Hilberria

Pablo Milanes kantari kubatarra hil da

Kubako ahots ezagunenetarikoa izan zen Milanes, troba berriaren sortzaileetako bat. Minbiziak jota hil da, Madrilen. 79 urte zituen.

Pablo Milanes, emanaldi batean. EFE
2022ko azaroaren 22a
08:14
Entzun

Pablo Milanes kantautore kubatarra hil da bart (Bayamo, Kuba, 1943 - Madril, 2022). Minbiziak jota zendu da, 79 urterekin. Hain zuzen, abeslaria Madrilen bizi zen 2017az geroztik, eritasunaren kontrako tratamendua jasotzeko. Azken hiru hilabeteetan okerrera egin zuen haren osasunak, eta duela hamar egun ospitaleratu egin behar izan zuten. Ondorioz, bertan behera utzi zituen hainbat kontzertu; tartean, Iruñeko Baluartekoa. Azaroaren 13an zen egitekoa.

Milanes Kubako troba berriaren aitzindari eta sortzaileetako bat izan zen, Silvio Rodriguezekin eta Noel Nicolarekin batera. Yolanda, El breve espacio edo Ámame como soy abesti ezagunak idatzi zituen, besteak beste. Denera, 40 albumek osatzen dute haren diskografia. Egindako ibilbidea ere aitortu zioten hainbatetan: 2005ean, Kubako Musikaren Sari Nazionala eman zioten; 2006an, bi Grammy Latino irabazi zituen; eta, 2015ean, Bikaintasun Musikalaren estatuatxoa eman zioten, hura ere Grammy Latinoetan.

Milanesen itzala luzea izan da, eta lehendabizi bere herrialdean, baina gero mundu osoan egin zen ezagun. Gainera, Kubarekin zuen nazioarteko elkartasunak, batetik, eta AEBen inperialismoaren aurka ezkerreko mugimenduetan zabaldutako jarrerak, bestetik, nolabaiteko ikono ere bilakatu zuten Milanes —Silvio Rodriguezekin batera—, baita Euskal Herrian ere. Askoren esanetan, bere garaiaren kronikagile fina zen Milanes, kantuen bidez.

BERRIAk 2013ko martxoan elkarrizketatu zuen abeslaria azkenekoz. Ordurako, Milanesek izanak zituen zenbait osasun arazo, zilbor eten bati lotuak. Gaixoaldi eta errekuperazio garai artean ari zen jadanik. Hala eta guztiz ere, traba horiek ez zuten ezkutuan uzten haren grina. Politikaz ere mintzatu zen orduko hartan, Mikel Lizarralderen galderei segika. «Nik uste dut iraultzek ismo-etan pentsatzeari utzi behar diotela eta soilik iraultzetan pentsatu, besterik gabe», aitortu zion, besteak beste.

Ikusi gehiago: «Trobadoreari bere garaiaren kronikagilea izatea dagokio»

Aldarri ugari egin zuen Milanesek bere musikaren bidez. Iraultza politikoa gertatzeko aldarrikapena ez ezik, arrazismoaren, matxismoaren eta homofobiaren borroka ere izan zituen ahotan sarri. Hala, asmo argi batekin egin zuen urrats oro musika ibilbidean: musikarekin «elkar elikatzea» zuen desio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.