Euskaraldia

Euskararekin bidea egiten

Euskal Herriko Unibertsitateak euskararekin duen konpromisoa berritu du aurrerapen berrien bidez.

Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko ikasleak. NURIA GONZALEZ
2022ko azaroaren 28a
14:52
Entzun

Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/ EHU) euskararekiko duen konpromisoa berretsi du bere ibilbide osoan, eta eguneroko jardunean ere hori nabarmena da.

Izan ere, EHU erakunde euskalduna da. Irakaskuntza euskaraz ia %100 ematen du, eta graduko irakaskuntzan euskaraz eskaintzen dira kredituen %94.

Halaber, Administrazio eta Zerbitzuetako langilegoak dagozkion hizkuntza eskakizunak betetzen ditu %82ko ehunekoan, eta jardunaldi osoko irakasle-ikertzaileen plazak elebidunak dira % 70ean.

Aipagarria da ehuneko horiek gora egiten dutela etengabe, urtez urte. Aurrera begira, graduetako eskaintza %100 euskaraz eskaintzea da helburua, eta graduondokoetan geroz eta gehiago indartzea euskararen presentzia.

Euskara, lan hizkuntza

Aurrerako bidean, erabilpena da EHUren jomuga: euskara lan hizkuntza izatea. Horrela, EHUn euskara lan hizkuntza izan dadin da hurrengo erronka, eta horretarako urratsak egiten dabiltza:
• Bikain ziurtagiria lortu dute jada hamar zentro eta zerbitzuk, eta beste hiruk prozesua abiatu dute jada.
• Irakasleek euskaraz irakasteko hobekuntza ikastaroak jasotzeko Antzinatu programa abiatu da. Dagoeneko 917 irakaslek parte hartu dute ikastaro horietan.
• Administrazio eta Zerbitzuetako langileek ere euskara ikasi eta hobetzeko aukera dute. 2021-2022ko ikasturtean 106 pertsonak parte hartu dute EHUk IVAPekin elkarlanean eskaintzen dituen ikastaroetan.
• Eremu digitalean euskararen presentzia handiagotzea eta horretarako lanabes eta corpus digitalen erabilera zabaltzea da hurrengo erronka nagusi bat, unibertsitatean sortzen den ezagutza baliatuz, Hitz Zentroa eta Euskara Institutuarekin lankidetzan.

Formazioaz haratago, jardun akademikoa euskaraz egin dadin ekimenak gauzatzen dituzte EHUn. Horrela, Eztabaida Txapelketa urtero egiten dute. Aurten IX. edizioa ospatu da Eusko Legebiltzarrean, azaroaren 25ean. Euskaraz irakasten duten unibertsitateek parte hartzen dute Eztabaida Txapelketan.

EHUk unibertsitateko komunitate guztiari irekitako euskararen erabilera sustatzeko diru laguntzen deialdia zabaltzen du urtero. Aurten 24 eskaera jaso dira, beste horrenbeste ekimen abian jartzeko.

Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin hitzarmena du EHUk. Horrez gain, Ipar Euskal Herriko ikasleekin urtetan garatutako harremana dauka. Urtero antolatzen dute haiei eskainitako ongietorri eguna, unibertsitate ikasketak euskaraz EHUn egiteko aukerak azaldu eta baliatzeko.

Euskaraldian parte hartzen

Aurten estreinako aldiz, EHUk enititate modura hartzen du parte Euskaraldian; hamabostaldi honetan burutuko dituzten hainbat ekimenen artean, Soziolinguistika Klusterrarekin elkarlanean egindako euskararen erabileraren neurketen emaitzak aurkeztu eta eztabaidatuko dira hiru Campusetan.

Junkal Gutierrez EHUko Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko errektoreordeak azpimarratu duenez, «1992an Eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen Europako gutuna argitaratu ostetik, Europako hizkuntza txikien artean aurrerabide azpimarragarria lortu duen hizkuntzarik bada, hori, zalantzarik gabe, euskara da. Izan ere, UPV/EHUk bere lau hamarkada luzeetan egin duen ibilbidean, munduko oso unibertsitate gutxik lortu dutena lortu du: Burdin Arotik bizikide izan duen hizkuntza hartuaz unibertsitate elebidun bihurtzea XXI. mendean. Sorioneku gu!».

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.ehu.eus

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.