Jose Luis Zumetak pintore eklektikotzat zeukan bere burua, Mikel Telleria musikariak gogora ekarri duenez. «Eta egia da: figuratibotik abstrakziorainoko bide osoa landu zuen». Hala, margolariari disko bat eskainiko ziola erabaki zuenean, agindu bat eman zion bere buruari: «Eklektikoa behar zuela, kantu oso desberdinak bildu behar zituela». Rock kutsuko baina molde eta hizpide oso desberdinetako 11 kantu jaso ditu Zumeta lanean. Usoa Zumeta artista eta pintorearen alabarekin elkarlanean ondu du albuma, eta autoekoizpen bidez eman du argitara.
Diskoaren lehen hazia pandemia betean, itxialdi garaian ernatu zela azaldu du Telleriak. Etxetik apenas atera ezin zen egun horietako batean iritsi zen Zumetaren heriotzaren albistea, 2020ko apirilaren 23an. Eta urte batzuk lehenago Zumetak BERRIAri eskainitako elkarrizketa batean, «zoragarria» iruditu zitzaion adierazpen bat irakurri zuen. Zerk bultzatzen ote zuen pintatzera galdetu zion kazetariak margolariari, eta hala erantzun zion: «Egin beharrak. Ez badut pintatzen, ez naiz ongi aurkitzen. Oreka bilatzeko da, eta bizitzeko gogoa». Musikariaren ustez, obra asko sortzeko abiarazlea izan da Zumetak aipatu zuen behar hori, eta berak ere sortzeari ekitea erabaki zuen. «Kantu bat egingo niola pentsatu nuen».
Zumetaren obran gakotzat zeuzkan alderdietan bilatu zuen inspirazioa; besteak beste, koloreen munduan, mihise zurian eta pintatzea bizigai izatean. «Elementu horiekin lehen estrofa osatu nuen, eta, behin hori lortuta, bestea ia berehala atera zen; bi-hiru egunean egin nuen kantua». Etxekoei erakutsi, haiei gustatu, eta sortzen jarraitzea erabaki zuen, nolako diskoa egin nahi zuen pentsatzen.
Bien bitartean, 2020ko ekainean, Bernardo Atxagaren deia jaso zuela kontatu du Usoa Zumetak; idazleak azaldu zion bere aitaren omenezko kantu bat sortua zuela Telleriak, eta etxera gonbidatu zituen. Itxialdia zela eta, urtebetez atzeratu behar izan zuten bilkura, baina, azkenean, iazko ekainean elkartu ziren, lagun artean pieza entzuteko. «Asko gustatu zitzaigun, eta han bertan hitz egin genuen azalean aitaren margolan bat jartzeko aukeraz».
Ekoizlea bilatzea, finantzaketa lortzea eta irudia aukeratzea izan ziren hurrengo urratsak. 2001eko margolan bat hautatu zuten azala janzteko; Usoa Zumetak irudia eta kolore aukerak bidalita, Irati Antiak osatu zuen diseinua.
Zumeta izeneko lehen abesti hura Usurbilen abestu zuen Telleriak jendaurrean lehen aldiz, iazko urrian, Zumeta in memorian ekitaldian. Hogei urte dira diskorik eman ez zuela, eta jendaurrean ere ez zuen aspaldian kantatu, baina «oso gustura» sentitu zen emanaldian, eta horrek animatu zuen diskoa osatzera.
Bi ardatz, hamaika molde
Lanak bi ardatz jorratuko zituela erabaki zuen: «Batetik, pintura munduko metaforak landu behar zirela kantu batzuetan, eta, bestetik, alderdi soziala landu behar zela, Zumetak ere bere konpromisoa erakutsi zuelako herri honekin». Horiek zehaztuta, konfinamendu garaian sortu zituen kantuetako batzuk, eta geroago beste batzuk. Betiere eklektikotasuna bilatuz. «Nire ustez, kontraste handiko disko bat da. Nire asmoa izan da, hasiera-hasierako kantutik azkenekora, batak hurrengoarekin ez zezala zerikusirik izan». Hala, maitasuna du hizpide Euri hotzena kantuak, zorionaren egungo eredua zalantzan jartzen du Hainbat lore-k, buruzagi populisten salaketa egiten du Kontularia 5 (collage)-ek, edota Aita Mari salbamendu ontzia du ardatz Hala ere-k. Bada baladarik, funk printzarik ere bai, baina rocka da nagusi, Telleriaren hitzetan. Baina horretan ere bilatu du kontrastea sortzea. «Orokorrean, esan daiteke dena rocka dela, baina estilo ezberdinetako rocka». Eta lan oso bezala planteatu duelako, diskoa hasi eta buka entzutea gomendatu du.
Koldo Uriarteren Gasteizko estudioan grabatu zuen lana —hura izan da ekoizpen arduraduna, eta hainbat tresna ere jo ditu—, musikari «oso onek» lagunduta: Iñigo Goldarazena (baxua), Ander Hurtado Saratxo (bateria), Eriz Perez (mandolina), Xabi Martinez (biolina) eta Raul Vera (gitarra elektrikoa) izan ditu alboan.
«Artista zoragarria delako» eskaini dio Zumetari albuma Telleriak, baina esan du haren belaunaldi bereko beste zenbait sortzaile ez dituela omendu gabe utzi nahi, Basterretxea, Ruiz Balerdi, Ameztoi, Ortiz de Elgea, Txillida, Oteiza eta beste aipatuta. «Euskal artea modu duin batean jarri zuten munduaren aurrean, nazioarteko punta-puntako beste artisten maila berean. Niretzat hori balioesteko modukoa da».
Lana Durangoko Azokan izango da salgai, autoekoizleen plazan eta online dendan, baita dendetan eta plataformetan ere geroago. Datorren urtean zuzenean aurkezteko asmoa ere badu.
Zumetaren muralak 50 urte
Eusko Jaurlaritzaren babesaz gainera, euskarazko kultur sormenerako Usurbilgo Udalaren diru laguntza jaso du diskoak. Agurtzane Solaberrieta alkateak azaldu duenez, beste zortzi proiektu babestu ditu udalak laguntzen lehen deialdian, eta sorkuntza sustatzen segituko dutela ziurtatu du. «Pozgarria da diskoa argitaratuta egotea eta proiektuak martxan ikustea; halakoak guretzat akuilu dira, abiatutako bidean aurrera egiten jarraitzeko».
Zumetaren obrari lotutako iragarpen bat ere egin du alkateak. Heldu den urtean 50 urte beteko ditu Usurbil erdigunean dagoen Zumetaren muralak, eta, urteurrenaren harira, kultur egitarau «mardula» prestatzen ari da jada udala, familiarekin elkarlanean. Xehetasunak laster jakinaraziko dituztela gehitu du Solaberrietak.