Surfistak Oñatiko plazan, marea noiz igoko, Muxikako sumendiak utzi berri dio sua jaurtitzeari, Maracuja sagardo denboraldia hasi berri Astigarragan, eskumuturrekodun oporlekuak Urdaibain, koalak Iratiko eukalipto basoetan, jatorrizko izendapena duten marihuana haztegiak Araban, abenduko zubi beroan Feria de Abril Durangon, eta elurte bat ikusi zuen azken euskal herritarraren heriotza. 2060. urteko Euskal Herria irudikatu du Gatibu taldeak bere estudioko hamargarren diskoari izena ematen dion kantan, eta horregatik izena: EH Distopikala. Erdi tropikala, eta erdi distopikoa baita diskoa bera ere. Hain zuzen ere, bi mutur horiekin osatu dituztelako zazpi abestiak. Gardenki «alaia» baita musika, taldekideen hitzetan, eta, poz horrekin kontraste eginez, maiz, «azidoak» direlako hitzak.
Rocketik «harago» jotzea izan da Gatiburen erronka, Haimar Arejita gitarra jotzaileak azaldu duenez, eta erabat itxi gabe utzi duen adjektibo zein estilo zerrenda luze batekin osatu du gero diskoaren aurkezpena. «Hau da EH Distopikala, disko dantzagarria, alaia, tropikala, baditu erritmo latino eta afrikarrak, pixka bat funkia da, erritmo beltzez osatutakoa..., besteak beste». Etzi zabalduko dute lan osoa sareetan, baina jadanik eman dute argitara Arejitak deskribatutako hibridatze horren lekukotza ematen duen lehen singlea: Ezin disimulatu.
CD eta kasete formatuan kaleratuko dute lana, Durangoko Azokan ere izango dira, biniloan ere aterako dute aurrerago, eta martxoaren 18an emango dute lehen aurkezpen kontzertua Bilbo Arenan. Udara bitartean, gainera, hori izango da Euskal Herrian emango duten emanaldi bakarra. 7.500 ikusle hartzen ditu aretoak, guztira, eta jadanik pistako sarrera guztiak salduta dituzte.
Kazetarientzako ere egin dute diskoaren entzunaldi berezi bat Bilbo Arenako prentsa aretoan, eta Gatiburen sinadura daramaten kantak izan arren, lehen kolpean identifika daiteke taldearen erritmo eta sonoritate berriak bilatzeko gogoa. Distortsio tanta bakar bat ere gabe doaz zazpi kantuak, esaterako, eta afrikar doinuko gitarra garbiekin eta erritmo latinoek daramatzate maiz abestiek. «Guk ez dugu estilo bat inoiz jorratzen era ortodoxo edo puru batean», azaldu du Arejitak. «Ez dugu nahi, ez zaigu gustatzen, eta gure erara egiten dugu, gure akatsekin, eta gure zigiluarekin. Horregatik errekonozitzen da Gatibu dela, nahiz eta beste diskoez oso bestelakoa izan».
Bi kolpetan
Uda aurretik grabatu zituzten lehen bi abestiak Gironako Music Lan estudioan (Katalunian). Diskoa zabaltzen duen Bizikleta hartu ta banoie izen zen haietako bata, eta single modura kaleratutako Ezin disimulatu izan zen bestea. Bi kanta horiek markatu diete disko osorako lerroa. Uztailean jo zuten bigarrenez Kataluniara gainerako bost abestiak grabatzera. Jordi Mora aritu da soinu ingeniari lanetan, eta Emili Bosch B1no talde elektronikoko kidea izan dute ekoizle.
Arejitak azaldu duenez, besteak beste, Kataluniako estudio horretan grabatu dituzte beren lanetako batzuk Fito y los Fitipaldis-ek, Shakira-k zein Jarabe de Palo-k. «Oso toki ona da», laburtu du. Eta, hasieratik, argi izan zuten Boschen izena ere ekoizpen lanetarako. «Nahi genuen jende gaztearen inplikazioa, esperientzia gutxiko ekoizle ilusionatu bat», azaldu du. Sintetizadore batzuk ere berak grabatu ditu, gainera.
Bederatziko handia
Alex Sardui abeslariak, Gaizka Salazar bateria jotzaileak eta Arejitak osatzen dute Gatiburen muina egun, baina musikari talde zabalagoa izan dute ondoan diskoa grabatzeko: Ekain Alzola baxu jotzailea, Marc Clos eta Elisenda Fabregas perkusio jotzaileak, eta Albert Costak, Marinu Feliuk eta Genis Bou haize hirukoteak ere hartu dute parte. Bestetik, Juantxo Skalari abeslariaren eta Nerea Reparaz kazetariaren kolaborazioa ere izan dute EH Distopikala kantuan.
Zuzeneko handietarako talde handi horrekin joatea da Gatibukoen asmoa. Bederatzi musikari izango dituzte, esaterako, Bilbo Arenan emango duten kontzertuan, baina zalantza dute kontzertu txikiagoetara ere talde osoarekin joaterik izango ote duten. Onartu dutenez, «fantasia guztiei» leku egitea izan baita haien asmoa diskoan, eta gerorako utzi baitute proposamen hori agertokietara nola eraman pentsatzea. Une honetarako, zehazki.