Euskararen egoera

Iraitz Lazkano: «Egiturazko neurriak behar ditugu egoera iraultzeko»

«Arduraz» jokatzera deitu du, eta udalerri euskaldunetan «hizkuntza politika aurreratua» egitera, politika «sektorialetatik» harago joango dena.

Iraitz Lazkano Udalerri Euskalden Egunean, maiatzean, Seguran (Gipuzkoa). IDOIA ZABALETA / FOKU
Julen Aperribai.
2022ko azaroaren 16a
12:52
Entzun

«Kezka» agertu du Iraitz Lazkano Uemako lehendakariak udalerri euskaldunen bilakaera soziolinguistikoaz gaur argitaratutako datuei buruz, baina gogorarazi du ez dela kezka berria, eta denbora daramala Uemak udalerri euskaldunetan erabileran izandako beherakadaz ohartarazten. «Ezin dugu arrosa kolorekoa irudikatu udalerri euskaldunetako egoera; jakina, gainerako eremuetan baino hobea da euskararen egoera, baina joera negatiboa da, eta hala berretsi dute zentsuko datuek», adierazi du. Ez horiek bakarrik, Soziolinguistika Klusterrak maiatzean argitaratutako kaleko erabileraren neurketak ere «atzerakadabatzuk» erakusten zituela gogorarazi du. «Udalerri euskaldunak hauskorrak dira, eta ezin gara lasaitu. Egiturazko neurriak behar ditugu egoera iraultzeko», nabarmendu du.

Datuok udalerri euskaldunetan «hizkuntza politika aurreratua» egitearen beharra agerian uzten dute, Lazkanoren arabera: «Udalerri euskaldunen garapena helburu izango duena eta politika sektorialetatik harago joango dena. Euskararen egoeran eragina baitute beste hainbat eremutan eta sailetan egindako politikek, baita egin ez diren politikek ere».

Udalerri euskaldunen «hauskortasuna» aintzat hartuta, «arduraz» jokatzera ere deitu du Lazkanok, eta «bideak» eskatu ditu gainbehera eteteko. «Lege babesa behar dute arnasguneek, eta haien garapena bermatuko duten egiturazko neurriak hartzea». Halaber, Uema sendotzeko beharra aldarrikatu du, eta hartara batzeko eskatu die horretarako baldintzak betetzen dituzten udalei, «udalerri euskaldunen lurgunea sendotzeko eta elkarrekin euskararen biziberritzeari hauspoa emateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.