Duela aste batzuk Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak ziurtatu zuen Zubietako erraustegiak «zehatz-mehatz» betetzen dituela Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Baimen Bateratuak eskatzen dituen baldintza guztiak, «Europako beste instalazio askotan baino zorrotzagoak» izan arren. Arantxa Tapiak, ordea, horren kontrakoa esan zuen atzo Legebiltzarrean, Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkidearen galderei erantzunez: aitortu zuen gehiegizko isuriak daudenean ez dagoela sistemarik erretzea automatikoki geratzeko; GuraSOSek duela aste batzuk salatu zuen bezala.
Tapiak azaldu zuen ez dagoela isuri horiek gelditzeko sistema automatikorik, eta bertako langile baten esku geratzen dela isuri horien maila kontrolatu eta gelditzea. Azalpen bera eman zuen GHK-k 2020ko otsailean, sistema horri buruz galdetu zitzaionean. Hala eta guztiz ere, urte bereko ekainean Jaurlaritzako Ingurumen Sailak erraustegiari ingurumen baimena ematea adostu zuen. Horri buruz galdetuta, Arantxa Tapiak esan du orduko hartan «baimen hori arau guztiak beteta» eman zitzaiola erraustegiari.
URAren zigorra
Erraustegiaren ondoan dagoen Arkaitzerrekako errekastoaz ere hitz egin du Tapiak. Aitortu du errekasto horretan legezkoa dena baino kopuru handiagoetan aurkitu dituztela metal astunak, amonioa eta bestelako substantzia batzuk, eta, horregatik, URAk zigor espediente bat zabaldu diola GHKri. Arrasto horiek aurkitu dituztela erakusten dute GHKren aginduz egindako SGS eta IDOMeko txostenek 2019az geroztik, baina orain arte Tapiak ez du aitortu kutsadura hori dagoenik.
Bestalde, isuri arriskutsuak kanpora jariatzen dituen tuturik ez dagoela ere esan zuen Tapiak. BERRIAk, ordea, irailean argitaratu zituen Zubietako bi errauste lerroetan likidoak husteko drainatze tutuak eraiki zituztela erakusten duten irudiak. Baimenik gabe eraiki zituzten gainera, eta lehen suzko probak hasi ostean. Baliteke horiek eragin izana erraustegiaren inguruan atzeman duten kutsadura.