Espainiako Estatuaren indarkeriaren biktimak biltzen dituen Egiari Zor fundazioak agerraldia egin du Espainiako Barne ministro ohi Jose Barrionuevoren adierazpenak baloratzeko. Haren izenean, GALek hildako Santi Brouarden alaba Edurne Brouardek eta Xabier Galdeanoren alaba Begoña Galdeanok Espainiako Gobernuari eskatu diote «adierazpen argi bat» egin dezala «erantzukizunak bere gain hartzeko eta eragindako mina aitortzeko». Era berean, «estatu terrorismoak eragindako krimenak ebaztea ahalbidetuko duen dokumentazio sekretua desklasifikatzeko» ere eskatu dute: «Asko eta asko beren erantzukizunetatik salbuetsita uzten dituen kondena generikorik ez dugu behar».
Brouardek eta Galdeanok esan dute Barrionuevoren hitzek ez dituztela ezustean harrapatu: «Ez dute lehendik ez genekien ezer berririk ekarri: zigorgabetasun osoz sentitzen denaren eta egindako terrorismoaz harro dagoenaren jarrera baino ez du erakutsi». Edonola ere, «paradigma aldaketa» ikusten dute biktimek ministro ohiaren hitzetan: esan dutenez, lehen «ukazioa» erabiltzen zuten, «ekintza terroristetan edozein parte hartze edo erantzukizun ukatzea»; orain, aldiz, estrategia «estatu aparatuek eragindako terrorismoa zuritu eta legitimatzen saiatzea» da, haien aburuz.
Ikusi gehiago:Olga Tubau, Segundo Mareyren abokatua: «Nola da posible estatu batek halako izugarrikeriak egitea?»
Egiari Zor elkarteko kideek uste dute fiskaltzak ofizioz jardun beharko lukeela adierazpen horien aurrean, eta berdin egin beharko zukeela Felipe Gonzalez presidente ohiak gerra zikinaren inguruko adierazpenak egin zituenean edo Jose Luis Corcuera barne ministro ohiak Antonio Cardosa postariaren hilketan izan zitzakeen erantzukizunen inguru informazioak plazaratu zirenean. «Ez dute egin, erabateko desoreka duen justizia eredua dagoelako: indarkeria eragin duten batzuengan legearen pisu guztia jartzen du, biziarteko kartzela zigorra ezartzeraino, eta beste batzuei, gure sufrimenduaren erantzule diren horiei, zigorgabetasuna oparitzen die». Egiari Zor fundazioko kideek iragarri dute Jose Maria Larretxea Goñiren senitartekoak aztertzen ari direla auzitara jotzeko aukera.