Zientzia euskaratik eta euskaraz lantzea, eta horretarako prosa eta lexiko zientifikoa sortzea. Helburu horrekin sortu zen Elhuyar, duela 50 urte. Hain zuzen, 50. urteurrena ospatuko du gaur Elhuyar fundazioak, Donostiako Kursaalean.
Gaurko ekitaldiaz gain, Elhuyarrek hainbat ekintza egin ditu urte osoan mende erdia ospatzeko, eta guztiak kutxa bakar batean bilduko ditu: kutxa horretan, urte guztiko lekukotza, objektu eta oharrak gordeko dira, eta itxi egingo da, 2070. urtera arte, garai horretako herritarrek gaur egungo lekukotza bat izan dezaten.
Mende erdiz, euskaratik abiatuta
2002. urtean sortu zuten fundazioa bera, baina 1972an hasi ziren haren bidea eraikitzeko lehen urratsak egiten. Hain zuzen, ikasketa guztiak erdaraz egin zituzten Luis Mari Bandres, Juanjo Gabiña, Jesus Mari Goñi, Andoni Sagarna, Kepa Zalbide, Iñaki Azkune, Felix Azpiroz, Xabier Larrea eta Mikel Zalbidek, eta, ikasitakoa euskaraz landu ahal izateko, Donostiako San Martzial kaleko lokal batean biltzen hasi ziren, larunbatero, hogei urtez. Talde hark kultura elkarte egitura hartu zuen, eta fundazio bihurtu zen gero.
Egun, zientzia euskaraz lantzen jarraitzen badute ere, beste arlo batzuetara ere zabaldu da Elhuyar fundazioa: hizkuntza zerbitzuak, adimen artifiziala, hizkuntza teknologiak eta gizarte aholkularitza eskaintzen ditu.