Indarkeria matxista

A-25a, mobilizazio feministen eta adierazpen instituzionalen artean

Mugimendu feministak deituta, manifestazioak eginen dituzte Euskal Herriko hiri eta herrietan. Elkarretaratze instituzionalak goizean izanen dira.

Emakumeen indarkeriaren kontrako eguneko manifestazioa, iaz, Iruñean. IñIGO URIZ/ FOKU
Ion Orzaiz.
2022ko azaroaren 24a
16:23
Entzun

Indarkeria matxistaren aurkako aldarriak Euskal Herriko herri eta hiriburuetako karrikak hartuko ditu bihar. Alde batetik, Euskal Herriko Mugimendu Feministak kaleak hartzera deitu du: Beldurraren eta kontrolaren aurrean, justizia feminista! Antolatuta gaude! lelopean, indarkeria matxistaren «hamaika formak» salatuko dituzte, eta autodefentsa feminista aldarrikatuko dute. Gizonei ere mintzatu zitzaizkien herenegun Bilbon eginiko agerraldi nazionalean: «Dagokizuen ardura hartzeko exijitzen dizuegu. Utzi erasotzaile eta konplize izateari. Azaleko diskurtsoek ez dute balio praktikan ezer ez bada aldatzen».

Hegoaldeko hiriburuetako protestak bihar iluntzean eginen dituzte; Baionakoa, berriz, larunbatean. Donostiako manifestazioa Bulebarretik aterako da, 19:00etan; Gasteizkoa, San Anton plazatik, 19:00etan; Iruñekoa 20:00etan hasiko da, Gazteluko plazatik abiatuta; Bilbokoa, 19:00etan, Jesusen Bihotzetik; Baionakoa, azkenik, hilaren 26an eginen dute, 19:00etan, Herriko Etxeko plazatik aterata.

Adierazpen instituzionalak

Mugimendu feministaz gainera, Euskal Herriko erakunde, indar politiko, sindikatu eta gizarte eragile ugarik ere bat egin dute emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko egunarekin.

Eusko Jaurlaritzak eta Emakundek, adibidez, 10:00etan eginen dute elkarretaratzea, Lehendakaritzako eskaileretan. Han izanen dira, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Miren Elgarresta Emakunderen zuzendaria.

Nafarroako Gobernuak, bestalde, adierazpen instituzional bat onartu du gaur, eta iragarri du elkarretaratzea eginen duela bihar, 12:00etan, Nafarroako Jauregiaren aurrean. Idazkian, Maria Txibite lehendakariaren gobernuak nabarmendu du helburutzat daukala «etorkizunean indarkeria desagerraraztea, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra lortzea». Horrez gain, sentsibilizazio kanpaina bat ere abiatu dute, indarkeria matxista kasuetan emakumeen jarritako salaketak zalantzan jar ez daitezen: «Herritarrak bultzatu nahi ditugu norberaren sinesmenei eta jarduerei buruz hausnartzera: zergatik jartzen ditugu zalantzan emakumeen salaketak? Zergatik jartzen ditugu askotan arreta eta susmoa biktimarengan, eta zergatik saiatzen gara erasotzailea errugabetzen? Gizarte demokratikoa garenez, pentsamendu eta iritzi horiek aldatu behar ditugu, jarrera eta delitu matxistak justifikatzen baitituzte».

EAEko Arartekoak ere agiri bat argitaratu du, azaroaren 25ean «generoagatiko bereizkeria irmoki gaitzesteko». Ohar horretan, arartekoak gogorarazi du emakumeen aurkako indarkeria «giza eskubideak erabat eta larriki urrazea dela, mundu osoan hedatua dagoela eta euskal gizartean ere bizirik dirauela». Azken urteetan, indarkeria mota horri aurre egiteko legezko tresnak ugaritu eta hobetu direla uste du erakundeak, baina hala ere, azpimarratu du «emakume eta neska-mutil gehiegik jasaten dituzten indarkeria matxistako egoerak ezingo direla irauli, baldin eta pertsonen berdintasunaren aldeko borrokan gizonen eta mutilen konpromiso eta lankidetza aktiboa sustatzen ez bada».

