«Ezinbestekoa da torturak Nafarroan izan duen eragina zabaltzea eta gertatutakoaren berri ematea. 1960tik 2012ra bitarte arrazoi politikoengatik Estatuko segurtasun indarrek eragindako tratu txar eta torturak ikertzea ezinbestekoa da», esan du elkarteko Jorge Txokarrok.
Prentsaurrekoan azaldu dutenez, gaian adituak diren estatu eta nazioarteko hizlariak egongo dira azaroaren 17ko konferentzian: Angel del Cura Anton, Olivier Peter, Helena Sola eta Santiago Bereziartua, besteak beste. Herritar guztiei irekitako hitzaldia izango dela esan dute elkartetik, eta interesa duten pertsonen parte hartzea sustatu nahi dute.
«Azken garaian torturatuen gaiak gure herrialdean itzaletik argira ateratzen lortzen ari gara», adierazi du elkarteko Ainara Gorostiagak, eta adibide gisa EHUko Kriminologiaren Euskal Institutuak abiarazi duen torturaren ikerketa aipatu du. Oraindik bide «luzea» dagoela esan du Gorostiagak, baina lurraldeko torturaren errealitateari buruzko argazki «osoagoa» sortzea da helburua: «Gizarteari eta etorkizuneko belaunaldiei zor diegu gertatutakoa argitzea, hori baita praktika hau desagerrarazteko modurik eraginkorrena».
Azaroaren 17rako konferentziaz gain, azaroaren 20an Santiago Bereziartuak, Argentinako Giza Eskubideen arloan adituak, hitzaldia emango du Iruñean. Argentinan diktaduran jasandako torturaren inguruan hitz egiteko 17:30ean Kondestable Jauregian egongo da.