Hilberria

«Gau iluna argitu zuena» itzali da

Maiatzeko Plazako Amen Elkarteko presidentea zen Hebe de Bonafini. Videlaren diktaduran bi seme desagertu zitzaizkion; 1970eko hamarkadatik gaur egun arte, Buenos Airesko plazan bildu zen ostegunero.

Hebe de Bonafini, 2011n. GUILLERMO RONIS / EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko azaroaren 21a
09:46
Entzun

Ostegun honetan ere elkartuko dira hainbat ama Buenos Airesko Maiatzeko Plazan, 1977tik egiten duten moduan, Jorge Videla diktadoreak seme-alabak desagerrarazi zizkiela salatzeko. Ostegun hau, ordea, desberdina izango da. Maiatzeko Plazako Amen Elkarteko presidente eta giza eskubideen aldeko borrokaren ikur izandako emakumearen falta sumatuko dute. Atzo zendu zen Hebe de Bonafini, 93 urte zituela. «Diktadura militarraren gau iluna argitu zuen, eta demokrazia berreskuratzeko bidea urratu», adierazi du Argentinako Gobernuak, ohar baten bidez. Hiru eguneko dolu nazionalera deitu du, «gau iluna argitu zuenaren» omenez.

Ikusi gehiago:Negu Gorriak taldekoak Hebe de Bonafinirenekin Argentinan egon zirenekoa

Maiatzeko Plazako Amen Elkarteak eman du Bonafiniren heriotzaren berri, amaren batek bizitza galtzean hark erabiltzen zituen hitz berberekin: «Etxez aldatu da». Argentinako Subiranotasun Nazionalaren Egunean itzali zen Bonafini, gaixotasun kroniko batzuk okertuta.

Videlaren diktaduran (1976-1983) bi seme desagertu zitzaizkion —Jorge Omar, 1977ko otsailaren 8an, eta Raul Alfredo, abenduaren 6an; haren errain Maria Elena, Jorgeren emaztea, hurrengo urtean desagertu zen—. Beste hainbat ama eta etxekoandre Bonafiniren egoera berean zeuden, eta bakoitza bere aldetik aritu zen seme-alaben bila, harik eta ostegun batean —1977ko apirilaren 30ean— elkarrekin borrokatzea erabaki zuten arte.

Buenos Airesko Maiatzeko Plazan elkartzen hasi ziren, seme-alabak etxean bizirik nahi zituztela aldarrikatzeko. Poliziak ukatu egiten zien manifestariei plazan bertan plantatzea; ondorioz, Maiatzeko Piramidearen bueltan ibiltzen ziren. Emakumeen asteroko ibiliak giza eskubideen aldeko eta diktaduraren aurkako sinbolo bihurtu ziren. Ilea zapi batekin estalita, ostegunero joaten zen Bonafini plazara. «Oinez irakatsi zenigun; orain zure pausoei jarraituko diegu guk», adierazi du desagertuen amen elkarteak.

1979an sortu zuten elkartea, eta Bonafini izan zen elkarteko presidentea sorreratik. 1983an demokrazia berreskuratu zutenean, elkartea bitan banatu zen. Hainbat kidek Madres Linea Fundadora elkartea sortu zuten; estatuari pentsioak eskatzeari eman zioten garrantzia, beren seme-alabak itzuliko ez zirelakoan. Bonafinik Maiatzeko Plazako Amen Elkarteko buru izaten jarraitu zuen, eta beren seme-alabak etxera bizirik itzultzearen alde borrokan jarraitu zuten elkarteko kideek. «Borrokalari nekaezina» izan zen Bonafini, Alberto Fernandez Argentinako presidentearentzat.

Semeak eta erraina etxean izan gabe hil da Hebe de Bonafini.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.