«Ez dit partidan sartzen utzi ere egin». Aitor Elordiren hitz horiek laburbiltzen dute ondoen gaur Bizkaia pilotalekuan ikusitakoa: neurketa handia egin du Jokin Altunak, eta erakutsi du zergatik jokatuko duen zazpigarren aldiz jarraian lau eta erdiko txapelketako finala. 22-7 gailendu da amezketarra, eta Ezkurdiaren aurka jokatuko du bi aste barru.
Partida gogor hasi da. Tanto gehienak luzeak eta gogorrak izan dira, baina ordurako hasi da Altuna tartea zabaltzen. Elordik ez du gaizki jokatu, baina gipuzkoarrak ez du akats bat bera ere egin. Bizkaitarrak ez du sakez orain arte bezainbesteko minik egin.
Dena den, Bizkaia pilotalekuan elkartutako publikoak saritu egin du Elordiren txapelketa bikaina. Aipatzekoa izan da partida amaitu berritan Elordik eta Altunak elkarri emandako besarkada ere. Publikoak eskertu du ezohiko izenak ikustea onenen artean, baina finala aski ezagunak diren bi pilotarik jokatuko dute: Altuna III.ak eta Ezkurdiak.
Altunarentzat lau eta erdiko laugarren txapela litzateke aurtengoa, eta Ezkurdiarentzat, hirugarrena. Aurreko biak, gainera, Altunaren aurka irabazi zituen Arbizukoak, 2018an eta 2019an.
Ikusi gehiago:Indar erakustaldia emanda