Ingurumena

Zimitz kirasdun marroien populazioak «eztanda» egin duela jakinarazi du Parkea Bizirik-ek

Pertsonei ez die kalterik eragiten, baina laboreei bai. AEBetan, Txilen eta Argentinan izurritetzat jo dute espezie hori. Euskal Herrian, 2018. urtean topatu zuten lehen aldiz.

Zimitz kirastu marroi bat. PARKEA BIZIRIK
Paulo Ostolaza.
2022ko azaroaren 8a
13:12
Entzun

«Zirikatzen bada edo mehatxatuta sentitzen bada, usain gogaikarri eta iraunkorra isurtzen du; horren ondorioz, animaliak zein gizakiok urrundu egiten gara». Horregatik izena du zimitz kirasdun marroia (Halyomorpha halys) Euskal Herriko hainbat herritan agertu den intsektuak. Agertu, 2018. urtean agertu zen lehen aldiz, baina azken hilabeteetan «eztanda» egin du Asian jatorria duen intsektu horren populazioak, Parkea Bizirik taldeak jakinarazi duenez.

Zimitz horiek ez dira arriskutsuak pertsonentzat, baina laboreentzat bai. Horregatik, AEBetan, Txilen eta Argentinan ebatzi dute espezie horren gehiegizko presentzia izurrite bat dela: «Ikus ditzakegu eraikinen arrailduretan, etxe eta autoen barnealdeetan, edota hiriko zuhaitzen izerdia xurgatuz. Herrialde horietako batek ere ez du desagerraraztea lortu», azaldu du Parkea Bizirik taldeak.

Gehitu dutenez, urrian agerian geratu da populazioaren gorakada, «nonahi» ikusi baitute hibernatzeko aterpe bila. Dena den, azpimarratu dute ez dituela ez pertsonak ez animaliak ziztatzen: «Ohe zimitzak ez bezala, ez du odolik xurgatzen eta ez du ziztadarik eragiten». Zuhaitz, landare apaingarri, fruta eta barazki espezie askoren hostoez elikatzen da.

Tamainari dagokionez, 1,2-1,7 zentimetro luze eta 0,7-1,0 zentimetro zabal da intsektua; laua da. «Antenetan banda argiak eta ilunak dauzka tarteka: horrela bereiz daiteke. Laukizuzen formako orban argiek markatzen dute sabelaldetik irteten zaion alde laua, orban beltzekin tartekatuta».

Azkenik, zimitza etxean topatuz gero zer egin daitekeen ere esan du Parkea Bizirik-ek: «Katilu bat ur eta koilarakada bat usain iltze nahasten baditugu, zimitza bere gordelekuetatik irtenarazi dezakegu. Ez du batere gustuko espezia horren usaina».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.