Mugimendu feminista

«Gezur guztiak atzera botatzeko» eskatu dute Algortako Mugimendu Feministako bi kideren aurkako epaiketan

Mugimendu feministak elkartasun kontzentrazioa egin du epaitegi aurrean, eta manifestaziora deitu du arratsalderako, 19:30ean.

Algortako Mugimendu Feministak gaur goizean Getxoko epaitegian egindako elkartasun kontzentrazioa. ARITZ LOIOLA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2022ko azaroaren 3a
11:51
Entzun

Algortako Mugimendu Feministako bi kide deklaratzera deitu dituzte gaur goizean Getxoko Epaitegian (Bizkaia). Desobedientzia delitua egotzi diete, abuztuan Algortako Portu Zaharreko jaietan «Ertzaintzaren lana oztopatzeagatik». Neska batek norbaitek ziztatu egin zuela salatu zuen. Mugimendu feministako bi kideak hura laguntzera joan ziren, baina Ertzaintzak identifikatu egin zituen. Babesa eta elkartasuna adierazi nahian, mugimendu feministak kontzentrazioa antolatu du epaitegi aurrean Ez kriminalizatu mugimendu feminista! lelopean, goizeko bederatzietan. Horrez gain, arratsaldean manifestazioa egingo dute herrian. Telletxe plazan hasiko dute, 19:30ean.

«Uste dugu Ertzaintzak prozesu judizial hau mantendu duela gezurrez betetako kontaketa baten pean», azpimarratu du Oihane Landazabal Algortako Mugimendu Feministako kideak. Eta gehitu du bi kide horiek izan zirela Ertzaintzarekin «prozesu guztia» kudeatu eta koordinatu zutenak, eta erasoa jasan zuen pertsona «ondo baino hobeto» artatu zutenak. Mugimendu feministak urte asko daramatza jaiguneetan erasoak salatzeko erraztasunak jartzen eta espazio feministak izan daitezen bermatzen: «Horren fruitu da gaur egun, bereziki txosnaguneak, badirela erasoak salatzeko eta babesa jasotzeko espazio seguru bat».

Mugimendu feministaren azalpena

Portu Zaharreko jaietan mugimendu feministako bi kidek eraso bat jasan zuen neska bat artatu zuten. Landazabalek azaldu duenez, ziztada bat zela jakin zutenean, osasun zerbitzuetara jo zuten zuzenean, eta Ertzaintzarekin beharrezko prozedura guztia kudeatu zuten. «Hori guztia kudeatuta zegoenean, neskarentzako sortu genuen harrera eta espazio erosoan zibil jantziriko eta identifikatu gabeko beste polizia batzuk sartu ziren, tentsioa sortuz», adierazi du. Haiek eraman zuten neska anbulantziara: «Guk adostuta geneukan gure kide batek eramango zuela, erosoagoa izango zelakoan eta, bereziki, erasoa jasan zuen neska ez berriro biktimizatzeko». Ez zuten nahi anbulantziarako bidea hainbat poliziarekin egin zezan, «mundu guztia» ez ohartzeko zer gertatu zen. Neska anbulantzian zegoenean, mugimendu feministako bi kideak gerturatu ziren, neska ondo zegoela jakiteko eta dena lotuta zegoela konfirmatzeko. «Momentu horretan hurbildu zitzaizkien ertzainak identifikazio eske».

Segurtasuna Sailaren erantzuna

Abuztuko gertakarien ostean, mugimendu feministak prentsaurrekoa antolatu zuen. Bertan, ukatu egin zuen Ertzaintzari oztopoak jarri izana, eta argi utzi zuten mugimendu feminista kriminalizatzeko eta jopuntuan jartzeko estrategia politiko orori irmotasunez erantzungo ziotela.

Ertzaintzaren Esan sindikatuak, berriz, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari zerbait egiteko eskatu zion. Josu Erkoreka Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak eman zuen erantzuna. Adierazi zuen «larria» zela ziztada kasuetarako ondu duten protokoloa ez betetzea, arriskuan jar zitekeelako biktimaren osasuna. Bi kideek desobedientzia delituari aurre egin beharko ziotela adierazi zuen. Horregatik, gaur deklaratzera deitu dituzte.

«Erkorekak emandako deklarazioak mugimendu feminista kriminalizatzeko saiakera argia izan ziren», azaldu du Landazabalek. «Gezur horiek guztiak atzera bota ditzatela eskatu nahi dugu, jokatu dezatela arduraz eta bertan behera utz ditzatela gurekiko dituzten karguak».

Herriaren jarrera

Jaien osteko agerraldia «oso jendetsua» izan zela esan du mugimendu feministako kideak, «nahiz eta momenturik egokiena ez izan, jende guztia oporretan zegoelako eta uda zelako». Hala ere, erantzuna oso positiboa izan zen. Horrez gain, babes mezu eta elkartasun keinu asko jaso dituzte, bai herritarren partetik, baita kanpotik ere: «Uste dugu herritarren gehiengoak gurekin bat egiten duela, hau astakeria bat dela eta bertan behera utzi beharko litzatekeela, guk esaten dugunez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.