inflazioak jan du».

Zuzenketa partzialen bidez, EP-IUk «zerbitzu publikoen kanporatzea lehengoratzeko» helburua dauka, besteak beste. Gorrotxategik esan du zerbitzuak kanpora ateratzeko joera hori mila milioi baino gehiagokoa dela, «bakarrik hezkuntzako eta osasuneko kontzertuak kontuan hartuta». Horrez gain, Gorrotxategik azaldu du funts publiko bakarra sortzea nahi duela, Jaurlaritzak parte har dezan zailtasunetan dauden enpresetan, «geroa ez dezaten baldintzatu atzerriko inbertsio funtsek».

PPk ere 431 zuzenketa partzial egin ditu, 270 milioirenak, osoko zuzenketa aurkeztea gain, baina Carlos Iturgaiz taldeko bozeramaileak ez du amore eman, eta kontuak negoziatzen jarraitu nahi du, «deskontu fiskala» lortzeko. Neurri hori baztertu du jadanik Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak, baina Iturgaizek ez du esperantza galdu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.