Soilik baietz da baietz legearen interpretazioak bidea ireki du sexu erasoengatik espetxeratutakoen zigorrak berrikusteko, eta zenbait epailek jada murriztu dituzte zigor batzuk. Beste zenbaitek, aldiz, ez. Eztabaida ireki da: Espainiako Fiskaltzak esana du jada epaitutako kasuak ez direla berrikusi behar, ezta kondenak egokitu ere. Zenbait auzitegik, ordea, kontrako bideari ekin diote: Bizkaikoa da horietako bat. Gaur, Bizkaiko Lurralde Auzitegiak erabaki du legeak eragina izan dezakeen espediente guztiak «banan-banan» berrikusiko dituela, fiskaltzaren irizpidearen aurka.
Auzitegiak ohar bidez adierazi duenez, «lege berrian trantsiziozko araurik ezean», zilegi da «espetxealdi zigorra ezarri den sententzia irmoak ofizioz berrikustea», kartzelaldia jada etenda dagoen kasuetan izan ezik.
Iragan astean, oso bestelako gogoeta egin zuen Victoria Rosellek, Espainiako Gobernuko indarkeria matxistaren kontrako ordezkariak, eta legea defendatu zuen: «Uste dugu oker judizialak egon direla legea azkarregi interpretatzeagatik, legea patxadaz eta gogoetatuta ez irakurtzeagatik». Atea itxi zion legea erreformatzeari: «Utz diezaiegun hitz egiten fiskaltzari eta botere judizialari». Horixe da gaur-gaurkoz Madrilgo gobernuak auzi honen inguruan hartu duen jokabidea.