Rock-and-rolla AEBetako herri musikan sartzea lortu zuenetako bat izan zen Jerry Lee Lewis. Energiaz beteriko interpretazioak ziren harenak, eta publikoa dantza batean jartzen asmatu zuen 1950eko hamarkadan, besteak beste, Great Balls of Fire bezalako kantuekin.
1935ean jaio zen, Luisianan, baliabide ekonomiko justuko familia batean —senideek etxea hipotekatu zuten hari piano bat erosi ahal izateko—. Instrumentuan trebatzen joan ahalaz bat, eskola ebangeliko batean ikasten zuen, baina kanporatu egin zuten gutxira, My God is Real abestiaren boogie-woogie bertsio bat interpretatzeagatik. Zuzeneko musikari heldu zion orduan. 14 urterekin jo zuen aurrenekoz jendaurrean, eta azkar hasi zen ezagun egiten bere estilo nabarmen eta zaratatsuengatik. Hor zeuden rock-and-rollaren hastapenak. Sun Studios-en jotzen hasi zen Memphisen, aurrena estudioko musikari gisa, eta ondotik bakarlari.
Bere lehen grabazioetako batzuk 1965an egin zituen Elvis Presley, Johnny Cash eta Carl Perkinsekin —gerora Million Dollar Quartet izena hartuko zuen formazioak—. Hurrengo urtean kaleratu zuen Whole Lotta Shakin’ Goin’On, zeinak oihartzun handia lortu zuen telebistan azaldu zenean: bizitasunez beteta, piano aurreko aulkiari emanez eta tarteka zutik joz. Denborarekin The Killer (Hiltzailea) ezizena ere irabazi zuen, bere izaera haserrekor eta jotzeko modu suharrengatik.
Kanturik bada, hala ere, Lewisi lotuta, 1957ko Great Balls of Fire da hori. Kaleratu eta berehala AEBetako zerrendetako goi postuetara heldu zen, eta rock-and-rollaren kantu enblematikoetako bat bihurtu.
Orbanak ibilbidean
1958an Erresuma Batutik biran zebilela, bere ospearen une gorenean, 13 urteko bere lehengusina Myra Brownekin ezkondu zela zabaldu zen —zazpi bider ezkondu zen guztira; hirugarrena izan zen hura—, eta bere izena orbaintzen hasi zen; are, bira ere bertan behera geratu zitzaion. Aurrerago izan zituen bikotekideek ere eman zuten zeresana, Jaren Pate eta Shawn Stephens modu susmagarrian hil baitziren —lehena itota agertu zen eta bigarrenak tratu txarrak salatu zituela zabaldu zen—. Halako pasadizoak ere gelditu ziren musikariaren itzalari lotuta, eta ez zuen inoiz gehiago musika zerrendetako lehen postuetara heltzea lortu.
Hala ere, rock-and-rollaren eszena indarra galtzen ere bazihoan ordurako, eta countryan berreskuratu zuen arrakasta musikariak; ordukoa da, esaterako, Chantilly Lace abestiari egin zion bertsioa. Denera, estudioko 40 album grabatu zituen Lewisek. Azkenen artean, Mean Old Man-en (2010) Mick Jagger, Sheryl Crow, Willie Nelson eta Eric Claptonek hartu zuten parte; eta azken lana 2014an argitaratu zuen: Rock & Roll Time.
1986an, Rock and Rollaren Ospearen Aretoan sartu zuten lehen hamar artisten artean egon zen, eta zenbaitek "rock-and-rollaren urrezko arotik geratzen zen azken izen handitzat" hartu dute haren heriotzaren berri izatean. 87 urterekin hil da, Memphisen zuen etxean.
Aurten, hain justu, musikariaren ibilbidearen inguruko Jerry Lee Lewis: Trouble in Mind dokumentala aurkeztu du Ethan Coen zinemagileak Cannesko jaialdian.