Euskara

'Ekin' hitza izango da 2023ko Araba Euskaraz ikastolen jaiaren ikur eta leloa

2023ko ekainaren 11n egingo dute, Olarizun, baina urte osorako ere antolatu dituzte bestelako ekintzak.

Unai Mendizabal eta Salome Martinez de Ilarduya Araba Euskarazen aurkezpenean, Gasteizen, gaur. ARABA EUSKARAZ
iraia vieira gil
2022ko azaroaren 10a
14:30
Entzun

Unai Mendizabal Arabako Ikastolen Elkartearen presidenteak eta Salome Martinez de Ilarduya Lautada ikastolako zuzendariak 2023ko Araba Euskaraz ikastolen jaialdia aurkeztu dute gaur, Gasteizen. 2023ko ekainaren 11n egingo dute, Olarizun, eta zortzi ikastolak hartuko dute parte.

Ardatzak aurtengo ereduari jarraituko dio, eta, auzolanaren eta elkarlanaren bidez, elkarri irakatsiko diote, elkarren arteko harremanak aberasteko helburuarekin. Batzordeak antolatuko dituzte ikastoletan, eta haien artean koordinatuko dira ekitaldia aurrera eramateko: material salmenta, txartel salmenta, egitarauen taxuketa...

Aurtengo ikur eta leloari dagokienez, Ekin hitzak osatuko ditu biak: «Ekinaren ekinez iritsi garelako ikastolak honaino, ekinaren ekinez iritsi delako Araba Euskaraz honaino». Bestalde, eta «elkarrekin» egin duten bidea izan denez, aditza deklinabide atzizki bihurtuko dute ikurrean eta, modu horretan, bi esanahi hartuko ditu hitzak.

Horrez gain, eta iaz egin zuten moduan, Araba Euskaraz urte osoko jaialdi bihurtuko dute aurten ere. «Araba Euskaraz urteari ekingo diogu», esan dute antolatzaileek. Hala, Arabako eskualde bakoitzean antolatuko dituzte egitasmoak, betiere euskara lurralde osoan zabaltzeko helburuarekin. «Euskal kulturak behar duelako Araba Euskaraz jaiean agertokia, ikusia eta entzuna izan dadin».

Oraingoz, bi ekitaldiren berri eman dute: «Kalejira erraldoi bat» eta «Go!azen kontzertua». Agurainen izango da lehenengoa, azaroaren 18an, eta Asier Burguete DJ-a, malabaristak, hanka luzeak, photocall-a eta txosnak egongo dira bertan. Bigarrena, berriz, abenduaren 4an izango da, Euskararen Egunaren ostean, eta bi emanaldi emango ditu Go!azen taldeak Gasteizko Europa Biltzar Jauregian. 17:00etan bata, eta 19:00etan bestea.

Lautada ikastola

2023ko Araba Euskaraz jaiarekin lortuko duten dirua Lautada ikastolaren proiektua laguntzeko erabiliko dutela jakinarazi dute. 2008. urtean sortu zuten Lautada ikastola, Arabako Lautadan «kalitatezko hezkuntza euskalduna» eskaintzeko xedez. Agurainekin harreman estua dute, eta, Araba Euskaraz jaiak aldarrikatzen duen moduan, elkarlana eta auzolana dituzte ikastola horretan «lanabes nagusi». Kooperatiba bat da, eta 250 ikasle ditu guztira.

Araba Euskaraz festaren bitartez, proiektuari bultzada eman nahi diote, eta xedeak zabaltzen jarraitzeko indarrak lortu nahi dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.