«Hau da Metaren historian egin dugun aldaketarik zailena». Hitz horiekin iragarri du Mark Zuckerberg konpainiako buruak langileen %13 kaleratuko dituela. Besteak beste, Facebook, Instagram eta Whatsapp plataformen jabea da Meta, eta 87.000 langile ditu orain, baina horietako 11.000 kanporatuko ditu.
Zuckerbergek argudiatu duenez, koronabirusaren izurrian kalkulaturiko hazkuntzan oinarrituta langile asko kontratatu zituen konpainiak. Izan ere, konfinamenduetan jende askok Interneteko sare sozialetara jo zuen, aurrez aurreko harremanak galarazita zeudenean, eta horrek asko handitu zituen konpainiaren diru sarrerak.
«Jende askok esan zuen azelerazio hau etengabea izango zela», adierazi du Zuckerbergek, eta uste horretan oinarrituta erabaki zuela inbertsioak asko handitzea.
Baina esan du «makroekonomia okertuta» diru sarrerak espero baino askoz txikiagoak izan direla. «Gaizki kalkulatu nuen, eta horren ardura neuregan hartzen dut».
Ikusteko dago zer eragina izan duen egoeran Zuckerbergek mundu birtualetan inbertitzeko duela urtebete iragarritako erabakiak. Iazko urrian, Facebook konpainiak izena aldatu zuen, Meta bihurtzeko, buru-belarri aritu nahi zuelako metabertsoa deiturikoa sortzen; hau da, unibertsoaz harago joango den mundu birtual batean.
Uztailean, zenbaki txarrak aurkeztu zituen Metak: errealitate birtualeko atalak 2.800 dolar galdu zituen urteko bigarren laurdenean, nahiz eta horren inguruko gailuak eta softwarea gero eta gehiago saldu.
Halere, Zuckerbergek eutsi zion asmoari, eta, egitasmoa oso garestia zela onartu arren, denborarekin metabertsoak bilioiak mugituko dituela agindu zien akziodunei eta langileei.
Kaleratzeak iragartzeko gaurko mezuan ere, arreta metabertsoan, adimen artifizialean eta publizitatean jartzen jarraitzeko asmoa duela azaldu du Metako buruak.
Eraikinetan ere, gastuak aurrezteko asmoa duela gaineratu du. Laster posta elektronikoz jakinaraziko diete langileei lanpostua galduko dutela.
Metabertsoa Interneten hurrengo urrats gisa azaldu zuen Zuckerbergek iaz. Errealitate birtualarekin eta errealitate areagotuarekin loturiko kontzeptua da. Lehenean, mundu erabat artifizialak sortzen dira. Bigarrenean, mundu erreala eta birtuala nahasten dira, duela lau bat urte boladan egon zen Pokemon Go jokoan bezala. Metabertsoak unibertso paralelo bihurtuko luke Internet, eta gizakiak, besteak beste, horretan bildu eta lan egin ahalko dute.
Unibertso horretan sartzeko betaurrekoak garatzen 10.000 pertsona ditu lanean Facebookek. Zuckerbergek Oculus VR konpainia erosi zuen 2014. urtean. Errealitate birtual eta areagoturako betaurrekoak egiten ditu, eta 2015ean hiru dimentsioko munduak eta errealitate mistoak sortzen dituen Surreal Vision erosi zuen, telepresentzia lantzeko; hau da, leku fisiko berean ez dauden pertsonek elkarrekin aritu ahal izateko, bertatik bertara baleude bezala. Gaurko bideo bileretan bezala, esaterako, baina hiru dimentsioan eta espazio birtual berean murgilduta.