Euskararen egoera

Euskararen erabilera atzeraka ari da, nabarmen, udalerri euskaldunetan

Euskaldunak %80 baino gehiago diren herrietan izan dira galerarik handienak, bai erabileran eta bai lehen hizkuntza euskara dutenen zenbatekoan, Uemak aztertu duenez. Ezagutzan azken urteotan izandako beherakada eten egin da.

Euskararen aldeko horma irudi bat, Igorren (Bizkaia). MONIKA DEL VALLE / FOKU
Julen Aperribai.
2022ko azaroaren 16a
12:17
Entzun

Geroz eta gehiago dira udalerri euskaldun izendatuak; hots, euskararen ezagutzan %70en langa gainditzen dutenak. Ezagutzari huts-hutsean begiratuta, agerikoa da eremu erdaldunetan asko hedatu dela. Eremurik euskaldunenak, ordea, geroz eta biztanle gutxiago biltzen ditu. Eustatek Biztanleriaren eta Etxebizitzen Zentsuaren gainean berriki emandako datuek berresten dute, halaber, okerra dela proportziozko bilakaera espero izatea ezagutzaren eta erabileraren artean: baldintzak eta hiztunen ezaugarriak aldatu direla, baita beste hainbat aldagai ere, eta erabileraren igoerarik txikiena lortzeko ahalegina handiagoa dela lehen baino.

Ikusi gehiago:Iraitz Lazkano: «Egiturazko neurriak behar ditugu egoera iraultzeko»

Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak xehatu egin ditu Eustatek emandako datuak, eta udalerri euskaldunetako egoerari erreparatu dio, hiru aldagai soziolinguistiko aztertuta: euskararen ezagutza, lehen hizkuntza eta etxeko erabilera.

Euskararen ezagutza

Udalerri euskaldunetan, herritarren %73 dira gai euskaraz ondo egiteko, %13k euskaraz ulertzen dute, eta %14k, ez. Ezagutza handiagoa da laugarren gune soziolinguistikoan—euskaraz dakitenak %80 baino gehiago dira—: %84k dakite euskaraz, %8k ulertzen dute, eta %8k, ez. Zazpi puntuko igoera izan da ezagutzan udalerri euskaldunetan 1981etik gaur arte, baina igoera ez da lineala izan. 2011n beherakada sumatu zen, eta berriz ere goranzko joera hartu du azken neurketan. Hala ere, proportzioa 2001ekoaren zertxobait azpitik dago oraindik.

Laugarren gune soziolinguistikoan ere eten da ezagutzan izandako galera, baina, hala ere, oraindik ia bost puntu azpitik dago 2001eko ezagutza proportziotik (%89,2).

Ezagutzaren arabera ere multzokatu ditu eremuak Uemak, eta bakoitzaren bilakaera aztertu. Hor ikusten da agerien zer joera hartu duten. Lau talde banandu ditu: 1981ean euskaldunak %90-100 ziren herriak, %80-90 zirenak, %70-80 zirenak eta %60-70 zirenak. Bada, ertzetako bi multzoetan izan dira gorabeherarik handienak. Euskaldunenean, 11 puntuko jaitsiera izan da ezagutzan, eta %60-70 euskaldunak zituzten udalerrietan, 7 puntuko hazkundea. Beste bi tarteetan, apenas izan den aldaketarik. Udalerriak banaka hartuta ere ikusten da euskaldun dentsitaterik handieneko herrien urritzea. 1981ean 48 udalerrik (30.789 biztanle) gainditzen zuten %90eko atalasea, eta iaz, hamarrek (3.777 biztanle).

Udalerri euskaldunen sailkapenean, hiru motatakoak bereiz daitezke, Uemaren arabera: ezagutza %60-75 bueltakoa izatera iritsi direnak, azken urteetan izandako hazkundearen ondorioz; ezagutzak behera egin, eta aurrekoen parean kokatu direnak; eta bostetik lau baino gehiago euskaldunak dituztenak, nahiz eta azken urteetan galera izan duten.

Lehen hizkuntza

Hamarkadatik hamarkadara berresten den joera da: gero eta txikiagoa da euskara lehen hizkuntza dutenen proportzioa. Egun, biztanleen erdiek pasatxok dute euskara lehen hizkuntza euskara.

