Magna Magnesitas de Navarra enpresak atzera egin behar izan zuen, lehendabizikoz saiatu zenean: herritarren oposiziok aldarazi zituen enpresaren asmoak, eta, 2008an, bazter utzi zuen Baztango Erdizko inguruan meategi bat egiteko proiektua. Itzuli egin da, baina, eta estrategia aldatuta: udalerriz gaindiko eragina duen plan gisa tramitatzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari, Baztango erakundeen eta herritarren gainetik. Gogor kritikatu dute baztandarrek erabaki hori: urriaren 12an, manifestazioa egin zuten Elizondon; eta azaroaren 20an, berriz, galdeketak eginen dituzte Baztango hamabost herrietatik hamalautan —Almandoz da kontsultara deitu ez duen bakarra—. Ibarreko zinpeko alkateek antolatu dituzte, Baztango herri lurrak kudeatzeko ordenantzen hemezortzigarren artikulua baliatuta.
Ikusi gehiago:Joseba Otondo: «Arraildura ekar dezake Natura2000 sarean erdizkoa baimentzeak»
“Haserre gaude alkateok; baztandarron erakundeak laugarren mailakotzat hartu dituzte, eta gure gainetik pasatu nahi dute, herritarron hitza eta eskumenak bazter utzi”, salatu du Iruritako alkate Pello Iriartek. “Larritzat” jo du egoera, eta onartu du Nafarroako Gobernuak Magnaren proiektua udalerriz gaindiko eragina duen plan gisa tramitatzen badu, “deus gutxi” egin ahal izanen dutela: “Auzitara jotzea izanen da aukera bakarra”.
Erdiz Bizirik plataformako Jon Elizetxek garbi erran du auzitara joko dutela, behar izanez gero: “Meategiaren kontra gaude; gainera, proiektua legez kanpokoa da”, salatu du Elizetxek. Izan ere, Nafarroa2000 sarearen barruan dago Erdiz; Aldude mendian dago Erdizko ingurua, eta Aldude, 2005etik, zaintza bereziko eremu bat ere bada.
Ikusi gehiago:Kronologia
2008an Erdizko proiektua bazter utzi eta gero, Magnak Zilbetira jo zuen, eta herri horretako pagadian saiatu zen harrobi bat egiten. 2015ean, epaileen ezezkoa jaso zuten enpresako arduradunek. Zilbetiko pagadia salbatu zuen sententzia oroitu du Elizetxek, hain zuzen, Erdizko proiektuari aurre egiteko baliagarria izan daitekeela uste duelako. “Sententzia horrek garbi erran zuen eremu babestu baten zati bat hondatzen bada, horrek eremu guztiari eragiten diola. Erdiz Alduden dago, eremu babestu bat da, eta horregatik erraten dugu proiektu hau legez kanpokoa dela”, erran du egitasmoaren aurkako plataformako kideak.
Interesa duen inbertsioa
Magnak uztailaren 29an erregistratu zuen Erdizko meategia udalerriz gaindiko eragina duen plan gisa tramitatzeko eskaera. Ez hori bakarrik: enpresak eskatu du, gainera, proiektu hori Nafarroarentzat interesa duen inbertsiotzat jotzea. Nafarroako Parlamentuak bat egin du eskaera horrekin; parlamentuko osoko bilkurak urriaren 7an jorratu zuen auzi hori, PSNk aurkeztutako mozio baten bidez, eta onartu zuen Nafarroako Gobernuari eskatzea Erdizko meategia interesa duen inbertsiotzat jotzeko. PSNk, Navarra Sumak eta Geroa Baik bozkatu zuten horren alde.
Parlamentuko ordezkariek Magnaren Eugiko meategira bisita egin zuten, joan den ekainean; enpresako arduradunek Erdizko proiektuaren berri eman zieten parlamentariei, egun hartan. Magnako arduradunen arabera, hogei urtez ustiatu ahal izanen dute meategia, eta, horri esker, enpresak eutsi ahal izanen die egun dituen lanpostuei. Enpresak azaldu du, bertzalde, meategiak hartuko duen eremua lehengoratzeko plan bat badutela, eta bere jarduerak ez diola Natura2000 sareko kontserbaziorako “giltzarri diren elementuei modu ageri batean eraginen”. Magnak defendatu du proiektua udalerriz gaindiko plan gisa aurkeztu izana, “lurraldea egituratzeko” balioko duelako, bertzeak bertze.
Baztanen, baina, ez dira enpresaren hitzaz fiatzen. Alkateek nabarmendu dute herritarrek errateko dutena entzun behar dela, eta horretarako antolatu dutela galdeketa. Galdera zehatza eginen diete azaroaren 20an: Erdizko herri lurren okupazioa Magnaren esku uztea baimendu nahi ote duten ala ez. “Herri lurren defentsa” dago jokoan, Iruritako alkate Pello Iriarteren hitzetan.
Herrialdetik kanpo
Erdizko proiektua “lehen urrats bat” izanen ote den beldur da Iriarte. “Ez da Erdiz bakarrik; ez da Artesiaga bakarrik ere. Ustiatu nahi duten beta doa Okorotik Saioaraino. Behin burua sartuz gero, dena hartuko dute, eta hondamendia eragin”, ohartarazi du.
Elizetxek bat egin du Iriarterekin, eta Erdiz Saioaraino jarraitzeko “sarbidea” izan daitekeela salatu du. Proiektuaren helburua lurra multinazional bati “oparitzea” dela nabarmendu du Erdiz Bizirik plataformako kideak.
Nafarroako enpresa bat da Magna, baina multinazional baten barruan dago. Herrialdetik at ere garatu ditu zenbait proiektu; bertzeak bertze, Borobian (Soria, Espainia). 250 biztanleko herri bat da, eta 2000koa da han meategi bat egiteko lehen asmoa. Borobiako herritarrek ezezko borobila eman zioten proiektuari, eta bazter gelditu zen. 2005ean, baina, Magnak ikerketa egiteko eskubideak erosi zituen, eta 2009an meategia martxan jartzeko baimena lortu zuen. 2015ean hasi ziren ustiatzen. Magnak konpromisoa hartu zuen lantegiak sortuko zituen hamabost lanpostuak herriko jendearekin betetzeko, baina lanean ari diren hamabost pertsonatik bi baino ez dira Borobiakoak. Orain Magnak Borobiako meategia handitu nahi du, eta herritarrek asmo horren kontra egin dute. Ebroko Ur Konfederazioak ere zalantzan jarri du enpresaren lan egiteko modua: 2017an, 6.000 euroren isuna ezarri zion Manubles ibaia kutsatzeagatik.
Baztanen, herritarrek Erdizi buruz euren iritzia emateko aukera izanen dute, hilaren 20an. Alkateek eman diete hitza.