Abian dira (Ez)amatasunak ikuspegi feministatik jardunaldiak, Donostiako Tabakaleran. Gaur eta bihar egingo dira. Badira jardunaldietan ezohikoak diren irudiak: ume txikiak, esaterako. Eta parte hartzaile guztiek jaso dute «elkar zaintzeko ituna». Hartan, jardunaldiak antolatu dituen elkarteak, Emaginek, argi utzi du jardunaldion asmoa ez dela inor «epaitzea», baizik eta «(ez)amatasunari» buruz «ikuspegi feminista batetik» gogoeta egitea, «errespetuz».
Hori aintzat hartuta ondu dute ituna: «Ondokoak dioena entzun, eta enpatia ariketa bat egingo dugu, bakoitzak berea pixka bat mugituz, zabalduz», adierazi dute antolatzaileek. «Zalantza, zaurgarritasuna, sentiberatasuna, ezegonkortasun, txikitasuna eta arrarotasuna ondo etorriak dira». Lehen hitzaldiaren aurretik, adierazi dute parte hartzaile guztiak «aberastea» dela asmoa, eta ama izateko era «askotarikoei» erreparatu nahi dietela; «arrakalak» ere bilatu nahi dituzte, egun ezarrita dauden hainbat sistematan. «Egin, desegin, berregin», hori da, hain justu ere, jardunaldiaren aldarria.
Lehen mahai ingurua bukatu da. Diana Oliver izan da hitza hartzen lehena. Kazetaria da, etalan ugari egin du «prekaritateak» ama izateko egun eragiten dituen arazoen inguruan. Hain justu ere, azaldu du «prekaritateak» ama izateko prozesua baldintzatzen duela. Horrek egoera aski zailetan uzten ditu emakume asko. Horiek horrela, umeen «erritmoak» errespetatuko dituen mundu bat aldarrikatu du, haien zaintza aintzat hartuko duena. Feminismoari eskatu dio bideak irekitzeko «amatasun kontziente» bat bizi nahi duten andreentzat. Esan du amatasuna «esentzialismoarekin» lotzeko joera izan dela usu feminismoan, eta ez zaiola gaiari trataera ona eman. Amatasunak, era batera edo bestera, emakumeen bizitzak «ardazten» dituela onartu behar dela esan du, eta tokia egin behar zaiola. Finean, «patriarkaturen» garaipena emakumeek «aukeratu ezin dutenean» gertatzen dela argudiatu du, eta andreek hitza izatea lehenetsi behar dela.
Marina Sagastizabal soziologoak hartu du gero hitza. Nabarmendu du amatasunak emakumeak «zigortu» egiten dituela gehiegitan, «zaintzaren» arloan haiei egokitzen zaielako jardutea, batez ere. «Familia ereduak» aldatu direla esan du, baina «gizarte zerbitzuak» ez direla hein berean garatu, eta gizonek ez dituztela hartzen beren andreen pare zaintzarekin lotutako erantzukizunak.
Anna Molasek itxi du mahai ingurua. Obulu ematearen inguruko ikerketa bat egiten ari da, eta horren berri eman du. Horrek donazioa egiten duten andreentzat ekar ditzakeen «arriskuen» gaineko ikerketak falta direla esan du, eta ernalkuntza lagunduan diharduten klinikek usu ez dituztela emakume horiek era egokian informatzen.