Danimarka

«Zentro-ezkerra» batu nahi du Frederiksenek Danimarkako Gobernuan

Agintari sozialdemokratak dena du aldeko bigarrenez jarraian lehen ministro izateko. Ezkerreko indarrekin soilik gobernatzeko aukera ere izan dezake.

Mette Frederiksen Danimarkako lehen ministro ohia, bart, hauteskundeak irabazi ondorengo lehen agerraldian, Kopenhagen. MARTIN SYLVEST, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko azaroaren 2a
17:28
Entzun

Danimarkan, airean da zer gobernu mota izango duten hurrengo legealdian, baina hauteskundeetako emaitzek irabazle argi bat utzi dute: Mette Frederiksen sozialdemokrata. Hark izango du, bigarrenez jarraian, gobernua osatzeko ardura, dena baitu aldeko horretarako. Sozial Demokratak alderdiak azken bi hamarkadetan jaso duen babesik handiena lortu du atzoko bozetan, babesen %27,5 jasota. Frederiksenek kanpainan adierazi zuen «zentro-ezkerreko gobernu bat» jostearen aldekoa dela, eta horretan ahaleginduko da, nahiz eta ezkerreko indarrekin soilik gobernatzeko aukera ere izan dezakeen. Dimisioa eman du gaur, negoziazioak hasteko.

«Oso hunkituta eta harro nago», adierazi die lehen ministro ohiak jarraitzaileei, gaur goizaldean, emaitzak ezagutu ostean egin dituen lehen adierazpenetan. «Konfiantzazko boto handi bat da. Badakit zuetako batzuk zalantzak izan dituzuela». Frederiksenen gobernuak zailtasun handiak izan ditu, besteak beste, COVID-19aren pandemiak, inflazioaren gorakadak eta Ukrainako gerrak eraginda.

Hain justu, gobernuburu izandakoak hauteskundeak aurreratu behar izan zituen urri hasieran, zailtasun horiekin lotutako erabakiengatik. Bere gobernuko koaliziokide sozial-liberalek onartezintzat jo zuten gobernuaren kudeaketa ekonomikoa, eta salatu zuten pandemia garaian milioika bisoi hiltzeko neurria babes juridikorik gabe ezarri zuela.

Ezkerra, gehiengotik hurbil

Alderdi Sozial Liberalak zigor gogorra jaso du bozetan; 16 diputatu izatetik bederatzi izatera igaro da. Eta Frederiksenen indar sozialdemokratak zituenak baino bi gehiago eskuratu ditu —50—. Ezkerreko blokeak 87 parlamentari lortu ditu, guztira, eta gehiengo osotik —90 diputatu 179 kideko ganberan— oso hurbil gelditu da. Frederiksenek bloke horrekin gobernatu nahi izatera, nahikoa izango luke Groenlandiari eta Faroe uharteei dagozkien bina diputatuetako hirurekin akordioa lortzea, gobernua barrutik ala kanpotik babestu dezaten.

Baina buruzagi sozialdemokratak zeharkako koalizio baten beharraz ohartarazi du kanpainan, Moderatuak alderdia bilduko duena, argudiatuta nazioartean «egoera ziurgabea» denez ezinbestekoa dela batasun politikoa indartzea. «Danimarkan aurrerabidera ohitu gara urte askotan. Orain zailtasunak ditugu, gerra bat Europan, energia eskasia, inflazioa eta klima aldaketa. Krisiek elkarri eragiten diete», esan zuen atzo.

Zeharkako koalizio bat eratzeak ere oztopoak ditu, ordea. Ezkerreko indar gehienek esana dute nahiago dutela moderaturik gabeko koalizio gobernu bat. Gainera, ezkerreko blokean aliatu izan ahalko liratekeen lau alderdietako hiruk ohartarazi dute ez dutela Frederiksen babestuko gobernuak ez badio uko egiten asilo eskatzaileak Ruandako erregistro zentroetara bidaltzeko planari. Oztopoak oztopo, «ezker-zentroko» koalizioarena izango da Frederiksenek lehenetsiko duen aukera.

Negoziazioak Lars Lokke Rasmussen lehen ministro ohiarekin (2015-2019) hasiko ditu ziurrenik, Moderatuak alderdiko buruarekin. Rasmussenek iaz sortu zuen indarra, Alderdi Liberalarekin apurtuta. Frederiksenek bezala, zeharkako koalizio zabal bat babestu du hark ere hauteskunde kanpainako hitzaldietan.

Bozetako kolperik gogorrena Alderdi Liberalak jaso du. Zituen aulkietatik 23 galdu ditu, eta hogeirekin gelditu da. Aurten, gainera, Danimarkako Demokratak alderdia sortu du Inger Stojberg Immigraziorako ministro izandakoak. Haren indar berriak hamalau eserleku lortu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.