INGURUMENA

Gutxienez 460 glaziar desagertuko dira 2050erako, Unescoren arabera

Zerrenda beltz horretan daude, besteak beste, Dolomitetako, Monte Perdidoko eta Kilimanjaroko izotz masa handiak. Gizateriaren ondare izendatutako glaziarrek batez beste 58.000 milioi tona izotz galtzen dituzte urtean.

Marmolada mendia, Dolomitak, Italia. ANDREA SOLERO / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko azaroaren 3a
13:01
Entzun

Klima larrialdiaren biktima asko heriotzara kondenatuta daude ezinbestean, eta zerrenda beltzaren goialdean daude, besteak beste, glaziarrak; zehazki, mendi eremuetan eta poloetako eskualdeetan metatzen diren izotz eta elur masa handiak. Unescok egindako ikerketaren arabera, gutxienez 460 glaziar desagertuko dira 2050erako, eta horietako batzuk munduko mendi entzutetsuetan; esaterako, Dolomitetan (Italia), Pirinioetako Monte Perdidon (Frantziako eta Espainiako mugen artean), Ameriketako Estatu Batuetako Yellowstonen eta Yosemiten, eta Afrikako Kilimanjaron (Tanzania), Kenyan eta Rwenzori-Virungan (Ugandako eta Kongoko Errepublika Demokratikoko mugen artean).

Nazio Batuen Erakundeko agentziak 18.600 glaziar behatu ditu gizateriaren ondare izendatutako 50 gunetan, eta esan du horietatik hamazazpi eremutan ez dela ekologia eta kultur ondare handia biltzen duten izotz masarik existituko mende honen erdialderako. Hain zuzen, hori da, Unescoren txostenaren arabera, egungo berotze mailarekin galduko dena; industria aurreko garaiarekin alderatuta 1,1 gradu berotu da munduko tenperatura.

Halere, izotz eta elur bolumena murrizteko joera «negatiboa» bada ere, Unescok adierazi duenez, aztertutako beste 33 lekuetako glaziarrekin gertatzen dena, neurri batean, gizakiaren esku dago: «Glaziarrak salba daitezke, berotegi efektuko gasen isuriak nabarmen murrizten badira, berotze globala 1,5 gradura mugatzeko». Neurriak hartu ezean, NBEko agentziak argi esan du litekeena dela glaziarren ia %50 desegitea 2100erako.

Unescoren arabera, gaur-gaurkoz, 200.000 glaziar baino gehiago identifikatuta daude munduan, eta horietatik 18.600 inguru gizateriaren ondare izendatutako eremuetan daude. Glaziarrek 66.000 kilometro koadro inguruko azalera dute, hau da, Lurreko glaziar eremu osoaren ia %10.

Karbono isuriak murriztea

Txostenaren egile nagusiak, Tales Carvalhok, Reuters albiste agentziari adierazi dionez, gizateriaren ondare izendatutako glaziarrek batez beste 58.000 milioi tona izotz galtzen dituzte urtean, eta munduko itsas mailaren igoeraren ia %5eko eragina dute. Horiek horrela, Carvalhok baieztatu du karbono isuriak nabarmen murriztea dela mundu osoan glaziarren atzerakada handia eragozteko neurririk garrantzitsuena.

Unescok tokiko agintariei eskatu die glaziarrak beren politikaren «elementu nagusi» bihurtzeko, zaintza eta ikerketa hobetuz eta hondamendien arriskua murrizteko neurriak ezarriz. «Glaziar inguruetako aintzirek gainezka egiten badute, uholde katastrofikoak eragin ditzakete ibaian behera», ohartarazi du Carvalhok.

NBEko agentziak 1.154 leku ditu une honetan gizateriaren ondare gisa aitortuta, eta izotz plakak dauden 50 eremutan egin dute azterlana; hala nola Everest mendian —munduko altuenak—, Alaskan —luzeenak— eta Afrikan geratzen diren azkenak. Sateliteen irudien bidez, glaziar horiek XXI. mendean izan duten bilakaera aztertzen dute txostenean. Ondorio nagusia da guztiak atzeraka doazela.

Laguntza handiagoa herrialde txiroei

Klima aldaketa garatu gabe dauden herrialdeei gogor erasaten ari zaien honetan, NBEk ostegun honetan ohartarazi duenez, klima krisira egokitzeko finantzaketa «ez da nahikoa» izaten ari, zehazki, oraindik behar baino «bost edota hamar aldiz» txikiagoa da. Hori ikusita, Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak mezu zuzena bidali die herrialde garatuei: «Finantzaketa izugarri handitu behar da milioika pertsonen bizia salbatzeko».

Egipton datorren igandean egitekoa duten COP27 goi bileraren aurretik, NBIP Nazio Batuen Ingurumen Programak kaleratutako ikerketaren arabera, «egokitzapena planifikatzeko, finantzatzeko eta ezartzeko ahalegin globalak ez daude hartutako arrisku neurrien pare». NBIPk dioenez, 2020an, herrialde txiroetan neurri horiek bultzatzeko finantzaketa bateratua 17.100 milioi euro baino gehiagokoa izan zen, hau da, estatu garatuek agindutako 100.900 milioi euroren azpitik.

Guterresen hitzetan, une honetan «desoreka dago» gobernuek proposatzen dutenaren eta kanpotik finantzatzen dutenen artean, eta, horren ondorioz, inbertsioen fluxua «blokeatuta» dago. Egoera hori konpontzen saiatzeko, NBEk Egokitzeko Proiektu Azeleragailua izeneko egitasmo bat eratu du, inbertsio horiek koordinatzeko mekanismo pilotu berri bat. Bertan, hainbat agentzia elkarlanean arituko dira gobernuekin, eta klima arloko emaile eta finantzatzaileekin batera.

NBEk nahi du ekonomia aberatsenek konpromisoa hartzea herrialde pobreei diru gehiago emateko; batez ere, klima aldaketak kalterik handiena eragin dien estatuei. Guterresen esanetan, garapen bideko herrialdeen egokitzapenerako beharrak urtean 348.700 milioi euro ingururaino igoko dira 2030erako. Halere, gogorarazi du laguntzak kopuru horren hamarren bat baino gutxiago adierazi nahi duela gaur egun. «Hala, pertsona eta komunitate ahulenak dira gehien jasaten ari direnak, eta hori onartezina da», biribildu du.

Bestalde, NBIPko zuzendari taldeko kide Inger Andersenek nabarmendu du munduak «berehala» murriztu behar dituela berotegi gasen isurketak, klima aldaketaren ondorioak mugatzeko. Txostenaren arabera, NBEren Klima Aldaketari Aurre Egiteko Esparru Hitzarmena sinatu duten 197 herrialdetatik 165ek, gutxienez, badituzte dagoeneko egokitzeko planak, legeak eta politikak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.