Enpresak

Eusko Jaurlaritzak ITP Aeroren akzioen %6 erosi ditu

Finkatuz funtsari esker egin du erosketa, baina ez du esan zenbat ordaindu duen. Ordezkari bat izango du administrazio kontseiluan.

ITP Aero aeronautika enpresaren egoitza, Zamudioko parke teknologikoan. MIGUEL TOñA/EFE
aitor biain
2022ko urriaren 27a
12:29
Entzun

Eusko Jaurlaritza ITP Aeroren akziodun bilakatu da, Bain Capital egungo jabearekin akordioa eginda. Akzioen %6 bereganatu ditu Finkatuz funtsari esker, zeina Finantzen Euskal Kontseiluak kudeatzen duen. Ohar bidez jakinarazi duenez, helburua da aeronautika konpainia horren «industria eta enpresa proiektua bermatzea eta babestea». Dena dela, ez du esan zenbat ordaindu duen akzioen horiengatik.

Jaurlaritzak baieztatu du partaidetza horri esker ordezkari bat izango duela administrazio kontseiluan, aurrez behin eta birritan eskatu duen bezala, eta eskubidea izango du erabaki batzuetan eragiteko: besteak beste, enpresaren erroei eutsi ahal izateko. Horrekin batera, «industria proiektu bat sustatu» nahi du gobernuak, eta «kalitatezko» enplegua sortzen lagundu. Enpresak martxan duen hazkunde plan «anbiziotsua» ere babestu nahi du Jaurlaritzak, horrek erraztu egingo duelakoan inguruko enpresa txiki eta ertainekin izan dezakeen elkarlana.

Jakina zen lehendik ere Jaurlaritzak ITP Aeron sartu nahi zuela. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburuak iazko irailean azaldu zuenez, akordio baten aurrekoa egin zuten funtsarekin, eta 2022ko ekainera arteko epea hitzartu zuten hura behin betiko akordio egiteko.

Ez zen eman kopuru ofizialen berri, baina Jaurlaritza prest zegoen 60 milioi euroko inbertsioa egiteko, akzioen %3-4 bereganatuta. Beraz, baliteke Bain Capitali 90 milioi euro inguru ordaindu izana orain. AEBetako funtsarena da ITP Aero egun, hark erosi zion hegazkin turbinen enpresa Rolls Royceri 1.700 milioi euroren truke. 1.600 milioi euro ordaindu zizkion funtsak, eta beste ehun milioi ITPren kutxatik jaso zituen.

CAF aurrekari
Ez da Eusko Jaurlaritzak euskal enpresa baten partaidetza eskuratzen duen lehen aldia. Aurrez, Kaikuren %7 bereganatu zuen Finkatuz funtsaren bidez, eta, irailean, CAF konpainian zuen jabetza publikoa %1,76tik %3ra handitzea erabaki zuen. Izan ere, funtsa «euskal enpresa handien errotzea sustatzeko eta indartzeko» diseinatu zuen Gasteizko gobernuak. 160 milioi euroko kapital sozialarekin abiarazi zuten, baina Jaurlaritzaren borondatea da 300 milioi euroraino handituz joatea, eta, joan den urtearen hondarrean, 260 milioira iritsi zen. Hain zuzen, beste 60 milioi jarriko ditu datorren urteko aurrekontuen bidez.

Dena den, ez da ahaztu behar Finkatuz funtsa erabili gabe ere eskuratu duela partaidetza Jaurlaritzak Euskal Herriko enpresa handietan. Urtarrilean iragarri zuen Ulma taldean sartu zela, Finantzen Euskal Kontseiluaren bitartez. Mondragon taldeko kooperatiba talderik handienetako bat da Ulma, eta haren inbertsioen ataleko kooperatiban jarri zuen kapitala Jaurlaritzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.