Aurtengo agintaldi erdiko hauteskundeek aspaldidaniko garrantzirik handiena dute AEB Ameriketako Estatu Batuetan, herrialdea erabat polarizatuta dagoen honetan, bi errealitate neurtzekotan baitira: batetik, Joe Biden presidentearen eta haren neurrien ospea, eta, bestetik, Donald Trump estatuburu ohiaren eta haren aldekoen indarra. Hori kontuan harturik, bozek balioko dute Bidenen agintaldiaren bigarren zatia zailtzeko eta Trumpen itzuleraren oinarriak finkatzeko, eta, behin-behineko emaitzen arabera, badirudi bi gertakari horiek baieztatu egingo direla, hein batean bada ere.
Hala ere, oraingoz, hauteskunde gaua ez doa errepublikanoek espero bezala, ez baitirudi aurreikusitako garaipen lasai eta handia lortuko dutenik, lehen zantzuen eta analisien arabera. Ordezkarien Ganberan aurretik doaz, eta dena dute aldeko gehiengo osoa lortzeko, nahiz eta ziurtzat zeuzkaten lehietako batzuk ez dituzten irabazi, eta, beraz, aurreikusi baino alde txikiagoa aterako dieten demokratei; Senatuan, berriz, Alderdi Demokrata espero baino hobeto ari da, eta eserlekuen gehiengo osoa biltzea ez zaio ezinezko bilakatu, nahiz eta oraindik goizegi den behin betiko emaitza ziurtatzeko.
Kevin McCarthy errepublikanoen Ordezkarien Ganberako buruzagia ez da mintzatu goi ganberako emaitzez, baina behe ganberakoez esan du «gehiengoan» izango direla, eta «demokratak eta Nancy Pelosi [ganbera horretako presidentea] gutxiengoan» geratuko direla. Alderdi Errepublikanoak gehiengoa lortzen badu, Pelosiren tokia hartzeko hautagai izango dela iragarri du McCarthyk.
Donald Trump AEBetako presidente ohiak sare sozialen bidez zabaldu duen mezuan adierazi du errepublikanoen emaitzak «etsigarriak» izan direla «neurri batean», nahiz eta bere «ikuspuntu pertsonalaren» arabera, arrakasta izan diren.
Herritarrak Ordezkarien Ganberako 435 aulkiak eta Senatuaren herena berritzeko joan dira botoa ematera, eta, bozen aurreko inkesten arabera, ekonomiaren egoera izan dute kezka nagusi; inflazioa batez ere, azken 40 urteetako handiena baita —%8,2—. Hori bai, 2020ko presidentetzarako hauteskundeetako esperientzia kontuan harturik, horietako askok esan dute demokraziaren egoera ere badela beren lehentasunetako bat, AEBetako presidenteak ohartarazi bezala; hortaz, badirudi mezu horrek zenbait boto emaile erakarri dituela.
Hain justu, 345 hautagai Bidenen duela bi urteko garaipena onartzen ez dituzten trumpzaleak dira, eta horietatik 200 baino gehiago erabakiguneetan egongo dira, behin-behineko emaitzen arabera. Horren inguruan bada kezka bat ere: lehia estua izan den edo izaten ari den barrutietan galtzaile errepublikanoek ez dituztela emaitzak onartuko, are gehiago kontuan harturik zenbait estatutan egunak edo asteak beharko dituztela behin betiko datuak emateko.
Batez ere Senatuaren kasua da hori. Arizonan eta Nevadan, esaterako, egunak beharko dituzte —botoen %68 eta %75 zenbat dituzte, hurrenez hurren—, eta itxaropena horietan dute jarria demokratek —batez ere posta bidezko botoekin—, nahiz eta Nevadan duten hautagaia euskal jatorriko Adam Laxalt errepublikanoaren atzetik doan.
