Brasilgo hauteskundeen bigarren itzulian lehia estua izango zela gauza jakina zen. Horrek joku zikina ekarriko zuela, ordea, ez: PRF Brasilgo Trafikoko Polizia Federalak gutxienez 560 operazio egin ditu hautesleak garraiatzeko ibilgailu publikoetan; guztiak, ustez, Luiz Inacio da Silva Lula hautagaiaren aldekoak diren eskualdeetan. Hautesleek eurek salatu dituzte operazioak sare sozialetan.
Hala, PRFk hauteskundeak kontrolatzen dituen auzitegiaren agindu zuzen bat hautsi du. Atzo eman zion agindu hori auzitegiko presidenteak, Alexandre de Moraes, Silvinei Vasquez PRFko zuzendariari. Jair Bolsonaroren aldekoa da hura.
Globo TV hedabidearen arabera, lehen 549 operazioetatik 272 herrialdearen ipar-ekialdean egin ditu Poliziak; Lularen indargunea da hura. Gainontzean, iparraldean egin ditu 59, hego-ekialdean 48 eta 48 hegoaldean.
Anderson Torres Justizia Ministroak adierazi du «harrituta» dagoela «Estatuaren tresna bat hauteskunde prozesuaren aurka» erabili dutela. Lularen PT Langileen Alderdiak, berriz, Vasquez eta PRFko arduradunak berehala atxilotzeko eskatu du. Hauteskundeen nazioarteko ikuskatzaileek ere kezka adierazi dute.
Presidentetzarako bozen bigarren itzulia egin dute gaur han; Euskal Herrian 21:00ak zirenean itxi dituzte bozkalekuak. Lehen zenbaketen arabera (%22 zenbatuta), aurretik da Bolsonaro, botoen %51,43rekin. %48,57 jaso ditu Lulak. 156 milioi lagun baino gehiago zeuden bozkatzera deituta.
Muturreko polarizazio betean
Lula Brasilgo presidente izateko hauteskundeetara lehen aldiz aurkeztu zenetik 33 urte igaro dira. 1989a zen, eta lau urte ziren diktadura amaitu zela Latinoamerikako potentzia ekonomiko nagusian. Garai hartan, Jair Bolsonaro izeneko militar batek atzeko atetik utzi zuen armada, politikan sartzeko militarren soldatak hobetzeko protestak gidatu ondoren. Hiru hamarkadaren ostean, herria gobernatzeko agintea bietako nori emango dioten erabakiko dute 156 milioi brasildarrek, desinformazioak markatutako muturreko polarizazio giro betean. Inkestek aurreikusi dute lehia oso estua izango dela bi hautagaien artean —ultraeskuindarrak inkestek emandakoak baino emaitza hobeak lortu zituen lehen itzulian— .
Lula, 77 urteko PT Langileen Alderdiko presidentegai aurrerakoia, gaur hiru aste nagusitu zen lehen itzulian; botoen %48,43 eskuratu zituen, eta bost punturen aldea —sei milioi boto— atera zion Alderdi Liberaleko lider ultrari. Azken inkestek Lularen garaipena iragarri dute, Bolsonarori bost puntu aterata; Datafolha etxearen arabera, PTko buruak botoen %49 eskuratuko ditu, eta militarren pribilegioen defendatzaile sutsuak, %44.
Sindikalista ohiak hauteskundeak irabazten baditu, hirugarren agintaldia izango du, 2003tik 2010era bitartean gobernatu ondoren; Bolsonarok, berriz, bigarrena. Hori bai, Lulak joan den asteartean sare sozialetan jakinarazi zuenez, boterera itzuliko balitz ez litzateke 2026ko bozetara aurkeztuko: «Presidentea izaten banaiz, aldi baterako izango da. Liderrek lanean dihardute, herritarrekiko konpromisoa lehenetsiz».
Bolsonarok eta Lulak bi eredu antagoniko proposatu dituzten arren, guztien gainetik Brasilgo demokraziaren osasuna dago jokoan: egungo presidenteak oposizioa eta prentsa kritikoa ahuldu ditu; Auzitegi Gorena sistematikoki ezbaian jarri du; hautetsontzi elektronikoei buruzko zalantzak haizatu ditu; eta indar armatuak bozketa eta zenbaketa zaintzea nahi du. Emaitzen araberakoak izango dira, halaber, Amazoniaren etorkizuna eta horrek klima aldaketan izango dituen ondorioak.
