Indarkeria matxistaren aurkako aldarriak Euskal Herriko herri eta hiriburuetako karrikak hartu ditu. Protestara deitu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak: Beldurraren eta kontrolaren aurrean, justizia feminista! Antolatuta gaude! lelopean, indarkeria matxistaren «hamaika formak» salatu dituzte, eta autodefentsa feminista aldarrikatu dute.
Donostiako, Bilboko eta Gasteizko manifestazioak 19:00etan abiatu dira. Iruñekoa, berriz, 20:00etan. Baionakoa bihar eginen dute, 19:00etan, Herriko Etxeko plazatik abiatuta.
«Kaleak gureak dira!» oihuekin hasi da Donostiako manifestazioa. Bortxa matxistaren aldaera askotarikoak erakusteko ahalegina nabaritu da hasieratik: «Edertasun kanonak apurtu, osasun mentala zaindu» eta halako mezuak irakur zitezkeen pankartetan. «Erasorik ez erantzunik gabe» eta «gora borroka feminista» izan dira manifestariek gehien oihukatu dituzten leloetako batzuk.
Erakundeak, goizean
Instituzioek, berriz, protesta isilak egin dituzte goizean. Eusko Jaurlaritzak 10:00etan egin du elkarretaratzea, Lehendakaritzako eskaileretan. Han izan dira, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Miren Elgarresta Emakunderen zuzendaria. Eusko Jaurlaritzak indarkeria matxistaren adierazpen guztiak gaitzesten dituela adierazi nahi izan du elkarretaratzean, Lehendakaritzako iturriek jakinarazi dutenez.
Elgarrestak Eusko Jaurlaritzaren eta Emakunderen konpromiso irmoa azaldu du bai indarkeria matxistaren prebentzioari dagokionez, bai indarkeria horren biktima diren emakumeei arreta emateari dagokionez. Indarkeria matxistaren biktima guztiak gogoan izateko eguna dela nabarmendu du, eta babes eta elkartasun osoa eskaini die indarkeria horretatik bizirik atera diren emakumeei. Halaber, dei egin dio gizarteari berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako «konpromiso irmoa» adieraz dezan. Gizonei, berriz, «engaiamendua» eskatu die.
Nafarroako Gobernuak ere elkarretaratzea egin du Nafarroako Jauregiaren aurrean. Maria Txibite lehendakariak salatu du «biktimak zalantzan jartzeko joera» handitzen ari dela, eta, horri buelta emate aldera, «gizartearen jarrerak aldatzeko beharra» aipatu du.
Txibiterekin batera, elkarretaratzean izan dira Nafarroako Gobernuko kontseilari gehienak: Javier Remirez, Jose Maria Aierdi, Elma Saiz, Carlos Gimeno, Carmen Maeztu, Santos Indurain, Ana Ollo, Juan Cruz Zigudosa eta Rebeca Esnaola. Nafarroako Legebiltzarraren izenean, berriz, Unai Hualde presidentea eta talde parlamentarioetako bozeramaileak izan dira bertan: Javier Esparza (Navarra Suma), Ramon Alzorriz (PSN), Maria Solana (Geroa Bai), Laura Aznal (EH Bildu) eta Marisa de Simon (Ezkerra). Elkarretaratzera batu da Espainiako Gobernuko Justizia ministro Pilar Llop ere, Iruñean baitzen, jardunaldi batzuetan parte hartzeko.
Bestelako agerraldiak ere egin dituzte Euskal Herri osoko herri eta hirietan. Castejonen (Nafarroa), adibidez, gorazarre egin diote Sara Pinari: indarkeria matxistaren biktima izan zen. Herri horretako Maiatzak Bi ikastetxe publikoan irakasle zen Pina. Senarrak labankadaz hil zuen, iragan urtarrilean. Ikastetxeko hezkuntza komunitateak Federico Garcia Lorcaren bertsoak eta Rozalen abeslariaren kantu bat eskaini dizkio. Sexu heziketa on baten beharra nabarmendu du ikastetxeko irakasle Ana Maria Solak, Efe berri agentziak jasotako adierazpenetan: «Gure ikastetxean abian dugu Skolae programa, eta maila guztietan lantzen dugu indarkeria matxistaren gaia, askotariko jardueren bidez».
Asteartean Bilbon eginiko agerraldian, Euskal Herriko Mugimendu Feminista gizonei ere mintzatu zitzaien: «Dagokizuen ardura hartzea exijitzen dizuegu. Utzi erasotzaile eta konplize izateari. Azaleko diskurtsoek ez dute balio praktikan ezer ez bada aldatzen». Donostiako manifestazioa Bulebarretik atera da gaur, 19:00etan; Gasteizkoa, San Anton plazatik, 19:00etan; Iruñekoa 20:00etan hasi da, Gazteluko plazatik; Bilbokoa, 19:00etan, Jesusen Bihotzetik; Baionakoa, azkenik, bihar eginen dute, 19:00etan, Herriko Etxeko plazatik aterata.