Udalerri euskaldunetako haurrek «askotariko loturak» dituzte inguruko hizkuntzekin, baina badira patroiak. «Haurrek kontzientzia eleaniztuna garatuta dutela esan genezake. Eleaniztasun horren barruan, baina, euskara eta gaztelania dira hizkuntza nagusiak, eta, eremu elebiduna izanik, haurrengan hizkuntza batek duen dominantzia marraztutako erretratuetan islatzen da». Hala dio Udalerri euskaldunetako haurrak eta euskara ikerlanak, Soziolinguistika Klusterrak, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta EHUko DREAM ikerketa taldeak egindakoak.
Udalerri euskaldunetako haurren hizkuntzaren atxikimenduan eragina duten faktoreak kuantifikatu dituzte hirurek, elkarlanean, eta «euskararen bizi-indarrean eta erabileran eragiten duten» 148 faktore identifikatu dituzte. «Horietatik 33 eskola-mailan kokatzen dira, 25 herrietan, 53 Euskal Herriko fenomenoak dira, bederatzi orokorrak eta, bukatzeko, 28 faktorek ikus-entzunezkoekin daukate lotura», egileek azaldu dutenez.
Zazpi ikastetxetako hezkuntza komunitateak aztertuta osatu dute lana. Proiektuan parte hartu dute ikastetxe horietako Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleek, eskola horietako irakasleek, zuzendaritzako kideek, gurasoek eta herriko eragileek; 139 haurrek eta 43 helduk, denera. Bizkaiko
—Dimako Ugarana eskola eta Bermeoko San Frantzisko eskola—, Gipuzkoako —Ikaztegietako herri eskola eta Azpeitiko Iraurgi— eta Nafarroako —Berako Ricardo Baroja eskola eta Etxarri-Aranazko Andra Mari ikastola— zenbait ikastetxetan egin dute ikerketa, eta Arabako bakarrean —Aramaioko San Martin eskola—, herrialde horretan Uemako herri bakarra dagoenez gero.
Hizkuntzarekiko harremana determinatzen duten faktoreak aldatzen dira herri batetik bestera. Errepikatzen direnak multzokatu egin dituzte ikerlariek, eta banatu ere bai, horien atzean egon daitezkeen arrazoien arabera. Herri guztietan errepikatzen direnen artean, eskola mailako faktore argi bat da euskarak lotura duela ikasgelarekin. Hizkuntza nagusia da eremu horretan, baina handik kanpo behera egiten du erabilerak. Joera hori ez da ikasleetan soilik antzematen, baita helduengan ere. Ikerketak agerian uzten du, horrez gain, herriko egoera soziolinguistikoaren bilakaerak zuzeneko eragina duela haurretan. Eskolan gertatzen dena handik kanpokoaren «isla» da, ikerketaren arabera.
Kontzientziazioa, beheraka
Euskal Herri mailakoak dira beste faktore batzuk. Esaterako, ikerketak berretsi duenez, «gaztelaniak izugarrizko erakarpen eta presentzia du, baita udalerri euskaldunetan ere». Gainera, gaztelania geroz eta «azkarrago eta indartsuago» sartzen ari dela ikusi dute. Adibidez, zenbaitek azaldu dute belaunaldi berberean gaztelaniaren ezagutza eta erabilera handiagoa dela egun lehen baino. Euskararekiko kontzientzia ere erasan egin dela erakusten dute emaitza orokorrek: «Euskararen biziberritze prozesuak nekea eta ezkortasuna eragiten ditu». Hala ere, behatutako herrietako euskararen erabileran ez da ikusten elkarrizketatuen ezkortasunetik erator litekeen tamainako beherakadarik. Haurrengan baino ezkortasun handiagoa sumatzen da, edonola ere, helduengan. Denean da kezka iturri, bestalde, atzerritar jatorrikoen hizkuntza integrazioa. «Euskarara bideratuko duen hizkuntza harrera baten faltan» herritar horiek gaztelaniarako bidea egiten dutela diote elkarrizketatuek.
Faktore orokorragoen artean, ikerketak hizpide du haurtzaroak eta nerabezaroak «nortasunaren eraikuntzan» duten garrantzia: «Gaztelaniarako hizkuntza muda egiten da nerabezaroan, haien nortasunaren eraikuntzan jokoan sartzen diren beste eragile batzuek duten indarrarengatik». Identitatea garatzeko prozesu horretan, aintzat hartu beharrekoa da, ikerketaren arabera, aldatzen ari direla haurren hizkuntza dinamikak, eta aldatzen «mundura begirako bizitza ikuspegiak».
Hizkuntza komunitatearen kohesioak eta dinamikek ere badute eragina:. «Herriko eragileen artean elkarlanik ez dagoenean, hiztun komunitatea banatuta dago, eta horrek euskararen erabileran eta atxikimenduan eragiten du». Horri lotuta, aipatzen da ez dagoela nahikoa baliabide «euskararen erabilera bultzatu eta herrietako euskalgintza berraktibatzeko».
Argazkia egiteaz gain, lan ildo izan beharreko zenbait ere markatu dituzte ikerlanean. Eskolan, adibidez, «ikasle profil berriak integratzeak», atzerritar jatorriko ikasleen hizkuntza harrerari garrantzi handiagoa emateak eta «ahozkotasuna eta euskararekiko atxikimendua» erdigunean dituen metodologia garatzeak lehentasunezko izan beharko lukete. Herriko eta Euskal Herriko baldintzak aldarazteko lanean ere eragin daiteke, diotenez; hala nola tokian tokiko eragileen arteko koordinazioaren eta elkarlanari esker eta belaunaldien arteko desberdintasunak desagerrarazten.
Ikus-entzunezkoetan euskararen presentzia handitzea ere bada lehentasunezkoa. Eta bada nondik hazi: «Haurrek erakutsi dute, horretarako aukera egoki eta erakargarria dutenean, euskarazko eskaintza kontsumitzen dutela».
Hiru udalerri mota
Faktoreak aztertuta, hiru udalerri mota bereizita daude ikerlanean. «Haurrentzako arnasguneak» dira Azpeitia eta Dima. Horietan, haurrak asko aritzen dira euskaraz, eta lotura estua dute euskararekin, etxeko hizkuntza edozein dutela ere. «Ohiko udalerri euskaldunak» dira, sailkapen horren arabera, Aramaio, Etxarri-Aranatz eta Ikaztegieta. Haurrak asko aritzen dira euskaraz, batik bat ikasgelan, baina erabileran beherakada izan dute herri horietan, eta horrek zuzenean eragiten du. Halaber, ikerketaren arabera, herriotan ez dago egoerari aurre egiteko moduko «militantzia artikulaturik». Azkenik, «udalerri euskaldun erasanak» dira Bera eta Bermeo. Horietan, gaztelaniaren erabilera da nagusi haurren artean, baita ikasgelan ere. Erabilera orokorra beheraka ari da horietan ere.