Ostalaritza

Diskriminaziotik interpretaziora

Beste toki askotan bezala, Gipuzkoan ere ugaritzen ari dira helduentzako soilik diren hotel, nekazaritza turismo, pentsio eta jatetxeak. EAEko Turismo Legea oinarritzat hartuta, diskriminazio zantzuak egon daitezke, baina gaiaren inguruko zalantza asko dago aditu batzuen artean. Helduentzako soilik egokituta dauzkate Eibarko Sosola nekazaritza etxea eta Mutrikuko Arbe hotela. Gisasolak, Sosolaren jabeak, hasieratik hartu zuen erabakia; hotela ireki eta bi urtera Iñaki Arinek, Arberen jabeak.

jarraia219762.jpg
unai zubeldia
2022ko urriaren 21a
11:47
Entzun

Galdera egin, eta “diskriminazioa da” erantzun dute askok. Legezkoa ote da jatetxe, hotel, ostatu eta nekazaritza etxeetan haurrik ez onartzea? Beste hainbat tokitan bezala, Gipuzkoan ere ugaritzen ari da joera hori, eta ezinegona nabari da hainbat sektoretan. “‘Haurrak’ jartzen duen tokian ‘beltzak’ edo ‘emakumeak’ jarriz gero, ziurrenik ez genuke eztabaidarik izango hori diskriminazioa dela esatean. Beraz, zergatik onartzen dugu bereizketa hori haurren kasuan? Legez kanpokoa da”. Nahia Alkorta Sabeletik Mundura proiektuaren sortzailearen hitzak dira. “Espainiako Estatuan legeak oso zehatz adierazten du zein kasutan debekatu daitekeen sarrera adinagatik: apustu lokaletan eta prostituzio etxeetan”.

Irati Aizpurua abokatuak azaldu du hotelen kasuan EAEko Turismo Legea hartu behar dela aintzat; 14.d artikulua, turismo erabiltzaileen eskubideei dagokiena, eta 15.1 artikulua, establezimenduetan sartzeko eskubideari dagokiona. “Lehenak argi esaten du denek dutela eskubidea establezimenduetan sartzeko eta egoteko, diskriminaziorik egin gabe jaiotza, arraza, sexu, desgaitasun, erlijio, iritzi edo beste egoera pertsonal edo sozialengatik”. Bigarrenak, berriz, “argi” zehazten du “lokal publikoak” direla. “Eta inori ezin zaio galarazi haietan sartzea arraza, sexu, erlijio, iritzi edo desgaitasunagatik, edota diskriminazioa eragin lezakeen beste edozein egoera pertsonal edo sozialengatik”.

Zirrikitu batzuk badaude

Bi lege horietan, adina ez da aipatzen espresuki. “Baina ‘diskriminazioa eragin dezakeen beste edozein egoera pertsonal’ horren barruan legoke adina ere”. Bi artikuluak oinarritzat hartuta, abokatuak ez dauka zalantzarik: “Diskriminazio egoera batean leudeke haurrak; establezimenduek ezingo lukete debekatu sarrera”.

Zirrikitu batzuk badaude, ordea, abokatuaren esanetan: “Kasu batzuetan, establezimenduek ez dute argi esaten haurrak sartu ezin direnik, baina helduentzako soilik den publizitatea egiten dute, edo zehazten dute ez daukatela ez, sehaskarik, ez otorduetarako haurren aulkirik, ezer egokituta ez daukatela ulertaraziz”. Aizpuruaren ustez, “mugan” legoke Adults only edo Helduak bakarrik dioen kartela jartzea. Aizpuruak gogoratu du kexak eta erreklamazioak jartzeko eskubidea ere aitortzen diola legeak herritarrari. “Kontsumobidera bideratu behar dira kexa horiek”.

Maider Garcia de Vicuña psikologo eta sexologoak ez du ulertzen gaiaren inguruko eztabaida. “Uste dut negozio bakoitzak aukeratu dezakeela bere publikoa zein den, zein pertsona sartzea nahi duen eta zein giro sortu nahi duen. Errespetagarria da”. Ama da Garcia de Vicuña, eta bi seme dauzka. “Baina uste dut ez nintzatekeela haserretuko taberna batera joan eta esango balidate umeekin ezin dudala sartu. Ulertzen dut jendeak beste giro bat nahi izatea”.

Oso bestelako iritzia dauka Amelia Barquinek, Mondragon Unibertsitateko irakasleak: “Erabat desegokia da haurrei sarbidea mugatzea eta galaraztea; ilegala izan beharko luke”. Barquinen ustez, haurrek, azkenean, “gainerako kolektiboek baino eskubide gutxiago” dituztela defendatzen dute batzuek. “Baina, agian, haurrik nahi ez duten herritar horiei baldintza zehatz batzuk bermatzea da irtenbidea, eta ez kolektibo bati sarrera ukatzea”.

Haurrek, eskubiderik bai?

