Udal eta foru hauteskundeak

Elma Saiz izango da PSNren Iruñeko alkategaia

Gaur egun Nafarroako Ekonomia eta Ogasun kontseilari denak Maite Esporrin ordezkatuko du. Irailean, gobernuaren bozeramaile izendatu zuten.

Elma Saiz, pasa den astean, Nafarroako Parlamentuan. VILLAR LOPEZ / EFE
2022ko azaroaren 22a
10:51
Entzun

Maite Esporrin ez da izango PSNren alkategaia Iruñean. Elma Saiz Nafarroako Gobernuaren bozeramaile eta Ekonomia eta Ogasun kontseilariak ordezkatuko du. Santos Cerdan PSOEko antolakuntza idazkariak iragarri du gaur goizean, Ser irrati kateak antolatutako foro batean. Cerdanek esan du gaur amaituko dela hautagaitzak aurkezteko epea, eta Iruñeko alkategaia ere gaur jakinaraziko dutela. Zehatzagoa izaterik bazuen galdetuta, Cerdanek aurreratu du Saiz izango dela alkategaia. Saiz hautagai «bikaina» izango dela gehitu du Cerdanek, eta Iruñeko hurrengo alkatea izango dela.

Azken udal hauteskundeetan, PSNren zerrendan bigarrena izan zen Saiz, baina kontseilari izendatu zuten gero. Irailean izendatu zuen Nafarroako Gobernuak bozeramaile. Gobernuak azaldu zuen «arlo ekonomikoak legegintzaldiaren azken txanpan hartuko duen lehentasun publikoa» zela aldaketa egiteko arrazoia: «Nafarroako 2023ko aurrekontu orokorrak onartzea eta Europako funtsak jaso eta kudeatzea izango baitira berehalako erronkak». Horrekin batera, baita egungo egoera ekonomikoari eta energetikoari aurre egitea ere. Hala ere, gaurko iragarpenak ere azal dezake, hein batean, orduko mugimendua, proiekzio publiko handiagoa emango baitio eledun karguak.

Foroan bertan izan da Elma Saiz, eta, Cerdanek iragarpena egin ostean, primarioetara aurkezteko asmoa iragarri du ele bitan, Twitterren.

PSNk ohar batean baieztatu du dena. Iruñeko hautagaiaz gain, Eguesibarko udal hauteskundeetan Mikel Bezunartea egungo hautetsia izango da hautagai, eta Burlatan, Sergio Barasoain. Ramon Alzorriz PSNko Antolamendu idazkariaren esanetan, «urrats bat gehiago da» udal hauteskundeetarantz, eta udal horietarako «hautagai onenak» direla uste du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.