Youtube aplikazioan hamaika bideo daude; minutuz minutu, gero eta gehiago. Bilaketak hainbat faktoreren arabera iragazi daitezke —iraupena, bideoaren kalitatea, garrantzia, besteak beste—. Dena den, ez da modurik hizkuntzaren arabera bilatzeko edukiak. Euskal Encodingsek, baina, bilatu du modu bat haurrek Youtube soilik euskaraz ikusteko. Horretarako, YT Kids aplikazioa behar da. Bertan, helduek kontrolatu egin dezakete zer eduki ikusi ditzakeen haur bakoitzak, ezarpen batzuen bidez.
Aldaketa hau egitea, bide batez, Pantailaldiarekin bat egiteko moduetan bat da. Azaroaren 11tik 18ra euskarazko ikus-entzunezkoak kontsumitzera deitu du Pantailak Euskaraz taldeak. «Herritarrak euskarazko kateak eta edukiak hautatzera bultzatu» nahi ditu Pantailaldiak.
Edukiak euskaraz bakarrik ikusteko, Youtube eta YT Kids, biak ala biak behar dira. Lehendabizi, YT Kids aplikazioan guraso edo tutore bezala hasi behar da saioa, norberaren Gmail kontuarekin. Haur bakoitzari profil propioa sortu dakioke, izena, adina eta jaiotza hilabetea adieraziz. Gero, YT Kidsek ezarpen automatiko batzuk gomendatuko ditu, adin tarteen arabera: haur hezkuntzako umeak (4 urtera arte); haurrak (5-8 urte); eta gaztetxoak (9-12 urte). Ezarpen horietan ez da modurik euskarazko edukiak bakarrik ikusteko. Hortaz, «onartu edukiak zuk zeuk» aukerari sakatu behar zaio. Haurrak ezin izango du bilaketarik egin, eta helduak onartutako bideoak, kanalak eta bildumak soilik ikusi ahalko ditu.
Sortzaileek YT Kidsen bertan bideoak igo ahal izateko, baldintza batzuk bete behar dituzte. Horregatik, hurrengo pausoan, Youtube aplikazioan sartu behar da —YT Kidseko Gmail kontu berarekin hasi behar da saioa—. Bertan, euskarazko edukiak aukeratu behar dira banan-banan. Bideoak, kanalak zein erreprodukzio zerrendak izan daitezke. Partekatzeko erabili ohi diren eskuineko hiru puntuei sakatuta, eduki horiek haurrekin partekatzeko aukera dago. Horiek horrela, partekatutako eduki horiek soilik ikusi ahalko ditu haurrak.
Bestalde, YT Kids aplikazioan bertan kanal bateko bideo bakanak blokeatzeko aukera ere bada, horiek ikusterik ez bada nahi. Horretarako, eskuineko hiru puntuei eman, eta «blokeatu bideoa» aukera sakatu behar da. Erabiltzailea heldua delako egiaztapena eskatuko du aplikazioak, biderketa bat egiteko eskatuz. Gainera, ezarpenetan denbora muga bat ere ezar daiteke, bideoak zenbat minutuz ikus daitezkeen zehazteko.
Netflixen, azpidatziak euskaraz
Youtuben euskara entzun, eta Netflixen, berriz, irakurri. Zer Non Ikusi atariak Firefox bilatzailerako gehigarri bat sortu berri du: Netflix Euskaraz. Eusko Jaurlaritzak Open Data Euskadi atarian argitaraturiko azpidatziak automatikoki kargatzen ditu Netflixen.