Alderdiak

EAko Biltzar Nazionalak idazkari nagusiaren kudeaketa onartu du

Estatutu berriek eta txosten politikoak biltzarkideen %90ren babesa jaso dute. Epaitegiek hura ez egiteko sektore kritikoaren salaketa baztertu ondoren egiten ari da biltzarra bihar arte. Sektore horrek salatu du «afiliatuei bozkatzeko eskubidea ukatu» egin zaiela.

EAren biltzarra, gaur, Bilboko Euskalduna Jauregian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
xabier martin
2022ko azaroaren 19a
12:27
Entzun

Eusko Alkartasunak Ezohiko XIV. Kongresu Nazionala egin du Bilboko Euskalduna Jauregian, eta Eba Blancok idazkari nagusi gisa egindako kudeaketaren defentsa egin eta gero, aurkako botorik gabe onartu dute. Halaber, biltzarkideek estatutu berriak onartu dituzte botoen %89,9arekin, eta ponentzia politikoak %89aren babesa lortu du.
Blancok ekitaldi osoa normaltasunez egin dela azpimarratu du: «Ponentzia politikoa onartzeak erakusten du proposamen osoa dugula Euskal Herrirako. Eta, bestalde, estatutuen aldeko gehiengoak erakutsi du berme demokratiko handienak dituen funtzionamendu-araudia dugula».

Maiorga Ramirez buru duten EAko kritikoek Biltzar Nazionala bertan behera uzteko egindako eskaera ez du aintzat hartu epaileak asteon, eta biltzarra bere bidea egiten hasi da. Bihar izango da zuzendaritza eta ordezkaritza organoetarako bozketen txanda. Batzorde Nazionala, (idazkaritza nagusia barne), Kontseilu Nazionala, Batzar Nazionalaren eta Bermeen Batzordea osatuko dituzte.

«Botere kontu bat da»

«Hau ez da auzi politiko bat EH Bildun dugun enkajearen inguruan, botere kontu bat baizik», esan du Blancok, kritikoei erreparatuz. Ramirez buru duen taldeak agerraldi bat egin du Gasteizen, izan ere, biltzarra egiten ari zen bitartean, eskatzeko «atzera bueltarik ez duen elkarrizketa prozesu bat». Akordio bat nahi dute alderdiaren barruan, eta afiliazioak hura bozkatzea. Eusko Alkartasuna «lotsaren zulo beltzetik» atera nahi dutela adierazi dute. EAko tokiko koordinatzaile batzuek irakurri dute kritikoen manifestua, «norbanako bezala» EAk zehaztu duenez gero, «eta ez tokiko erakundeak ordezkatzen, ez baitituzte tokiko batzarrak deitu». Edonola ere, alderdian «barne demokrazia falta» dagoela salatu dute.

Kritikoek alderdi horren Biltzar Nazionala bertan behera uzteko egindako eskaera ez du aintzat hartu epaileak asteon, eta biltzarra bere bidea egiten hasi da. Epaileak ebazpenean esplikatu du kongresuan hartzen diren erabakiek ez dutela zertan betiko izan, eta, hortaz, haiek atzera botatzeko bideak badituztela salatzaileek. Kritikoek esplikatu dute Batzar Nazionaleko kide izateko aukera galduko dutela kongresu hori eginez gero, eta, hortik, 2023ko udal hauteskundeetako hautagaitzak aterako direla. Baina epaileak ez du aintzat hartu arrazoi hori.

Joan den ekainean, ordea, otsailaren 19an eta 20ean EAk egindako kongresuan hartutako erabakiak baliogabetu egin zituen Gasteizko epaitegi batek, kautela neurriaren eskaera kontuan hartuta. Han onartu ziren estatutuak eta izendatzeak bertan behera utzi zituen epaileak, tartean Eba Blancorena idazkari nagusi gisa. Azkenerako, bere biltzarra egiten ari da EA gaur eta bihar, Hemen erabaki, hemen burujabe lelopean, aurrera egiteko exekutiba nazionalak ezarritako bide orriarekin.

Kritikoen eskaera

157 biltzarkide ari dira parte hartzen Biltzar Nazionalean, aukeratu zitezkeen guztien %63, alderdiko zuzendaritzak azaldu duenez. Parte hartzaile horiek alderdiko estatuak onartu dituzte, eta, horrekin batera, ildo politikoa eta hura gauzatzeko kargudunak datozen lau urteetarako (bihar). Kritikoen agerraldian Ramirez, EAko afiliazioa lau urterako galdu duen alderdikide ohia egon da; harekin batera galdu dute afiliazioa Iratxe Lopez de Aberasturik, Miren Aranoak eta Mikel Goenagarekinek. Esan dute EAko afiliatuen %10ek baizik ez dutela parte hartu biltzar aurreko tokiko batzarren prozesuan.

Epaitegiek agindutakoa ez betetzea egotzi diote EAko idazkari nagusiari, «primarioen prozesua errepikatzeko agindu diotelako». Idazkari nagusia berriro hautatzeko saiotzat jo dute Euskadunako kongresua, «afiliatuei bozkatzeko eskubidea ukatuta»: «Eba Blancok galarazi nahi du kosta ahal kosta idazkari nagusiaren kargua gu aukeratu gaituzten moduan aukeratzea: pertsona bat boto bat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.