Frantziako arte garaikidean letra larriz idatzi den izena izan da Pierre Soulagesena. 1919an jaio zen, Rodez herrian (Okzitania), eta, batik bat, kolore beltzean eta argiak haren gainean sortzen dituen izpietan jarri zuen begirada bere margolanetan. Frantsesez outrenoir (beltzaz haraindikoa) izendatzen zuen kontzeptua erabiltzen zuen bere lanaz hitz egiteko, iluntasunean datzan argitasuna margotzen zuela azaltzeko. Pinturaz gain, eskultura eta grabatua ere landu zituen.
Abstrakzio lirikoan, informalismoan eta espresionismo abstraktuan kokatu izan du kritikak Soulagesen lana, baina ez zitzaizkion erosoak egiten margolariari etiketa horiek; outrenoir-aren kontzeptura itzultzen zen halakoetan.
Munduko hamaika herrialdetan erakutsi zuen bere lana, eta, halaber, haren izena daraman museo bat ireki zuten 2014an, haren jaioterrian. Azken erakusketa handia, bestalde, 100 urte bete zituen urtean eskaini zioten, Parisen, Louvre museoan: atzera begirako zabal bat izan zen, eta erakunde frantsesaren eskutik halako omenaldi bat jasotzen zuen hirugarren artista izan zen —Marc Chagallen eta Pablo Picassoren ondotik—.