«Zentsura» erabili da eta erabiltzen da EITBn, Maddalen Arzallusen bertso musikatuaren kasuan eta beste hainbatetan. Hala uste dute EITB Mediako enpresa batzordeek. Zentsurarik gabeko EITB «publiko eta plurala» eskatuko dute gaur arratsaldean EITBren Bilboko egoitzako atarian, eta, halaber, babesa agertuko diote Arzallusi. EITBren administrazio kontseiluaren bilera aprobetxatuz egingo dute protesta.
Izan ere, bertsolariarekin gertatutakoa da «azken adibidea», enpresa batzordeen esanetan. Urriaren 16an Arzallusek kartzelaldi luzeen gaineko gogoeta plazaratu zuen Euskadi Irratiko Faktoria saioan, musikatutako bertsoen bidez, Ion Parot euskal presoaren egoeratik abiatuta —32 urte egin ditu espetxean, eta baldintzapean aske dago egun—. EITBk kendu egin zuen bideoa webgunetik; zuzendaritzaren aginduz, erredakzio kontseiluen arabera. «Inork pentsatzen al du bideo hori webgunetik kenaraziko zutela gogoeta hori Ameriketako Estatu Batuetako heriotza korridorean dagoen preso baten harira egin izan balitz? Bistan da ezetz», salatu dute erredakzio kontseiluek, eta «nabarmena» dela bideoa «irizpide politikoen eta ideologikoen arabera» ezabatu zutela.
Gertakari horrek agerian utzi du, haien arabera, EITBn zentsura aplikatzen dela, baina, hala ere, zehaztu dute «hainbat modutan» egiten dela, sarritan baita kanpotik erraz antzematen ez direnetan ere. «EITBko medioetan ohikoa da Eusko Jaurlaritzari komeni ez zaizkion eta EAJren irudia kaltetu dezaketen albisteak ez ematea edota horiei ahalik eta denborarik gutxiena eskaintzea». Enpresa batzordeen arabera, hori gertatu da, besteak beste, De Miguel auziarekin, Alonsotegiko (Bizkaia) EAJko hiru alkate ohiri ustelkeriagatik eginiko inputazioarekin eta AHTren gaineko informazioarekin.
Horrez gain, ETBko hainbat programatan parte hartu duten gonbidatu, elkarrizketatu eta lehiakideak jantzita zeramatzaten kamisetak kentzera behartu izan dituztela ere azaldu du. Hala gertatu da, diotenez, Altsasukoak aske eta Independentzia leloa zeramaten batzuekin. Kontrara, beste zenbaitetan halakorik ez dela egin gehitu du; esaterako, Honoring Courage; Blue Lives Matter (Ohore adoreari; Bizitza Urdinek Axola Dute) leloa zeraman ertzainarekin.
Sinesgarritasun galera
EITBko komunikabideetako audientzia datuak onak ez direla ere gogorarazi dute enpresa batzordeek, eta, horren atzean «hainbat faktore» egon badaitezke ere, zentsurarekin zerikusia duela uste dute: «EITBk ez du irudi onik, ezta sinesgarritasunik ere, euskal gizartearen zati handi batentzat. Eta agerikoa da sinesgarritasuna galtzeak ez duela ekarriko ikus-entzuleen eta erabiltzaileen hazkundea».
EITBren zuzendaritzari dagokio, diotenez, norabidea aldatu eta «hausnarketa» hori egitea. Hala ere, aurreratu dute ez dutela «jarrera aldaketarik» espero: «Tamalez, ziur gaude EITBko zuzendaritzan erabakiak irizpide politikoen eta interes partidisten arabera hartuko direla aurrerantzean ere».
Aldekoaren erantzuna
Gaiaren inguruan egin dizkioten galderei erantzun die Andoni Aldekoa EITBko zuzendariak gaur, administrazio kontseiluan.
BERRIAk jakin duenez, Aldekoak argudiatu du Arzallusek urtebetean baino gehiagoan «normaltasunez» egin dituela Faktoria saioko ekarpenak. Horretan aireratzen dituen edukien erantzulea sortzailea dela nabarmendu du Aldekoak, eta 32 abestiari dagokionez ere hala dela. «Baina zuzeneko esku hartzea bideo formatura pasatzen denean eta edukia ezagutarazten denean, programaren eta Euskadi Irratiaren markak gehitzen direnean, hedabidearen webgunera igotzen denean, bideo nabarmen gisa sailkatzen denean eta programaren sare sozial guztietan zabaltzen denean, EITBk bere gain hartzen du eduki hori zabaltzeko erantzukizuna».
Aldekoak esan du Arzallus «askatasun osoz aritu» ahal izan zela. Haatik, «erakunde publiko honek egin behar ez duena da berea balitz bezala zabaldu elkarbizitzarekin duen konpromisoa irudikatzen ez duen eduki bat, defendatzen dituen balioetatik aldentzen dena».
Zuzendariaren arabera, abestiak, «Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa Egiteko Legearen printzipio eta artikuluen aurka egiten du, bai eta EITBk Euskadiren bizikidetzan lagundu dezakeen eragile izateko hartu duen konpromisoaren aurka ere».
Aldekoak onartu du berak hartu zuela abestia zentsuratzeko erabakia. «Jakin nuenean EITB eduki horren kontsumoa zabaltzen eta sustatzen ari zela bere webgunearen eta sare sozialen bidez, nik neuk hartu nuen hura erretiratzeko erabakia, Albistegi Zuzendaritzarekin batera. Eta nik neuk eskatu nien eduki digitalen arduradunei kentzeko».
Aldekoak esan duenez, bazekien erabakiak haserrea piztuko zuela, baina «euskal gizartearen beste zati bat bideoa zabaltzearen aurka» agertuko zela. «EITBren konpromiso etikoari, memoria eta bizikidetza esparruarekiko errespetuari eta arlo horretan hedabide publiko bati dagokion lanari guztiaren gainetik eustea» erabaki zuela gaineratu du.