Georgiaren kasuan, bigarren itzulian erabakiko dute; bi alderdi nagusietako hautagaietako batek ere ez baitu lortu botoen %50 biltzea, 2020an gertatu bezala. Hortaz, baliteke asteak behar izatea argitzeko nork duen kontrola behe ganberan. Abenduaren 6an egingo dute bigarren bozketa Georgian.
Alaskakoa da Senaturako erabakitzeke dagoen beste ordezkaria, eta soilik botoen %74 zenbatu dituzten arren, argia da errepublikanoen nagusitasuna, alderdi horretako bi hautagairen artean baitago lehia.
Alderdi Demokratan pozik daude behintzat, New Hampshireko aulkiari eutsi baitiote, eta Pennsylvanian, erabakigarriak diren beste estatuetako batean, errepublikanoak garaitzea lortu baitute, 110.000 boto eskasen aldeaz. Errepublikanoek eskuratu dute, aldiz, lehia estuan izan den Wisconsingo eserlekua, botoen %51arekin.
Historikoki, agintaldi erdiko hauteskundeak txarrak izaten dira presidente karguan dagoenaren alderdiarentzat, Kongresuko bi ganberetako baten kontrola galtzen baitu gutxienez. Badirudi joera hori bere horretan mantenduko dela aurten ere, baina, aldi berean, Alderdi Demokratak agintaldi erdiko bozik baikorrenak izango dituela babesen ikuspuntutik —2002tik honako emaitzarik hoberena agintean dagoen alderdiarentzat—.
Pelosi, pozik, aurreikuspenak «gainditzeagatik»
Pelosi pozik agertu da demokraten orain arteko emaitzekin, komunikatu baten bitartez adierazi duenez. Hura da behe ganberarako aulkiari eutsi dioten hautagaietako bat, baina haren senarrak bozen aurretik jasandako erasoaren ondorioz, ez du argitu politikan jarraituko duen. Edonola ere, AEBetako Ordezkarien Ganberako presidenteak esan du demokratek aurreikuspenak «gainditu» dituztela.
Besteak beste, behin-behineko emaitzek iradokitzen dute Bidenen alderdiak espero baino boto emaile gehiago erakarri dituela, eta gehiengo kontserbadorea duen Auzitegi Gorenak uda hasieran abortatzeko eskubideari emandako kolpeak —abortatzeko eskubide konstituzionalean atzera egin zuen– milaka herritar mobilizatzeko balio izan duela.
Gainera, hautagai errepublikanoen soslaiek —ohi baino muturrekoagoak eta ez hain sendoak— ere kalte egin diete arrakastarako aukerei, batez ere Senaturako bozetan baitute garrantzi handia aurkezten direnen profilek. Horietako asko esperientzia politiko gutxikoak dira, eta badirudi hori guztia ere erabakigarria izan dela milaka herritarrentzat.
Horri lotuta, Trumpek kanpainan izandako protagonismoak —iradoki du datorren asteartean iragarriko duela 2024ko presidentetzarako bozetarako hautagaitza— ez dio mesede egin Alderdi Errepublikanoari, presidente ohiak babestu dituen hautagaietako askok ez baitute irabazi, edota galtzear baitira; besteak beste, Trumpek hilabeteotan izan dituen eskandaluengatik eta haren aurkako ikerketengatik.
Gainera, Ron DeSantis errepublikanoak Florida estatuko gobernadore izateko hauteskundeak berriz ere irabazi izana albiste txarra da Trumpentzat eta haren aldekoentzat, lehiakide bat izan baitaiteke Alderdi Errepublikanoaren presidentegaia aukeratzerakoan. DeSantis aukera horretaz aritu da, zeharka bada ere: «Borrokan hasi baino ez naiz egin».
Demokraten kasuan, berriz, baliteke aurreikusi baino emaitza hobeak lortu izanak Biden konbentzitzea bi urte barru berriz aurkezteko estatuburutzarako hauteskundeetara.
Ikusi gehiago:Lau estatuk abortatzeko eskubidearen alde bozkatu dute