Aurrekontuak

Jaurlaritzak inoizko aurrekonturik handiena proposatu du: 14.250 milioi euro

Energia krisiari eta prezioen garestitzeari aurre egiteko laguntzak emango dizkie behar handiena duten familiei.

Pedro Azpiazu Ogasun sailburua, gaur, aurrekontuak aurkezten. ENDIKA PORTILLO/FOKU
aitor biain
2022ko urriaren 25a
15:43
Entzun

Pandemiaren ondorenarekin egin bezala, Ukrainako gerrak eta inflazio handiak eragindako koiuntura ekonomiko «nahasiari» ere baliabide guztiekin erantzun nahi die Eusko Jaurlaritzak. Inoiz baino diru gehiago gastatuko du datorren urteko aurrekontuetan: 14.250 milioi euro, aurten baino %8,7 gehiago (1.142 milioi euro). Izan ere, Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak uste du gobernuak baduela gaitasuna horretarako; batetik, zerga bilketa eta ekonomiaren bolada ona lagun dituelako; eta, bestetik, kontuak orekatzeko arauak beste urtebetez atzeratuta dauzkatelako eta Europako Next Generation funtsekin aparteko diru sarrera bat izango dutelako.

Horregatik, eta nazioartean zalantzaz betetako testuingurua izango dela espero den arren, sailburuak baikor begiratzen dio etorkizunari, eta uste du gai izango direla zerbitzu publikoei eusteko eta enplegua sortzeko. Zehazki, 2023an barne produktu gordina %2,1 handitzea espero dute, eta langabezia tasa %8,6ra jaistea, 12.000 lanpostu sortuta. Hori horrela, «erantzukizuna» eskatu die Vox ez beste alderdi guztiei, ahalik eta adostasun zabalena lortzeko, nahiz eta ez duten babesik behar aurrekontuak onartzeko. Aurrekontu proiektua ostiralean eramango dute Eusko Legebiltzarrera, eta abenduaren 23an bozkatuko dute.

Hitzartuz programa

Ohi bezala, hamar eurotik ia zortzi gizarte gastuetarako jarriko dira. Osasun eta Hezkuntza sailek hartuko dute aurrekontuaren zatirik handiena, eta bi horiek izango dituzte igoerarik handienak ere: %5,9 eta %7,5 gehiago, hurrenez hurren. Osakidetzak 202 milioi gehiago jasoko ditu datorren urtean, eta EHUk ia 23 milioi euro gehiago.

Lan eta Enplegu Sailak ere aurten baino 171 milioi gehiago izango ditu, eta aurrekonturik handiena duten sailetan hirugarrena izango da: 1.107 milioi denera. Horietatik 312 milioi DSBE diru sarrerak bermatzeko errentarako izango dira (%8,5 gehiago), eta 173 milioi bizitzeko gutxieneko diru sarrerarako. Etxebizitzarako laguntza osagarrirako 80 milioi euro ere jarriko dira. Lanbidek, berriz, 1.091 milioi euroko aurrekontua izango du.

Bestalde, inflazioaren eraginari eta prezioen garestitzeari aurre egiteko funts berezi bat ere onartu du Jaurlaritzak. Hitzartuz jarri dio izena, eta behar gehien dituzten familientzako laguntzak dira: 374 milioi euroko aurrekontua izango du guztira. Jaurlaritzak diru laguntzak emango dizkie berogailuaren fakturak ordaintzeko edota erosketak egin ahal izateko, besteak beste, baita etxebizitzetako leihoak aldatzeko ere. Jakiei dagokienez, Gurutze Gorriak kudeatuko du programa. Jada martxan daude neurri horietako batzuk, hain zuzen ere. Finantzen Euskal Kontseiluan aurreratutako errenta zergaren %2ko deflatazioa ere jasotzen du programak.

Inbertsioa eta berrikuntza

Jaurlaritzak inbertsioaren eta berrikuntzaren aldeko joera «berretsi» duela ere nabarmendu du sailburuak, %14 eta %12 igoko baitira horiei dagozkien diru sailak, hurrenez hurren. 1.800 milioi euro jarriko dira inbertsiorako, eta 658 milioi euro ikerketarako, garapenerako eta berrikuntzarako. Horiek hala, lehen halako hiru izango da AHTaren eta Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen lanetarako aurrekontua –135 milioi jasoko dituzte–, esaterako. Industriaren garapenak ere aurten baino 31 milioi gehiago izango ditu.

Langile publikoen soldata igoerari dagokionez, Jaurlaritzak bete egingo du Espainiako Gobernuak agindutakoa. Horrenbestez, %2,5 igoko ditu urtarrilaren 1ean, eta baliteke urtearen amaieran beste %1 igotzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.