Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuak salatu du Toxico Watch Herbehereetako fundazioak Zubietako erraustegiak eragiten duen kutsadurari buruz atera duen txostenak ez duela zehaztasun tekniko eta zientifikorik. «GuraSOS,EH Bildu eta halako taldeek erabili ohi duten manipulazio politikoa» dela adierazi du, eta errealitatea «gezurrekin desitxuratzen» dutela, «herritarrak izutzeko».
«Europako araudiak ezarritako mugaren % 94 azpitik egon dira 2021ean», esan du errauste plantaren inguruan aurkitutako dioxina kantitate handiei dagokienez. Gaineratu du «egunero» neurtzen direla datu horiek, eta, horrez gain, Biodonostiak ere ikertzen dituela.
Hain zuzen, erakunde hori 2019az geroztik egiten ari den ikerketa baten ondorioak erakutsi ditu, eta esan du Europar Batasuneko araudiak ezartzen dituen mugen barruan daudela: «Aztertutako arrautza lagin guztiak EBko 1259/2011 araudiak oilo arrautzentzat eta 5 pg-ko TEQ PCCD/Fs+dI-PCB/g [pikogramo baliokide toxiko] Koipe oboproduktuentzat ezarritako mugaren azpitik daude». Lurzoruan aurkitutako dioxina kopuruaren inguruan ere esan du laginen PCBen kontzentrazioa legeak arautzen duena baino «askoz txikiagoa» dela.
Toxico Watchek ere bere txostenean adierazi du datu horiek 5 pikogramo baliokide toxikoren azpitik daudela, baina nabarmendu du alde handia dagoela erraustegia ireki aurretik eta ondoren dauden datuen artean. Gainera, adierazi du erraustegiak bi urte daramala martxan, eta datu horiek izanda espero izatekoa dela urte gutxiren buruan muga horiek gainditzea.