Euskal Herriko hiriburuetako udalek ere adierazpen instituzionalak argitaratuko dituzte azaroaren 25aren karira. Donostiako Udalak bihar eginen du horren irakurraldi ofiziala, 12:00etan, udaletxean. Eudel Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalen elkarteak ere adierazpena ondu du, zeinean aldarrikatzen baitu «emakumeen eskubidea espazio publikoa berdintasun baldintzetan erabiltzeko eta horiez gozatzeko, herritartasun osoari dagokien eskubideak bermatze aldera eta, hitz batez, norberaren askatasun indibidual eta kolektiboaren garapena bermatzeko». Eudelen irudiko, toki administrazioei dagokie, beren politika publikoen eta hiri plangintzaren bidez, espazio publikoak emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko leku lagunkoi bihurtzea».

Alderdiak eta sindikatuak

Erakunde publikoez harago, talde politikoek, sindikatuek eta eragile sozialek ere deialdiak eta adierazpenak egin dituzte, indarkeria matxistaren aurka. LAB sindikatuak, adibidez, elkarretaratzea eginen du bihar 11:00etan, Iruñean, Nafarroako Gobernuaren egoitza nagusiaren aurrean, Enpresetan indarkeria matxistarik ez. Protokoloa orain! lelopean.

Geroa Bai koalizioak ere «konpromiso sendo eta tinkoa» agertu du «benetako berdintasunarekin eta indarkeria matxistaren edozein moduren deuseztapenarekin». Koalizioaren arabera, «emakume eta neska gazteen aurkako indarkeria oinarrizko eskubideen urraketa da, bai eta diskriminazioaren adierazpenik krudelena ere, emakumeengan neurrigabeko eragina duelarik, emakume izate hutsagatik». Ohar bidez, Geroa Baik gogora ekarri ditu aurten indarkeria matxistagatik hildako emakumeak; «bereziki Sara Pina, urtarrilaren 7an Tuteran (Nafarroa) labankadaz hildako emakumea». Elkartasuna adierazi die, halaber, biktima guztien senitarteko eta lagunei.

Zurekin Nafarroak [Nafarroako Ahal Dugu-k, NEB Nafarroako Ezker Batuak, Batzarrek eta independente talde batek osatutako koalizioak] idazkia kaleratu du. Sentsazio «gazi-gozoa» dutela nabarmendu dute oharrean: «2000. urtean, NBE Nazio Batuen Erakundeak azaroaren 25a ofizialki izendatu zuen mundu osoan emakumeen aurkako indarkeria salatzeko eguna, eta hura erauzteko politikak aldarrikatu zituen herrialde guztietan. Hogei urte geroago, arazoaren tamaina jasanezina da oraindik, emakumeen giza eskubideak larriki urratzen ari baitira». Hori dela eta, esan dute koalizio ezkertiarraren ardatz nagusietako bat berdintasuna lortzea dela: «Mugimendu feministaren urratsak jarraitu nahi ditugu. Eztabaida mediatiko interesatuengandik urrunduta, ekintza instituzional transformatzaileak sustatu nahi ditugu: 2022-2025 aldian indarkeria matxistei aurre egiteko estrategia edo 10/2022 Lege Organikoa, sexu askatasun integrala bermatzeko. Eta Nafarroan, Berdintasunaren Nafarroako Institutuaren sorrera, eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko plan estrategikoa».

Itaiak ere mobilizaziora deitu du gaurko. Hainbat herritan egingo dituztenez gain, protestak antolatu dituzte Bilboko Indautxu plazan (19:00), Donostiako Trinitate plazan (19:30), Iruñeko Udaletxe plazan (19:00) eta Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan (18:30).

Azkenik, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, Oneka Euskal Emakume Pentsiodunen Plataformak, Blanca de Navarra elkarteak eta Prostituzioaren Abolizioaren aldeko Emakumeen Nafarroako Plataformak ere babesa adierazi diete mugimendu feministak antolatutako protesta eta mobilizazioei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.