Erlijioa

Fernando Prado izango da Gipuzkoako gotzain berria

Jose Ignacio Munillak joan den otsailetik utzitako hutsunea beteko du

Fernando Prado, eskuinean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
gotzon hermosilla
2022ko urriaren 31
16:37
Entzun

Fernando Prado Ayuso apaiz klaretar eta kazetaria (Bilbo, 1969) Gipuzkoako gotzain izendatu dute, eta, hortaz, Jose Ignacio Munilla aurreko gotzainak joan den otsailetik utzitako hutsunea beteko du aurrerantzean. Munilla Orihuela-Alacanteko gotzain (Herrialde Katalanak) izendatu zuten otsailaren 12an, eta, geroztik, Gipuzkoako apezpikutzari dagozkion lanak Francisco Perez Iruñeko artzapezpikuak hartu ditu behin-behinean.

Pradok esan duenez, urriaren 17an jakinarazi zioten Frantzisko aita santuak aukeratu zuela Donostiako Elizbarrutiko buru izateko: «Ordu batzuk behar izan nituen erantzun bat emateko». Euskaraz esan du «oso mugatua» eta «txikia» sentitzen dela ardura berrian. Abenduaren 15ean iritsiko da Donostiara, eta izendapen ekitaldia, «Jainkoa lagun», 17an egingo dute.

Pradok aitortu du «zorabio apur batez» hartu duela albistea: «Inork ez dit gotzain izaten irakatsi». Edonola ere, «konfiantzaz» ekingo dio ardura berriari, «Elizarentzat erronka zorrotzez eta zailtasunez beteriko garai honetan». Elizbarrutian erabakiak «denen artean» hartzeko asmoa agertu du.

Prado Bilbon jaiotakoa da, nahiz eta haren familiak Getxoko Areeta auzoan (Bizkaia) izan jatorria. Aitortu duenez, bere gurasoak «oso elizkoiak» ziren, eta gaztetatik izan zuen erlijiorako jaidura.

1992an klaretarren kongregazioan sartu zen. Kazetaritza eta teologia ikasi zituen; 2000ko maiatzean apaiz izendatu zuten, eta gaur egun Salamancako Eliz Unibertsitateko katedratikoa da (Espainia).

Munillaren zorion mezua

Munillak zoriondu egin du gotzain berria, eta elizbarrutiko kideei eskatu die harekin batera lan egin dezatela. Bilboko gotzain Joseba Segurolak ere adierazi dio harekin elkarlanean aritzeko prest dagoela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.