S4C telebista galestar publikoak eskatuta, Codesyntax euskal enpresak eta Tinopolis Galesko ekoiztetxeak elkarlanean garatu dute Cwis Bob Dydd jokoa (proba bat egunean). Telebista publikoak berak eta Galesko Gobernuak finantzatu dute proiektua.
S4C telebistak atzo iragarri zuen ofizialki, ohar baten bidez. Honela mintzatu zen telebistaren eduki digitaleko arduraduna, Rhodri ap Dyfrige: «Espero dugu euskaraz aplikazioak izan duen arrakastatik ikastea, eta eragin bera edukitzea hemen Galesen». Jeremy Miles gobernu erregionaleko Hezkuntza eta Hizkuntza ministroak, berriz, erran zuen «Galeseraren erabilera areagotu» nahi bada jokoa «aukera atsegina» dela horretarako.
Bi bertsioak berdinak dira mekanikan eta itxuran, hizkuntza eta galdera jakin batzuetan izan ezik. Zenbait galdera bertsio batetik bertzera pasatu badituzte ere –eragiketak edo munduko banderak, adibidez–, bertze batzuk gehiago egokitu behar izan dituzte. Batez ere, Galesko historia, kultura edo hizkuntzako datuak biltzen dituztenak.