Euskal selekzioak

Pilota eta surf selekzioek nazioartean lehiatzeko ituna egin dute Madrilen

Euskal selekzioek nazioartean jokatu ahal izateko baldintzak adostu dituzte, eta, oraingoz, bi kirol horiek betetzen dituzte. Halere, Espainiako Kirol Kontseilu Gorenak eta Nazioarteko federazioek izango dute azken hitza.

Munduko Euskal Pilota Txapelketan euskal selekzioaren ofizialtasuna eskatzeko agerraldia, urriaren 10ean, Durango. RAUL BOGAJO / FOKU
Julen Etxeberria.
2022ko urriaren 25a
18:18
Entzun

EAJk eta PSOEk ituna egin dute Kirolaren Legearen inguruan, eta, horretan, zehaztu egin dituzte selekzioek nazioartean ofizialki lehiatu ahal izateko bete beharreko baldintzak. Horien arabera, oraingoz, surf eta pilota selekzioek lortuko lukete baimena. Halere, Espainiako Kirol Kontseilu Gorenak eta Nazioarteko federazioek izango dute azken hitza.

Testuaren arabera, lurralde bateko selekzioak lehiatu ahalko dira nazioartean kirol horrek «sustrai historikoak baldin baditu lurralde horretan».

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak agerraldia egin dute, «gaur Madrilen onartu den Kirolaren Legean Euskal Taldeak sartu duen zuzenketak euskal selekzioen ofizialtasunaren mesederako ekarriko duena» azaltzeko. Ortuzarrek irakurri du emendakinaren testua, eta gogoratu du bi alderdien arteko inbestidura akordioan jaso zutela selekzioei bidea emateko puntua. «Gaurko akordioak erakusten du euskal selekzioen ofizialtasuna benetan aintzat hartzen duela EAJk. Balio erraldoia ematen dio zuzenketa hau onartu izanari». Surfeko Euskal Federazioa nazioartekoaren parte izan zen Espainiako Federazioa sortu aurretik, Ortuzarrek gogoratu duenez. Era berean, pilota Euskal Herrian sorturiko kirola dela, eta lurraldearen izena duela esan du. Horregatik, bi kirol horiek betetzen dute legeak eskatzen duena.

Beste kirolak akordiotik kanpo zergatik geratu diren azaltzerakoan, «gure asmoa kirol guztietara zabaltzea zen, baina ez dugu lortu kontsentsu minimo bat». Prozesua pausuz pausu egin behar dela adierazi du. «Gaur ospatzeko eguna da. Ni, behintzat, abertzale eta kirolzale gisa, pozik nago. Ospatzera goaz».

Haatik, adosturikoa «urrats txiki» bat dela esan du Mertxe Aizpuruak, EH Bilduko eleduna dena Espainiako Kongresuan. «Zergatik beste kirolak ez? Pilotan aritzeko euskal herritarrak izan gaitezke, eta futbolean jokatzeko ez?», galdetu du. Euskal selekzio guztien ofizialtasuna eskatu du EH Bilduk «salbuespenik gabe».

«Sekulako berria da»

«Oso-oso pozik nago. Urte asko eta asko egin ditugu hau lortzeko borrokan, eta lan nekaezin horren ondorioa da hau. Herriak egin du lana, eta herriaren lorpena da. Inork ez dezala bere gain hartu, etekina hartzeko», esan du Martxel Toledo Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeko (ESAIT) kide izandakoak. Pilotari ohia izanik, ezin du ezkutatu «ilusio berezia» egiten diola pilotan ofizialtasuna lortu izanak. Hala ere, zehaztu du ikusteko dagoela ea erabakiak zein ondorio izango dituen. Baina argi du: «Lehen urratsa da, urrats handia».

Toledoren arabera, akordioak agerian uzten du haiek «beti» nabarmendu zutena: «Arazoa ez zela juridikoa, politikoa baizik. Ados jarri dira politikariak legea aldatzeko, eta, horri esker, aukera hau izateko. Ez dakit nola, baina ospatzeko eguna da hau».

Pozarren mintzatu da Iera Agirre pilotaria ere. Hark irakurri zuen ofizialtasunaren aldeko agiria hilaren 12an Durangon egindako agerraldian (Bizkaia). «Ikusteko dago akordioak zein ondorio dituen, baita nola geratzen den nafarron egoera. Baina ikaragarria litzateke euskal selekzioa nazioartean ofizialki lehiatzea. Bizitza guztia daramagu hori eskatzen, gure kasuan, pilotan, eta sekulakoa litzateke asmo hori gauzatzea; ametsa betetzea litzateke. Egia esan, ez nuen itxaropen handirik; uste nuen ez zela posible izango. Iraganean indar handiagoa izan du selekzioaren aldeko aldarrikapenak, eta ez da asmo hori gauzatu. Baina, zorionez, orain iritsi da, eta oso pozik nago. Berri oso pozgarria da euskal gizartearentzat».

Aitortu duenez, aukera izan du Miarritzeko Munduko Txapelketan aritzeko, frontballean, baina sentimendua ez dela bera, eta, Espainiako selekzioak ez diela %100ean ordezkatzen. «Euskal selekzioak aukeratu izan banu Munduko Txapelketa jokatzeko, ez nuen zalantza egingo».

Kike Zurutuza Euskal Herria Kirola elkarteko ordezkariak, berriz, hiru puntuko balorazioa egin du. «Batetik, pozik gaude, urrats txikia edo handia izan arren, guk nahi dugun norabidean doalako. Baina bestetik, zuhurtziari eutsi nahi diogu. Ez dakigu zehazki zer dagoen akordio horren atzean. Askotan, eta batez ere, politikan, lerroburu handiak ematen dira, eta gero, ez dago ezer horren atzean. Ikusi nahi dugu zer dagoen akordioaren atzean. Azkenik, deia egin nahi diegu beste kirol federazioei, haiek ere ofizial izateko eskaera egin dezaten. Mahai gainean egon behar da eskaera hori, ekuazio politikoan sartu ahal izateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.