Hitzaldiak, ibilaldiak, zine emanaldiak, afariak, performanceak eta mahai inguruak. Askotariko edukiek osatzen dute aurtengo Feministaldiko egitaraua, zeina 25 artistak, aktibistak eta pentsalarik baino gehiagok osatzen duten. Aurtengoa hamazazpigarrena da, eta datorren asteazkenetik larunbatera bitarte izanen da, Donostiako Tabakaleran. Sarrera librea izanen da, edukiera bete arte. Gainera, emanaldietako batzuk streaming bidez ikusteko aukera egonen da.
Ahoa narras leloa hautatu dute jaialdirako. Antolatzaileen erranetan, esaldiak adierazi nahi duena da bertikaltasuna alde batera utzi nahi dela, ahoa lurrera eramanez. «Herrestan dabiltzanei eta ibili direnei tartea egin nahi diegu, azala bidean eraldatzen dutenei», argitu dute.
Egitaraua duela bi aste zabaldu bazuten ere, gaur izan da aurkezpen ofiziala. Bertan parte hartu dute Clara Montero Tabakalerako kultura zuzendariak, Nerea Isasi Gipuzkoako Foru Aldundiko emakumeen eta gizonen berdintasunerako zuzendariak, Laura Muelas eta Leire San Martin jaialdiko koordinatzaileek eta Juana Aranguren Plazandreok plataformako kideak.
Muelas eta San Martin antolatzaileek adierazi dutenez, «ariketa kolektibo bat» izan da aurtengoa egituratzea. Izan ere, jaialdia osatzeko topaketak egin zituzten Arabako Azala espazioan. Non, jaialdiko antolatzaileez gain, Mijo Lizarzaburu, Paloma Chen, Mirari Etxebarri eta Idoia Zabaleta egon ziren. Gainera, adierazi dutenez, hemendik aurrera Plazandreok plataforma ez da jaialdiaren antolaketaz arduratuko. «Feministaldia, Plazandreok-ek antolatutako Kultura Feministaren Jaialdia, duela 16 urtetik hona, funtsezko erreferentzia bihurtu da feminismoaren barruan, eta halako entitatea lortu du, non esklusiboki horretan arituko den elkarte bat behar baitu», erran du Arangurenek.
Tabakalera
«Arauak zalantzan jarri eta istorio berriak kontatzen dituzten sortzaile eta ekintzaileen topaleku bilakatu da Feministaldia, eta bertan lantzen diren zenbait ildo kultura garaikidearen nazioarteko zentro honen ardatz eta kezka ere badira», erran du Monterok. Zortzigarren aldia da jaialdia Tabakaleran ospatzen dena, eta Monterok dio «poz handia» dela horrelako jaialdia hartzea.