Enpresak

Siemens Gamesak salgai jarri ditu Asteasuko eta Mungiako lantegiak

Osagai batzuk ekoizteari utzi nahi dio enpresak, kostuak murrizteko. Eusko Jaurlaritzak eskatu dio kontuan har ditzala aurrena euskal enpresen eskaintzak.

Haize errota bat, artxiboko irudi batean. BERRIA
aitor biain
2022ko urriaren 27a
11:16
Entzun

Siemens Gamesak haize erroten osagai batzuk ekoizteari utziko dio, eta zerbitzu hori beste enpresa batzuen eskuetan utziko du. Hala, Eusko Jaurlaritzako iturriek baieztatu dutenez, orain arte pieza horiek egiten zituzten lantegiak salgai jarriko ditu; tartean, Asteasun (Gipuzkoan) eta Mungian (Bizkaia) dituenak. Gauza bera egingo du Espainian dituen beste sei lantegiekin ere. Asteasuko lantegian 250 beharginek egiten dute lan; Mungiakoan, 70 inguruk.

Hilabeteetan galerak izan ondoren, estrategia erabat aldatu eta enpresa berregituratzeko prozesua abiatu zuen urtearen hasieran Jochen Eickholt Siemens Gamesaren buruak. Prozesu horren harira, irailean jakinarazi zuen munduan 2.900 langile kaleratuko zituela, horietatik 475 Espainiako eta Euskal Herriko lantokietan. Gerora jakin denez, 475 horien artean bulegoetako langileak daude batez ere, Zamudion, Sarrigurenen (Iruñea, Nafarroa) eta Madrilen dituen egoitzetakoak.

Berregituraketa prozesu horren barruan kokatzen da, bada, osagaien ekoizpena ere kanpora ateratzeko erabakia. Enpresak ez du erabakiaren berri eman, baina, dirudienez, osagai horiek merkatuan aurki ditzake jada, eta, beraz, kostuak murriztu nahi ditu ekoizpena etenda. Edonola ere, Siemens Gamesak osagai horiek erosten jarraitzeko konpromisoarekin egingo lirateke salmentak, lantegien etorkizuna bermatu ahal izateko. Dena dela, prozesua azterketa fasean dago oraindik.

Siemens Gamesak ez du adierazpenik egin erabakiaren inguruan, baina Eusko Jaurlaritza jakinaren gainean dago. Are gehiago, Ekonomiaren Garapenerako sailburu Arantxa Tapiak enpresari eskatu dio entzun ditzala aurrena euskal enpresen eskaintzak, beste konpainia bati saldu baino lehen. Jaurlaritzak ez du jakinarazi enpresa horien izenik, baina zehaztu du jada hornitzaile duen enpresaren bat izan litekeela.

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuraren atarian egin ditu adierazpenak Tapiak; ez du «kezka» ezkutatu, baina nabarmendu du ez dela «enpresa itxiera bat, salmenta bat baizik». Sailburuak esan du asmo guztien berri eman diela enpresak, eta prozesu guztiaren berri badutela. Aurreko astean bildu ziren enpresako ordezkariak Jaurlaritzarekin, Gasteizen. Euskal enpresekiko «konpromisoa» azaldu zieten enpresako arduradunek bilera hartan.

Hiru urteko epea
Asteasuko lantegian urriaren hasieran egin zuten zuzendaritzarekin lan hitzarmena berritzeko akordioa, eta orduan jakin zuten langileek enpresaren asmoen berri. Mikel Irastorza langile batzordeko kideak (LAB) BERRIAri azaldu dionez, enpresak hiru urteko epea jarri du salmenta egiteko, eta urrian egindako akordioa jaso beharko luke. «Itunari esker lortu genuen lanpostuak, lan baldintzak eta lan karga bermatzea, eta, beraz, erosleak baldintza horiek errespetatu beharko lituzke, bost urtez gutxienez», esan du Irastorzak. «Lasaitasuna ematen digu horrek».

Erantsi du, hala ere, langileek nahiago dutela eroslea bertakoa izatea, eta hala jakinarazi zioten Eusko Jaurlaritzari ere. «Gamesa diru publikoarekin sortu zen; beraz, Jaurlaritzak arduradauka honetan guztian. Horregatik eskatu genion presio egiteko, eroslea industria proiektu bat duen euskal enpresa bat izan dadin, eta ez soilik etekinak hartuko dituen kanpoko beste edozein». Ikusteko dago oraindik, ordea, Siemens Gamesak salmenta hori nola egingo duen; hau da, enpresa guztiak batera salduko dituen ala zatika.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.