Ardoa

Arabako Mahastiak jatorri izenaren sorreraren aurkako helegitea jarriko du Errioxako kontseilu arautzaileak

Jaurlaritzak eskaera onartzen ez badu EAEko Justizia Auzitegira joko duela ziurtatu du Errioxako kontseiluak.

Mahastiak, Bastidan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iker Aranburu.
2022ko urriaren 21a
14:38
Entzun

Kosta ahala kosta Arabako Mahastiak jatorri izenaren sorrera geratzen saiatzen ari da Errioxako ardoaren kontseilu arautzailea. Gaurko batzarrean ia aho batez eskatu du helegitea jartzea sor-marka berria behin-behinean onartu duen Eusko Jaurlaritzaren aginduaren aurka.

Kontrako boto bakarra izan da kontseilu arautzailearen bileran, ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteko ordezkariarena. Hura da, hain zuzen, bere bazkide batzuen izenean jatorri izenaren eskaera egin duena. Abstentziora jo dute Arabako beste bi ordezkarik, UAGA nekazarien sindikatukoak eta Araex upategi ertain batzuk biltzen dituen elkartea.

Errioxako kontseilu arautzaileak esan du Jaurlaritzak ez badu atzera egiten EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren administrazio atalera joko duela. Auzitegi horrek dagoeneko badauka gaia mahai gainean, 2021eko azaroan tramitazioa geratzeko eskaera egin zuelako Errioxak.

Batzarraren osteko agerraldian, Fernando Ezquerro Errioxako kontseiluko presidenteak ziurtatu du Arabako Mahastiak sortu nahi izateak kalte egiten diola bere sor-markaren irudiari, eta baliatu egiten duela hark lortutako ospea.

Euskal Autonomia Erkidegoko aldizkari ofizialak astearte goizean argitaratu zuen Arabako Mahastiak jatorri izena behin-behinean sortzen zuen agindua. Legea eskuetan, ABRAren eskaerari ezezko bat emateko inolako arrazoirik ez zuela argudiatu du Jaurlaritzak, bete beharreko tramite bat zela Europako Batasunak sor-marka eratzeko eskaera ofiziala aztertzen duen bitartean. Bruselaren baiezkoa edo ezezkoa heldu artean —urte batzuk iraun ohi duen prozesua da— behin-behinean marka berria erabiltzeko eskubidea izango dute Arabako ardogileek. Edonola ere, 2023an ez da marka propiorik izango, mahatsa jada bilduta eta ardoa egiteko prozesua hasita dagoenean iritsi delako baimena.

Jaurlaritzak errespetua eskatu du

Errioxatik jasotako kritika gogorrak ikusita, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburuak errespetua eskatu zuen ostegunean Errioxa utzi eta marka propioa sortu nahi duten upategientzat, eta nabarmendu zuen borondatezkoa dela sor-marka berriarekin bat egitea. Jaurlaritzak hauturik ez duela egiten eta bi jatorri izenak babesten dituela ere esan zuen Tapiak.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak (EAJ) aitortu du egitasmoa ez duela erabat gustuko, «errespetatzen» duen arren, eta gaineratu du aldundiak nahiago duela Errioxa deituraren babespean legokeen marka bereizi bat sortzea, haren ustez horrek «borondate handiagoa» biltzen duelako. EAJ saiatu zen horretan, iazko udazkenean, baina Espainiako Kongresuan egindako eskaera atzera bota zuten jeltzaleek, ikusita ez zutela nahikoa babesik.

Errioxan eztabaida politikoaren erdigunean kokatu da Arabako Mahastiak jatorri izena, eta alderdi politikoak lehian aritu ohi dira nork jarrera gogorragoa erakutsi. «Sezesionismoa» egozten diete marka propioaren bultzatzaileei, eta Errioxa bakar bat dagoela aldarrikatu dute.

Sor-markaren inguruko eztabaida politikoa bareagoa da Araban, baina alderdi politikoak ere ari dira beren jarrera erakusten. PP hasieratik azaldu da aurka, eta PSE-EEk aste honetan esan du «arduragabekeria» bat dela. EAJn ez da iritzi bateraturik —uzkur Gonzalez, abegikorrago Tapia—, eta EH Bildu da argi eta garbi ardogileen egitasmoa babestu duen bakarra.

Bost izen dagoeneko

Ikusteko dago zehazki zenbat upeltegik utziko duten Errioxa. Bultzatzaileen iturriekBERRIAri esan diote hamabosten bat daudela Arabako Mahastietan sartzeko prest, baina publikoki hori esan duen bakarra Itxaso Compañon da, El Mozo Wines upeltegiko nagusia eta ABRA batasuneko oraingo burua. «Nik Errioxa jatorri izena utziko dut; zama bat da niretzat», esan zion BERRIAri, iazko abenduan.

Compañon bera izango da Arabako Mahastiak sor-markako behin-behineko zuzendaritzan, eta haren ondoan izango dira ABRAko buruzagitzan orain edo aurretik izandako jendea: Emilio Aguillo (Solar de Ayala, Paganos), Eva Fernandez Jalon (Maisulan, Elvillar), Norberto Miguel Aguillo (Laukote, Guardia) eta Gabriel Frias del Val (Hermanos Frias del Val, Villabuena). Uler daitekeenez, haien upeltegiak ere Arabako Mahastiak sor-markan sartuko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.