Memoriaren Egunaren harira, bi minutuko isilunea eta lore eskaintza egin dute Cristina Iglesiasek biktimen omenez egindako Gauerdiko iparrorratza eskulturaren aurrean, Gasteizen, Eusko Legebiltzarrean. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea izan ditu buru ekitaldiak, eta alderdi guztietako ordezkariak izan dituzte alboan, PP, Ciudadanos eta Vox kenduta.
Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkide eta Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen batzordeko buruak indarkeriaren analisi kritikoa egitera deitu du, eta ez ahaztera: «Denok gaude interpelatuta, baina, batez ere, helburu politikoekin indarkeria erabili zuten edo erabiltzea justifikatu zuten pertsonak». Biktima guztien aitortza aldarrikatu du, eta bide horretan Eusko Legebiltzarrean jorratzen ari diren lege egitasmoa ekarri du gogora: «Terrorismoaren biktimak aitortu eta erreparatzen dituen legea onartu eta hamalau urtera, Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legea izapidetzen ari da Eusko Legebiltzarrean, estatu kolpearen, gerraren eta ondorengo diktaduraren biktima guztiak aintzatesteko eta erreparatzeko».
Etxerat-ek ere elkarretaratzea egin du Gasteizen, legebiltzarraren alboko Loma Jeneralaren plazan. Euskal presoen sakabanaketaren ondorioz izandako istripuetan hildako hamasei senideak eta espetxean hildako 35 euskal presoak izan ditu gogoan, eta haiek ere biktima gisa aitortzeko eskatu dute. Salatu dute erakundeek «ahaztu» egin dituztela biktima horiek, eta ahaztura hori bakardadean jasan behar izan dutela. EH Bilduk bat egin du elkarretaratze horrekin.