Euskararen ezagutza

Hamarretik lau pasatxo dira gai euskaraz hitz egiteko Araba, Bizkai eta Gipuzkoan

Euskararen ezagutza Araban handitu da gehien azken hamarkadan, Eustaten arabera. 46 udalerritan, apaldu egin da euskara dakitenen proportzioa.

Jendea kalean, Donostian, atxiboko argazki batean. GORKA RUBIO / FOKU
Julen Aperribai.
2022ko urriaren 27a
11:32
Entzun

Euskaraz zerbait zekitenak biztanleen %62,4 ziren iaz Araba, Bizkai eta Gipuzkoan (1.349.808 lagun), baina «euskaraz ongi ulertu eta hitz egiten dutenak», ia 20 puntu gutxiago: %43,3 (936.812). 2 urtetik gorako herritarren euskararen ezagutza mailari buruzko datuak ezagutarazi ditu Eustat estatistika institutuak, erroldan oinarritutakoak. Azken hamarkadako bilakaera aztertu du, eta agerikoa da euskaraz dakitenen zenbatekoa gora doala, datuek berresten dutenez. Zortzi puntu handitu da 2011tik: %35,2tik %43,3ra. Euskaldunak eta ia euskaldunak bereizi ditu Eustatek, eta bigarren zakuan sartu ditu «ulermen ona edo hala moduzkoa dutenak» eta «zailtasunez hitz egiten dutenak». Horien proportzioa 6,5 puntu jaitsi da.

Azpikategoriak ere badira bakoitzaren barruan. Euskaldunen artean, 798.564 euskaldun alfabetatutak dira, eta 138.248 erdizka alfabetatuak edo alfabetatu gabeak. Ia-euskalduntzat hartutakoen artean ere badira desberdintasunak. Alfabetatutakoak 302.487 dira, alfabetatu gabeak 85.168, eta «pasiboak» 78.975. Lehen hizkuntza zein duten, hori ere jasota dago datuetan. %69,9k gaztelania dute lehen hizkuntza, eta %17,8k euskara. Biak batera jaso dituztenak %7,01 dira.

Herrialdeen araberako banaketari dagokionez, Gipuzkoan da handiena euskaldunen proportzioa (%57,5), Bizkaian ondoren (%37,9), eta Araban azkenik (%31). Hala ere, azken hori da gehien euskaldundu den herrialdea. Han 7,1 puntu handitu da euskaldunen proportzioa, Bizkaian (6,7 puntu) baino zertxobait gehiago, eta Gipuzkoan (4,3 puntu) baino nabarmen gehiago. Enkarterri da euskaldun kopurua gehien hazi den eskualdea (8,8 puntu), Bilbo Handiaren (7,6 puntu), Aiaraldearen (7,5 puntu) –Eustatek Arabako Kantaurialdea deitzen dio– eta Arabako Lautadaren (7,3 puntu) aurretik.

Euskaldunen kontzentraziorik handiena duen herrialdea Gipuzkoa da, baina, horrez gain, han daude herririk euskaldunenak ere. Hala ere, eta azken urteotan arnasguneen inguruan egindako ikerketen emaitzak berretsita, ezagutzaren igoerarik handiena ez da herri horietan izan. Herri koxkorretan eta hirietan izandako gorakada nabarmendu du Eustatek. Bost puntutik gorakoa izan da Zumarragan, Donostian, Pasaian eta Errenterian, adibidez.

Bizkaian, 26 udalerrik gainditzen dute euskaldunen %80ren atalasea. Han, 21 udalerritan egin du behera euskaldunen portzentajeak. Hazkunde handiena izan dutenen artean daude Enkarterrikoak.

Made with Flourish

Herrietako bilakaera ikustea lagungarria da ezagutzaren gorabeheren atzean dauden arrazoiak ulertzeko. Eustatek ez ditu herri guztietako bilakaeraren datuak eman, baina, 2016ko emaitzekin erkatuta, ikus daiteke euskaldun dentsitate handiko herri batzuetan moteldu edo jaitsi egin dela ezagutza. Denera, 46 herritan egin du behera euskaldunen proportzioak; hirutan ez da aldaketarik izan; eta gainerako 202 herrietan gora egin du. Eskualdeei erreparatuta, bakarrean egin du behera, gutxi bada ere: Eustatek Markina-Ondarroa deiturikoan. Adierazgarria da, kaleko erabileraren neurketaren arabera Lea-Artibai baita kalean euskara gehien entzuten den eskualdea.

Bilbon igoerarik handiena

Hiru hiriburuetan egin du gora euskaldunen proportzioak, baina gehien, Bilbon. 7,66 puntu igo da han, eta, gaur egun, 103.631 euskaldun bizi dira han, hiru hiriburuetako kopuru osoaren ia heren bat. Gasteizen heren bat inguru dira euskaldunak Eustaten arabera (72.778 lagun), eta 7,4 puntu igo da horien proportzioa. Donostian, berriz, 6,1 puntu hazi da, eta biztanleen erdiak baino gutxixeago dira euskaldunak (%46,7): 83.866 lagun.

Adinaren eta sexuaren arabera ere xehatu ditu datuak Eustatek, eta horiek berretsi egin dute azkenaldiko beste ikerketek euskararen ezagutzari eta erabilerari buruz esandakoa. Batetik, adinean behera egin ahala euskaldunen kopurua handiagoa dela. 15-19 adin tartean, esaterako, %87koa da euskaldunen proportzioa; 40-44 tartean, %38koa; eta 70-74 tartean, %22koa. Ikerketak erakusten du, bestetik, emakumeek ezagutza handiagoa dutela, baina aldea, argazki orokorrari erreparatuta behintzat, ez da handia, Eustaten arabera: emakumeen %43,4 dira euskaldunak, eta gizonezkoen %43,2.

Bestalde, erabilera datu orokorrak eratortzen ez badira ere, etxean zer hizkuntza darabilten jasota dago. Ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea nabarmena da horretan: %13k jarduten dute euskaraz, eta %71,5ek gaztelaniaz. Ia %12k bi hizkuntzak tartekatzen dituzte.

Euskara zenbat herritarren lehen hizkuntza den ere argitzen dute Eustaten datuek. %17,8rentzat soilik da lehen hizkuntza euskara. %69,9k gaztelania du lehen hizkuntza, eta %7k biak. Euskalduntzat jotakoen hizkuntza gaitasunetan aldaketak gertatzen ari direla iradoki lezakete datuek; hots, geroz eta gehiago direla euskaraz dakitenak, nahiz eta gazteleraz errazago moldatu. Eta, halaber, lotuta egon liteke hizkuntzaren transmisioarekin, eta horretan familiak pisua galtzearekin, eskolaren mesedetan.

Made with Flourish
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.