Asteasuko Udalak (Gipuzkoa) Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izatea erabaki du gaur iluntzean, aho batez, Asteasu Batuz taldeko eta EAJko zinegotzien aldeko botoekin. Eskaera abenduaren 17an aztertuko du Uemak, batzar nagusian. Eskaera onartzen badute, eta hala espero da, Uemako 95. herria bilakatuko da Asteasu, eta mankomunitateko kide diren Tolosaldeko herrietan 22.a.
Euskaldunen indizea (euskaldunak + ia euskaldunen erdiak) %86,75 da Asteasun, Eustatek urri amaieran ezagutarazitako datuen arabera. Uemako eta Tolosaldeko 93 herritan kale neurketa egin zuten iaz Soziolinguistika Klusterrak eta Uemak; tartean, Asteasun. Azterketa horren arabera, erabilera %73,30 da bertan. Hala ere, erabilerak nabarmen egin du behera azken urteetan: 2017an %86,40 aritzen ziren euskaraz. «Haurren eta gazteen artean datuak askoz hobeak dira, eta, horiek akuilutzat hartuta eta Uemako kide bihurtuta, Asteasuko Udalak euskararen biziberritzean hizkuntza politika aurreratu eta bateratuekin eragiteko asmoa du, elkarlanean, Tolosaldeko gainerako udalekin eta Uemarekin batera», adierazi du Uemak, udalaren erabakiaren berri emateko argitaratu duen oharrean.
Litekeena da mankomunitateak beste eskaera bat ere izatea mahai gainean abenduaren 17an egingo duen batzar nagusian. Izan ere, Hernaniko Udalak (Gipuzkoa) datorren asteartean izango du azaroko osoko bilkura, eta gai zerrendako puntuetako bat izango da Uemako kide izateko eskaera egin ala ez erabakitzea. Orain gutxira arte, Hernanik ez zituen baldintzak betetzen Uemako kide izateko —beharrezkoa da %70eko euskaldunen indizea gainditzea—. Eustaten azken datuen arabera, ordea, iritsi da langa horretara herria, eta, egun, %70 da Hernaniko euskaldunen indizea.