Euskara

Itxaro Borda eta Andres Alberdi, euskaltzain oso izateko hautagai

Euskaltzaindiaren Gasteizko ordezkaritzan gaur egin den osoko bilkuran aurkeztu dituzte bi hautagaien izenak

arantxa iraola
2022ko urriaren 28a
17:17
Entzun

Euskaltzaindiaren Gasteizko ordezkaritzan, Etxezarra eraikinean, osoko bilkura egin dute gaur, eta bertan aurkeztu dituzte bi hautagaien izenak. Itxaro Borda idazlea Xarles Bidegainen hutsartea betetzeko hautagaia da; Andres Alberdi hizkuntzalaria, berriz, Andoni Sagarnak utzitakoa betetzeko.

Xarles Bidegain eta Andoni Sagarna emeritu bihurtu ziren uda aurretik, 75 urte konplituta, eta uztailaren 22an zabaldu zen epea bien hutsuneak betetzeko hautagaiak aurkezteko. Azaroko osoko bilkurako bozketatik aterako dira euskaltzain oso berrien izenak.

Euskaltzaindiak berak nabarmendu ditu bi hautagaien soslaiak. Getarian (Gipuzkoa) sortua da Andres Alberdi Gorostiaga, 1950ean. Filosofian lizentziaduna da, eta irakaskuntzan 38 urtean aritua. Lehenengo, Elgoibarko Ikastolan; gero, Elgoibarko Institutuan; bertan, Euskara eta Literaturako katedraduna izan zen 1982tik, 2011. urtean erretiroa hartu arte. Bakarka zein elkarlanean, DBHko eta Batxilergoko Euskara eta Literaturako hogei ikasliburu eta gramatika baino gehiago ondu ditu 1986az geroztik. Euskaltzaindiaren Zientzia eta Teknika Hiztegia Biltzeko lantaldeko partaide da; 2014tik, Euskaltzaindiaren Euskara Batuaren Eskuliburuaproiektuko batzordeburu, eta batzorde horrek 2018an paraturiko Euskara Batuaren Eskuliburua (2018) deituaren prestatzaile eta egilea.

Itxaro Borda Baionan sortua da, 1959an. Lotura estua du Oragarrerekin (Nafarroa Beherea), hangoa baitu familia. Historiako goi mailako ikasketak egin zituen, eta gaur egun postari ogibidetik erretiratua da. Idazlea da, poeta, artikulugilea, eta abesti askoren hitzak idatzi ditu Euskal Herriko hainbat musikarirentzat. Oso gaztea zelarik hasi zen izkiriatzen Herria astekarian, eta ordutik ez da gelditu. Euskadi literatura saria irabazi zuen 2002an %100 Basque obrarekin. Mugarriak finkatu dituzten nobelak eta olerki bildumak plazaratu ditu Maiatz, Susa, Alberdania eta Elkar argitaletxeetan, eta bereziki Amaia Ezpeldoi detektibearenak dira ezagunak; denera hamalau eleberri idatzi ditu, eta sei detektibe horren istorioak dira. Euskaltzain urgazle izendatu zuten 2021eko azaroaren 26an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.