Jokaleku horretan, parte hartzea funtsezkoa izango da —botoa ematea derrigorrezkoa da—, nahiz eta Brasilen aldaketa gutxi izan izan diren; %80ren azpitik ibili ohi da. Bigarren itzulian, ostera, parte hartzea lehen itzulian baino txikiagoa izan ohi da, Diputatuen Ganberako eta Senatuko ordezkariak duela hiru aste aukeratu zituztelako. Brasildarren %90ek baino gehiagok argi daukate hautetsontzi elektronikoan zein botoi zanpatuko duten: Lulari dagokion 13 zenbakia ala Bolsonaroren 22a. Beraz, litekeena da zalantzati dauden herritarrek eta boto zuria emateko asmoa dutenek —boto emaileen %4k— eragin handia izatea hauteskundeen emaitzetan.
Biek kanpaina klasikoa egin dute; zehazki, estatu erabakigarrienetan ebanjelisten babesa sendotzeko mitinak eta sare sozialetarako elkarrizketak egiten aritu dira. Solasaldi horiek ez daude hauteskunde araudiaren moldeen barruan, baina kanpainan erabakigarriak izan direla erakutsi dute. Denak balio du. Helburua herritarrak erakartzea da, eta aurkariaren izen ona zikintzea, antibolsonarismoaren eta antipetismoaren —Brasilgo PTren kontrako mugimendua— arteko lehia ere badelako.
Lulak oraindik ere txiroen ia %60ren babesa du, hots, batez beste hilean 220 euro baino gutxiago irabazten duten hautesleen erdiena. Bada, lehen itzuliaren ostean, eskuin muturreko buruak diru publikoaren iturria ireki du behartsuen egoera nolabait arintzeko eta, horrela, ezkerrari botoak kentzeko. Gobernuak hilean 117 euro eman dizkie premia gorrian dauden hogei milioi familiari, Brasil Laguntza programaren barruan. Zenbateko hori ordaintzeko, ordea, lider ultrakontserbadoreak gastuen muga gainditu behar izan du, eta, beraz, ez dauka bermatuta 2023ko aurrekontuetan. Halere, bai Bolsonarok bai Lulak hitzeman dute laguntza horri eutsiko dutela. Brasilgo Elikadura Burujabetza eta Segurtasunerako Sarearen arabera, brasildarren %16k gosea pasatzen dute.
Ezkerreko hautagaiak, ebanjelistak bereganatu nahian —horien %66ren babesa du Bolsonarok—, abortuaren aurkakoa dela berretsi zuen joan den astean egindako mitin batean, baina gogorarazi zuen legeak Kongresuak onartzen dituela, eta ez presidenteak. Aitzitik, kritikatu egin ditu sexu berdintasunaren eta homofobiaren aurka aritzen diren ikastetxeak, gai horiek «gerrarako bidean» jartzen baitute eskuin erreakzionarioa, haren esanetan.
Alderdi Liberaleko buruak ekonomia izan du ardatz kanpainako azken txanpan. Brasil pandemia krisia gainditzen ari den honetan, zergak jaitsiko dituela esan du, baita armadari babes gehiago emango diola ere. Horretarako, burokrazia amaitu nahi du. Bestalde, ezkerrari egotzi dio elizak itxi nahi izatea eta itunak «krimen antolatuekin» egitea. Lulak, berriz, langabeziari aurre egin nahi dio, baita azpiegitura publikoetan inbertitu ere. Halaber, gutxieneko soldata igotzea da haren asmo nagusietako bat. Bitartean, ezkerreko jarraitzaileek iradoki dute eskuin muturreko agintaria «kanibalismoaren eta pederastiaren» zalea dela, eta «izaera genozida» leporatu diote.
Auzitegiaren esku hartzea
Brasilgo herritarren telefonoetan dabilen desinformazio kopurua hain da handia, ezen mundu osoan gutxik kontsumitu baititu egunean brasildarrek baino ordu gehiago Interneten. Bada, eztabaida publikoa garbitzeko ahaleginean, Hauteskunde Auzitegi Gorenak arautu egin du Interneten zer argitaratu daitekeen. Zenbait lege xedatu ditu; besteak beste, Facebooki, Youtuberi eta Telegrami agindu diezaieke edukiak ezabatzeko. Arau horiek, noski, alarmak piztu dituzte. Afera labainkor dagoen eta liskar giroa gori-gori jarri diren honetan, ea aginte makila nork hartzen duen.