Beherakadarik handiena laugarren gune soziolinguistikoko udalerrietan izan da: 30 urtean hemezortzi puntu jaitsi dira. 2011tik hona ez da aurreko hamarkadan adinako jaitsierarik izan, baina ez dio utzi apaltzeari. Esanguratsua da gune horretan lehen hizkuntza euskara edo gaztelania ez duten herritarren proportzioan izan den gorakada. «Biztanle mugimenduak daude horren oinarrian, ez transmisioaren haustura bat: euskaldunen transmisioa oso sendoa da udalerri euskaldunetan, inon baino sendoagoa, baina jende aldaketek lehen hizkuntzan eragiten dute», zehaztu du Uemak.

Hazteko marjinarik handiena duen lekuetan ari da hazten gehien gaztelania, bestalde, lehen hizkuntza gisa. Laugarren gune soziolinguistikoan 1991tik hona ia hamar puntu handitu da proportzio hori. Udalerri euskaldunetan galera handia izan da, eta zenbait herritan beherakada 20 puntutik gorakoa da, Uemak zehaztu duenez.

Galeraren argazkia osatzeko, herriz herriko bilakaera ere aztertu du Uemak; zenbatek duten lehen hizkuntza euskara, alegia. Beherakada agerikoa da: 1991n, 52 udalerritan herritarren %90ek baino gehiagok euskara zuten lehen hizkuntza, eta, egun, ez dago atalase horretara iristen den udalerririk. Are, tarte berean euskara lehen hizkuntza dutenen zenbatekoa handitu den udalerri euskaldunik ere ez dago. Hiru motatan sailkatu ditu udalerri euskaldunak Uemak: «euskararen transmisioaren nagusitasunik gabeko udalerriak», euskara lehen hizkuntza duenak %60ra iristen ez direnak; «euskararen transmisioaren nagusitasun erabatekorik gabeko udalerriak», herritarren %60-80k euskara lehen hizkuntza duten herriak; eta, «euskararen transmisio sendoko udalerriak», bost herritarretik lauk baino gehiagok euskara lehen hizkuntza dutenak. Azken mota horretako udalerri guztiak txikiak dira, mila biztanle baino gutxiagokoak.

Etxeko erabilera

Paretsu daude euskara (%41) eta gaztelania (%38) udalerri euskaldunetako etxeko erabileran, eta, tartean, bada azken hamarkadan handitu den multzo bat, biak antzera erabiltzen dituztenena (%18). Laugarren gune soziolinguistikoan handiagoa da euskara erabiltzen dutenen proportzioa: %59. Hala ere, beherakadarik handiena ere han izan da: %81ekoa zena %59koa bihurtu da 30 urtean. Beherakada izan da eremu euskalduna osoan hartuta ere, baina txikiagoa: %54tik %41era.

Hein txikiagoan, baina gaztelaniaren erabilerak gora egin du udalerri euskaldunetan; zehazki, zortzi puntu azken 30 urteetan. Laugarren gune soziolinguistikoan 1981ean halako bi aritzen dira gazteleraz etxean.

Udalerriak ere lau multzotan banatu ditu Uemak, Iñaki Iurrebaso soziolinguistak egindako sailkapen proposamenean oinarrituta. «Erdara nagusi duten udalerri euskaldunak» dira zenbait herri koxkor: Hernani, Urretxu, Hondarribia… Euskararen erabilera %40tik beherakoa da horietan. Multzo handiagoa da «nagusitasun argirik gabeko udalerri euskaldunena». Euskararen erabilera %40-60koa da horietan, eta ia guztietan egin du atzera. Zenbaitetan, 20 puntutik gora azken 30 urteotan. Atzerakada izan dute «euskararen nagusitasun erabatekorik gabeko udalerri euskaldun» gehienek ere. Talde horretako udalerrietan %60-80ko erabilera dute, eta duela 30 urte %80tik gorakoa. Azkenik, oso gutxi dira «euskararen nagusitasun handiko udalerri euskaldunak», etxeko erabilera %80tik gorakoa dutenak. Tamainaz, gainera, txikiak dira. Galera handia izan dute guztiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.