Lander Juaristi Gurasoak.eus atariaren koordinatzaileak ez dauka zalantzarik: ez da zilegi. “Honen atzean dagoen benetako eztabaida da ea haurrak ikusten ditugun eskubidedun pertsona gisa edo ez. Hor dago gakoa”. Haren ustez, “ez da zilegi negozioaren eta merkatuaren izenean” eskubideen kasuan “ezikusiarena egitea”.

Jone Zalduegi Emoki elkarteko koordinatzaile eta hezitzaileak zehaztu du espazio batzuk “agian” ez direla aproposenak haurrentzat. “Substantzia batzuk dauden inguruak, esaterako. Kasu horietan, neurria ez da debeku moduan ikusi behar akaso, babes gisa baizik”.

Ane Ablanedo irakasleak eta pedagogia berritzaileen formatzaileak uste du “helduzentrismoa” nabarmentzen ari dela gizartean. “Erabateko autonomia nahi dugu, mendekotasunik gabea… Horrelako eredu bat sortu dugu, eta haurrek eta zaharrek molestatu egiten gaituzte. Heldu izateko modu zehatz bat hobesten dugu”. Hori bai, “helduzentrismo” hori salatuta ere, Ablanedok ez du uste arazorik dagoenik haurrik gabeko toki batzuk bermatzeko. “Hori, berez, ez da txarra, ez da haurrak ukatzea. Denentzako moduko gizarte bat eraikitzen saiatu beharko genuke”.

Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak ez du eman nahi izan iritzirik, elkarte modura gaia ez daukatelako jorratuta eta ez dutelako izaten elkarteko kideen arteko ezberdintasunen berri.

Izaerak eta merkatuak bideratuta

Duela hogei urte ireki zituen ateak Eibarko Sosola nekazaritza etxeak. Lau gela dauzka, eta hamar lagunentzako tokia dago gehienez. Hasieratik, «helduentzako bakarrik» egokituta dauka etxea Esther Gisasolak, Sosolaren jabeak. «Kalitatea bermatzearen aldeko apustua egin genuen guk; dena modu ekologikoan lantzen dugu eta arreta berezia eskaintzen diegu bertaratzen direnei; jende mota jakin batentzat aritzen gara lanean». Gisasolak kontatu du hasieratik atzerritarrak izan dituela gehienean etxean. «Alemanak, ingelesak, israeldarrak, frantziarrak… Inguruko enpresetara lanera etortzen direnak; egonaldi motzak izaten dira normalean». Errealitate hori ikusita erabaki zuen helduentzako eskaintzarekin aurrera jarraitzea.

12283052

Iñaki Arinek eta Itziar Sukiak, berriz, 2008an jarri zuten martxan Mutrikuko Arbe hotela. «Familiak etortzen ziren hasieran, eta, normala den bezala, umeek jolas egiten zuten hotelean bertan, zarata ateratzen zuten, korrika ibiltzen ziren… Kexak jasotzen hasi ginen pixkanaka, eta neurriak hartu genituen», azaldu du Arinek. 2010ean erabaki zuten 18 urtetik gorakoentzako hotela izango zela eurena. Gaur egun, 11 gela dauzka Arbek. «Hotel txikia da gurea».

12283058

Hainbat gurasok umeekin joan nahi dutela esanez deitzen diotenean, Gisasolak argi esaten die etxea ez dagoela eurentzat egokituta. «Eta ez dugu arazorik izaten; inoiz ez dugu jaso kexarik». Sosolaren jabeak esan du «portzelanazko gauzak-eta» dauzkatela etxean. «Eta umeak ez dira ondo moldatzen horrelakoetan».

Mutrikuko Arbe hotelaren jabeari ere oraindik ere deitzen diote haurrak dauzkaten familiek. «Pena hartzen dute umeekin ezin direla etorri esaten diegunean, baina erabaki hori hartuta daukagu eta ez dago atzera bueltarik. Nik ez ditut behartuko gurera etortzera; aukera gehiago ere badaude inguruan».

Arbe hotelera, normalean, Euskal Herritik joaten zaizkie bisitariak. «Bereziki, Ipar Euskal Herritik etortzen zaizkigu asko. Bikoteak izaten dira normalean, eta baita lantokietako komertzialak edo ordezkariak ere». Gaur egun, gosaria eta loa eskaintzen dute hotel horretan. «Eta gero eta gehiago erabiltzen ari dira bilera gela ere; denborarekin egokitu genuen gela hori».

Azken bi urte eta erdi hauetan COVID-19ak eragindako pandemiaren eraginez, gauzak «asko» zaildu zaizkiela adierazi du Gisasolak. «Azken bizpahiru urteotan aldatu egin da merkatua, eta Espainia aldetik deiak jasotzen ari gara, gazte taldeek etxe guztia hartzeko. Baina monumentu historikoa da etxe hau, eta gure eskaintza ez dago horra bideratuta». Umeen aurka «ezer» ez daukala ziurtatu du Sosolaren jabeak. «Andereñoa izan naiz urte askoan, baina haurrak gure etxean ez dira ondo moldatuko. Haurrak dauzkaten gurasoak ere etorri izan dira erlaxatzera, eta umeen aurka al daude horiek ere? Tontakeriak dira horiek».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.